Erresuma Batua aldatzea lortu ez duen laborista

Starmerrek bi urte egin ditu lehen ministro karguan; kontserbadoreen agintaldien bolada eten zuen 2024ko hauteskunde orokorren ostean. Laboristen gainbeherak, alderdikideen presioak eta ‘Epstein auziak’, besteak beste, kolokan jarri dute haren aginpidea.

Keir Starmer Londresen, ekainaren 14an. ANDY RAIN / EFE
Keir Starmer Londresen, ekainaren 14an. ANDY RAIN / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko ekainaren 22a
11:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Keir Starmerrek (Southwark, Londres, 1962) «aldaketak» iragarri zituen Erresuma Batuko lehen ministro kargua hartu zuenean, 2024ko uztailean, hauteskundeetan gehiengo oso historikoa lortu ondoren. Baina bi urte geroago, herritarrek leporatu izan diote hitzemandako aldaketa horiek gerorako uzten ari zela: itxaron zerrendak osasungintzan, erosahalmena, etxebizitzen eraikuntza... Hainbat alderdikide ere ez daude kontent, ikusita Alderdi Laboristak zer-nolako kolpea jaso zuen maiatzeko udal hauteskundeetan. Azkenerako, etsi egin du, eta dimisioa eman.

Giza eskubideen aldeko abokatua da Starmer, eta Erresuma Batuko Fiskaltza zuzendu zuen 2008tik 2013ra. Handik bi urtera heldu zen Komunen Ganberara, 2015ean egindako hauteskunde orokorren ostean; tradizio laboristako Londres Handiko Holborn eta St. Pancras hauteskunde barrutiko eserlekua eskuratzeko lehiatu zen.

Alderdikideek duela sei urte aukeratu zuten laboristen buru, eta lekukoa hartu zion Jeremy Corbyni, zeinarekin ia mende batean izandako porrotik handiena jasan zuen Alderdi Laboristak 2019ko hauteskunde orokorretan. Lehen ministro kargua hartu zuenean bezala, Alderdi Laboristako buruzagitzara heldu zenean ere aldaketaren ideia saldu zuen Starmerrek: Corbyn ezkertiarraren aldean jarrera moderatuagoa, eta askoz europazaleagoa. Aintzat hartzekoa da 2016ko brexit-ari buruzko erreferendumaren ondoren auzi horretaz arduratu zela oposizioan, eta haren presioen ondorioz hartu zutela laboristek bigarren erreferenduma egitearen aldeko jarrera —azkenean ez zen halakorik izan—.

Dibortziorako itun hori 2020an indarrean sartu zenetik lehenbizikoz, Erresuma Batuaren eta EB Europako Batasunaren arteko harremana berrezartzeko akordioa sinatu zuten bi aldeek iazko maiatzean, eta, dimisioa eman baino lehen, maiatzaren 11n, Starmerrek ildo horri jarraitzeko asmoa erakutsi zuen, herrialdea «norabide berri baterantz» begira jartzeko, «komertzio, ekonomia, defentsa eta segurtasun» gaietan EBra «gerturatzeko».

Starmerrek bere kabinetea aldatu zuen iazko irailean, Angela Rayner lehen ministroaren bigarrenak dimisioa eman eta gero —aitortu zuen pisu bat erostean ez zituela ordaindu zegozkion zergak—. Horrez gain, Epstein auziak ere kolokan jarri zuen Starmerren agintaritza. Laboristen buruak berak izendatu zuen Peter Mandelson Erresuma Batuaren Ameriketako Estatu Batuetako enbaxadorea izan zedin, eta iazko otsailean hartu zuen kargua. Irailean, ordea, kargugabetu egin zuten, Jeffrey Epstein pederasta eta negozio gizona zenaren dokumentuetan agertu baitzen haren izena.

The Guardian egunkariak apirilean kaleratu zuenez, Mandelsonek ez zuen gainditu gobernuko departamentu batek aurrez egin zion azterketa; Atzerri Ministerioko idazkari batek atzera bota zuen txosten hori, eta enbaxadore izendatzeko prozesuari eutsi zion —idazkari horrek kargua utzi zuen apirilean—. Gainera, otsailean, Starmerren kabineteburu Morgan McSweeneyk ere dimisioa eman zuen, hark gomendatu baitzuen Mandelson enbaxadore kargu horretarako; halaber, orain arte lehen ministro izan denak esan zuen Mandelsoni egin zioten azterketan «gezurra behin eta berriz» esan zuela Epsteinekin izan zuen harremanari buruz.

Alderdi Laboristak izandako gainbeheraren ardura bere gain hartuagatik ere, Starmerrek azken egunotan esana zuen gobernatzen jarraituko zuela, argudiatuta legegintzaldia amaitzeko hiru urte geratzen direla oraindik, eta iritzita badela nahikoa denbora agintaldia onbideratzeko. Bada, hemendik aurrera laboristek jarraituko dute agintean, bai, baina beste lider baten gidaritzapean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA