ERRESUMA BATUA

Atea ireki diote Assangek Erresuma Batuan beste helegite bat jartzeari

AEBetako Gobernuak ez badio bermatzen Erresuma Batuko Auzitegi Nagusiari kazetaria estraditatua izanez gero epaiketa justu bat edukiko duela, defentsak helegitea jarri ahal izango du.

(ID_13736926) BRITAIN JULIAN ASSANGE EXTRADITION
Assangeren bandera bat, gaur, Londresen, Erresuma Batuko Auzitegi Nagusiaren kanpoaldean. NEIL HALL / EFE
Igor Susaeta.
2024ko martxoaren 26a
11:30
Entzun

Erresuma Batuko Auzitegi Nagusiak ebatzi du Julian Assange AEB Ameriketako Estatu Batuetara ez estraditatzea espioitza egotzita. Behin-behineko erabakia da. Gaur kaleratutako ebazpenaren arabera, AEBetako Gobernuak argitu ezean zer bide egingo lukeen kasuak estradizioa gauzatuz gero, kazetariak beste helegite bat aurkeztu ahal izango du. Estraditatua izanez gero, Wikileaks sarearen sortzaileari 175 urteko zigorra ezar diezaiokete agiri diplomatikoen filtrazioa bultzatzea eta horiek kaleratzea leporatuta.

Auzitegi horrek epe gehigarri bat eman die AEBei «bermeak» aurkezteko. Hau da, Assangek epaiketa justu bat edukiko duela eta ez diotela heriotza zigorra ezarriko; eta AEBetako Konstituzioaren lehen zuzenketa errespetatuko duela, prentsa askatasuna aldarrikatzen duena, alegia. Wikileaksek hori jakinarazi du, X sare sozialean ebazpenaren zati bat kaleratuz. Auzitegiak bermerik jasotzen ez badu, helegitea jartzeko moduan egongo da Assangeren defentsa. Auzitegiko areto horretako presidente Victoria Sharpek eta Jeremy Johnson magistratuak apirilaren 16ra arteko epea eman diete AEBei bermeak aurkezteko. Ez badute halakorik egiten, beste auzi saio bat egitekoak dira maiatzaren 20an.

Erresuma Batuko Gobernuak 2022an onartu zuen Assange estraditatzea. Aurreko otsailean auzi saio bat egin zuten, eta defentsak bederatzi argudio planteatu zituen estradizioa eteteko. Gaur argitaratutako epaia aintzat hartuta, epaileek horietako hiru onartu dituzte. Defentsak leporatzen dio AEBetako Gobernuari «arrazoi politikoek» bultzatu dutela prozesua. Washingtonek, ordea, ukatu egiten du hori. Espioitza Legeak jasotakoa oinarri hartuta —1917koa da—, AEBetako Fiskaltzak hamazazpi deliturengatik inputatu nahi du.

Kazetariaren emazte Stella Assangek auzitegiaren kanpoaldean adierazi du «harrigarria» dela epaia. «Magistratuek AEBak gonbidatu dituzte esku hartze politiko bat egitera, gutun bat bidaltzera esanez dena 'ok' dagoela», esan du kazetarien aurrean, eta azpimarratu du Assange «preso politiko bat» dela. Hori dela eta, eskaera bat egin dio Etxe Zuriari: «Bidenen administrazioak [Joe, AEBetako presidentea] ez lituzke auzitegiak eskatutako bermeak aurkeztu beharko; baizik eta inoiz aurkeztu behar ez zuen akusazioa baliogabetu beharko luke». Assangeren anaia Gabriel Shiptonek X sare sozialean idatzi duenez, AEBei eskatutako «berme politikoek» erakusten dute kasuak «izaera politikoa» duela.

«Bidenen administrazioak ez lituzke auzitegiak eskatutako bermeak aurkeztu beharko; baizik eta inoiz aurkeztu behar ez zuen akusazioa baliogabetu beharko luke».

STELLA ASSANGEJulian Assangeren emaztea

Akusazioaren arabera, Assangek Chelsea Manning AEBetako armadako soldadu ohia lagundu zuen hark AEBetako Espioitza Legea urra zezan eta, modu horretan, informazio klasifikatua lor zezan, ondoren Wikileaksen Interneteko atarian kaleratzeko. Filtraziorik mardulena 2010ekoa da. Bost egunkarik 250.000 agiri diplomatiko argitaratu zituzten, eta Irak eta Afganistango gerren inguruko AEBetako Defentsa Departamentuaren dokumentu sekretuak zeuden tartean. Manningi 35 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, baina Barack Obama AEBetako presidente zenak zigorra barkatu zion 2017an. 

AEBek argudiatu dute zerbitzu sekretuetako espioien bizitzak «arriskuan» jarri direla era horretako agiriak kaleratuta, baita AEBen beren «interesak» ere. Kazetariaren defentsarentzat, aldiz, «kriminalizatu» egin nahi dira «kazetaritza praktika arruntak», hala nola «interes publiko handia duen informazio klasifikatu egiatia argitaratzea». Nabarmendu izan du, bide batez, AEBen eta Erresuma Batuaren arteko estradizio hitzarmenak debekatu egiten duela arrazoi politikoengatik estraditatzea.

«Linbo batean»

Assange 2019tik dago Erresuma Batuan kartzelatuta. Aurreko zazpi urteetan Ekuadorrek Londresen duen enbaxadan hartu zuen babes. Suediak nazioarteko atxilotze agindu bat eman zuen 2010ean, bortxaketa saiakera bat egotzita. Urte bukaeran entregatu zuen bere burua, eta estradizioaren inguruko lege prozesua zabalik zela lortu zuen Ekuadorren babes politikoa, 2012ko ekainean. Baina, baldintzapeko neurriak urratzea egotzita, asilo politikoa kendu zioten zazpi urte geroago, eta Westminsterko Magistratuen Auzitegiko epaile batek espetxeratzea erabaki zuen ondoren. Horren berri eduki eta berehala eskatu zuen estradizioa AEBetako Gobernuak —Donald Trump zen orduan Etxe Zuriko maizterra—.

Amnesty Internationalen iritziz, Erresuma Batuko Auzitegi Nagusiaren erabakiak «linbo batean» utzi ditu bai Assange, baita «prentsa askatasunaren defendatzaileak» ere. Assangeren emazteak egin bezala, GKE gobernuz kanpoko erakunde horren aholkulari juridiko Simon Crowtherrek ere eskatu dio Washingtoni, ohar baten bidez, Assangeren kontrako kargu guztiak baliogabetzeko. Eta Erresuma Batuko Kazetarien Sindikatu Nazionalak «behin-behineko indultua» txalotu du ohar batean, baina ohartarazi du prentsa askatasunaren aurkako «arriskua» oraindik ere «handia» dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.