Errumaniako Gobernua erorarazi dute, zentsura mozio bat onartuta

Kargutik kendu dute Ilie Bolojan lehen ministro kontserbadorea. Sozialdemokratek eta ultraeskuindarrek babestu dute zentsura mozioa.

Ilie Bolojan lehen ministroa, gaur, Errumaniako Parlamentuan. Robert Ghement / EFE
Ilie Bolojan lehen ministroa, gaur, Errumaniako Parlamentuan. Robert Ghement / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko maiatzaren 5a
16:51
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hautsi zen gobernu koalizioa, eta erori da gobernua. Errumaniako lehen ministro Ilie Bolojan kontserbadorea kargutik kendu dute gaur, zentsura mozio bat onartuta. PSD Alderdi Sozialdemokratak, Errumaniako Parlamentuan ordezkari gehien duen alderdiak, apirilaren 20an utzi zuen koalizioa, eta gaur zentsura mozioaren alde bozkatu du, ultraeskuinarekin batera.

Lehen aldiz bat egin dute PSDk eta AUR Errumaniarren Batasunerako Aliantza alderdi ultranazionalistak, Errumaniako Parlamentuan ordezkari gehien duten bi alderdiek. Senatariek eta Ordezkarien Ganberako diputatuek hartu dute parte bozketan; guztira, 431 ordezkari zeuden parlamentuan, eta 281ek babestu dute zentsura mozioa. Kontserbadoreek, liberalek eta zentroko beste alderdi batzuek ez bozkatzea erabaki dute.

Bihar beteko da urtebete Marcel Ciolacu lehen ministro sozialdemokratak dimisioa eman zuenetik. George Simion ultraeskuindar euroeszeptikoa presidentetzarako bozen lehen itzulian nagusitu ostean hartu zuen erabaki hori, eta PSD gobernu koaliziotik atera zen. Bigarren itzulian, berriz, Nicusor Dan hautagai europazalea nagusitu zen, eta hark izendatu zuen Bolojan lehen ministro iazko ekainean.

Ordutik, alderdi europazaleak —sozialdemokratak, kontserbadoreak, liberalak eta gutxiengo hungariarraren aldekoak— koalizioan aritu dira gobernatzen. Gainera, adostua zuten Bolojanen kargua PSDko kideren batek hartuko zuela 2027an; legegintzaldia 2028ko azaroan da amaitzekoa.

Neurri fiskalei, kritikak

Kontua da PSDk ez dituela begi onez ikusi Bolojanen gobernuak hartutako hainbat neurri fiskal. Errumania izan zen iaz Europako Batasunean defizit handiena pilatu zuen herrialdea —%7,9—. Defizit hori apaltzeko asmoz, Bolojanek zenbait murrizketa onartu ditu, baita hainbat zerga igoera ere. Gobernuaren mugimendu horiek kezka sortu zuten herritarren artean, eta gobernu koalizioaren aurkako jarrera indarra hartzen hasi zen.

Horiek horrela, sozialdemokratek Bolojanen dimisioa eskatu zuten, neurri gogorregiak hartu zituela argudiatuta. Eta, azkenean, koalizioa utzi zuten.

Behin-behinean, lehen ministro karguan jarraituko du Bolojanek; eta, iazko ekainean egin moduan, presidenteak beste lehen ministro bat hautatu beharko du, baztertu egin baitu bozak aurreratuko dituenik. Errumaniako hedabideen arabera, PSDk begi onez ikusten duen lehen ministro bat izendatuz gero, posible da berriz osatzea apirilera arte martxan egon den gobernu koalizioa. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA