ERREGAI FOSILAK EZ UGARITZEKO ITUNAREN INIZIATIBAKO KIDEA

Andres Gomez: «Ez da petrolio, ikatz eta gas proiektu gehiagorik behar»

Itunaren aldeko iniziatibak «erregai fosilen eskaintzari» heltzeko asmoa duela zehaztu du Gomezek, eta eredutzat jarri du Kolonbiak egindakoa, herrialde horrek utzi egin baitio esplorazio eta ustiaketa kontratu berriak emateari.

Andres Gomez 2022an, Egipton egindako COP27 bilkuran. FRIENDS OF EARTH
Andres Gomez 2022an, Egipton egindako COP27 bilkuran. FRIENDS OF EARTH
inaut matauko rada
2026ko apirilaren 26a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

XX. mendean arma nuklearrekin egin zen bideari segika eta ikusita erregai fosilen erabilera murriztu beharra zegoela, 2020an hainbat diplomazialarik eta ekintzailek martxan jarri zuten  Erregai Fosilak Ez Ugaritzeko Ituna bultzatzen duen iniziatiba; hartako kide da Andres Gomez ikertzailea (Medellin, Kolonbia, 1976), eta uste du Santa Martan (Kolonbia) erregai fosilen etorkizunari buruz egiten ari diren konferentziak modua emango duela nazioarteko eztabaidetan aurrerapauso bat emateko.

Nondik dator ituna egiteko iniziatiba?

Petrolioaren kontrako borroka globalaren hastapenetara egin beharko genuke atzera. Petrolioaren ustiapenak kalte egindako lurraldeetan hasi zen borroka; horren adibide da Nigerko ogoni etniako kideek Shell enpresaren kontra egin zutena, baita Kolonbiako u’wa indigenek eta Ekuadorko waoraniek petrolio enpresa batzuen kontra egin duten borroka. Ozeano Barearen hegoaldeko herrialdeen borroka ere erreferentzia handia da, klima larrialdiari aurre egiteko erregai fosilak debekatzea ere proposatzen ari baitira. Eta mugimendu horietatik abiatuta sortu zen iniziatiba, non Hegoalde Globaleko erakunde askok parte hartzen duten, estrategia garbi batekin: presioa egitea nazioarteko eztabaida multilateraletan.

Atzean geratzen ari al da erregai fosilak amaitu nahi hori?

Kyotoko Protokoloa eta Parisko Akordioak klima larrialdiaren gaiari heltzen saiatzen dira erregai fosilen erabilera heldulekutzat hartuta, baina ez da izan espero bezalako emaitzarik; horregatik, proposamena da Parisko Ituna osatuko duen nazioarteko itun bat egitea, erregai fosilaren eskaintzari buruzkoa, eta ez eskariari buruzkoa, Parisko Akordioetan bezala. Bide horretan, helburua da tresna lotesle bat izatea, erronkari azkar helduko diona.

Beraz, esan daiteke klima larrialdiaren kontrako borroka globalean beste urrats bat egiteko ekinaldi bat dela?

Bai, batez ere Parisko Akordioak osatzekoa, guztiz beharrezkoa baita erregai fosilen eskaintzaren gaiari aurre egitea, bereziki gaur egun, ikusten ari baikara egoera okerrera egiten ari dela.

«Proposamena da Parisko Ituna osatuko duen nazioarteko itun bat egitea, erregai fosilaren eskaintzari buruzkoa, ez eskariari buruzkoa»

Zeintzuk dira itunaren oinarriak?

Hiru zutabetan oinarritzen da osatu nahi dugun ituna. Ez zabaltzeari buruzkoa da lehena: ez da petrolio, ikatz eta gas proiektu gehiagorik behar, zientziak ondo demostratu duen moduan. Bigarrena, berriz, petrolio ustiapena modu ekitatibo batean uzteari dagokio, eta horrek inplikazio asko ditu, esan nahi baitu petrolio ustiapenak sortutako kalteei heldu beharko zaiela. Eta hirugarren zutabea trantsizio justu bat egitea da, eta nahi eta nahi ez aurre egin beharko diegu hainbat konturi: esaterako, kontuan hartu behar da zorrak galarazi egiten diola Hegoalde Globalari trantsizioa egitea.

Baina ituna ez da existitzen, ezta?

Ez, eta ekinaldiaren helburua da halako itun bat garatzea; lehenik, babes publiko handi bat lortzea da asmoa, eta, horren ostean, negoziazio prozesuetan sartzea, bizitza arriskuan jartzen duten beste hainbat arazorekin egin den moduan: arma nuklearrak, pertsonen kontrako minak...

Uste duzu posible dela itun bat lortzea?

Itun bat onartzeko bi bide har daitezke: bata, Nazio Batuena. Plastikoei buruzko ituna bide horretan dago gaur egun, baina petrolio enpresen interesek blokeatua dute. Eta beste bidea anbizio handia duten herrialdeekin lotuta dago; hau da, ez da itun bat sinatzea, baizik eta eraikitzea. Egun hemezortzi herrialdek parte hartzen dute ekinaldian. Orain, konferentziak garrantzitsuak dira, eta Santa Martan egingo dena funtsezkoa izango da. Espero dugu bertaratuko diren herrialdeek adierazpen bat onartzea, erregai fosilei buruzko itun bat bultzatu ahal izateko.

Zer herrialde dira orain ekinaldiaren parte?

Ozeano Barearen hegoaldekoak dira hamabi, baina askotariko herrialdeak daude, besteak beste Pakistan, herrialde erraldoi bat, alegia, eta baita Antigua eta Barbuda ere. Kolonbia ere tartean dago, eta azpimarratzekoa da hori, herrialdeak ehun urte baitaramatza petrolioa ustiatzen, eta petrolio eta ikatz esportazioen oso menpekoa baita. Nahiz eta menpeko izan, ulertzen du bide kolektibo bati heldu behar zaiola, multilateralismoaren ikuspegitik.

«Munduko petrolio hobi ia guztien ekoizpen tasa murrizten ari da, eta, egungo kontsumoari eusteko, bilioika dolarreko inbertsioak beharko lirateke»

Klima larrialdiaz asko hitz egiten du Gustavo Petroren gobernuak, baina nabari al da hori klima ekintzaren aferan?

Badaude emaitza konkretuak, bai. Esan bezala, itunaren oinarrietako bat da erregaiak erauzteko proiektuak ez ugaritzea. Eta Kolonbian, oso interesgarria da ikustea nola Petroren gobernua lanean hasi zenetik ez den esplorazio eta ustiaketa kontratu berririk eman. Eta politika hori elementu garrantzitsua da eskuineko sektoreen narratiban, esaten ari baitira Kolonbia energia krisi betean dagoela eta hori politika horrengatik gertatu dela. Baina errealitateak beste gauza batzuk erakusten ditu: Kolonbia ez da petrolio herrialde bat, azken 30 urteetako esplorazioen emaitzak barregarriak dira eta; beraz, datuek beste zerbait erakusten digute.

Ikusi dugu, halaber, lehenbizikoz meatzaritzaren eta energiaren arloko esportazioak urriagoak izan direla beste arloetakoak baino. Hori dela eta, Kolonbiako beste ekonomia sektore batzuk hazten ari dira, batez ere politika jakin batzuei esker, eta hori bera da itunaren helburua Kolonbiarentzat eta haren moduko herrialdeentzat.

Nazioartean, ordea, ugaritzen ari dira esplorazioak eta hobiak. Nola interpretatzen duzue hori?

Egoera geopolitikoa oso konplexua da. Horren erakusgarri da AEBak Venezuelan eta Iranen egiten ari direnak zer-nolako eragina duen nazioarteko merkatuetan. Gertakari horiek errealitate global baten kontrako erreakzioa dira: munduko petrolio hobi ia guztien ekoizpen tasa murrizten ari da, eta, egungo kontsumoari eusteko, bilioika dolarreko inbertsioak beharko lirateke. Industria gain behera doala erakusten digu horrek.

Nola ikusten dituzu klima arloko nazioarteko hizketaldiak egun?

Klima arloko eztabaiden aurrerapenak oso motelak izan dira; erregai fosilei eta trantsizioari 2023an egin zitzaien aipamena lehenengoz. Dena herrialdeen plan ez-lotesleetan oinarrituta dago, eta erregaien eskariari begiratzen zaio soilik, ez eskaintzari. Hortik dator hein handi batean konferentzia hau antolatzeko nahia, Parisko Akordioa osatu dadin. Eskaintzaren aferari heldu behar zaio.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA