Venezuelan asteon izandako lurrikaren ondorioz hildakoen kopuruak gora egiten segitzen du. Atzo, Venezuelako Parlamentuko presidente Jorge Rodriguezek TVT telebista nazionalean egindako agerraldi batean jakinarazi zuenez, jada 1.430 dira baieztatutako hildakoak. Gainera, 3.300 zauritu baino gehiago daudela gaineratu zuen, eta, NBE Nazio Batuen Erakundearen estimazioen arabera, 50.000 inguru izan daitezke desagertuta daudenak. Desagertuen artean gutxienez bi euskal herritar daude.
Asteazkenean Richter eskalako 7,2 graduko lurrikara bat eta 7,5eko beste bat izan ziren Venezuelan; iparraldeko La Guaira estatuan eta Caracas hiriburuan jo zuten gogorren. Agustin Otxotorena Venezuelan bizi den euskal herritarrak atzo BERRIAri azaldu zionez, Caracasen «normaltasunera» itzultzen ari dira pixkanaka, baina La Guaira suntsituta dago. Horregatik, Rodriguezek La Guairara ez joateko eskatu die herritarrei, erreskate taldeen eta makineriaren sarbidea oztopatu ez dezaten.
Parlamentuko presidenteak gaineratu duenez, 30.000 langile baino gehiago ari dira lurrikaren ondorioak arintzeko lanetan: poliziak, suhiltzaileak, militarrak, erreskate taldeetako langileak, medikuak, psikologoak... Gainera, nazioartetik ere erreskate talde ugari iritsi dira azken egunetan; gaur, gutxienez 1.600 erreskate langile.