Errusiako armadak erasoak egin ditu beste behin Ukrainako gerra frontetik urrun, Kiev hiriburuan. Pertsona bat hil dute bonbardaketa horietan, eta hogei lagun baino gehiago zauritu. Baina Moskuk, bereziki, Ukrainako azpiegitura energetikoak izan ditu jomugan, eta berogailurik erabili ezinda utzi ditu 320.000 etxebizitza inguru Kieven. Volodimir Zelenski Ukrainako presidenteak jakinarazi duenez, Errusiako armadak bostehun drone eta berrogei misil erabili ditu gaurko erasoetan. Hain zuzen, Zelenski Donald Trump AEBetako presidentearekin Floridan (AEB) batzartu aurreko egunean egin dituzte eraso horiek.
Errusiak aste honen hasieran ere egin zuen Ukrainako energia azpiegituren aurka. Moskuk ohitura bihurtu du hilabeterik hotzenetan gisa horretako erasoak egitea. Ukrainako Meteorologia Zentroaren arabera, gaurko 0 eta 2 gradu arteko tenperaturak espero ziren Kieven.
Ukrainak ere egin ditu erasoak gaur Errusiaren aurka. Kursk eskualdean, Ukrainako mugatik hurbil, pertsona bat hil dute, drone batekin eraso eginda. Errusiako Defentsa Ministerioaren arabera, azken orduetan 36 drone suntsitu dituzte Briansk eskualdean —muga egiten du Ukrainarekin—.
Bilera, bihar
Azken asteetan areagotu egin dira otsailean lau urte betetzekoa den gatazka konponbidean jartzeko negoziazioak, eta horren harira elkartuko da Zelenski AEBetako presidentearekin, bihar.
Kievek eta Washingtonek adostutako hogei puntuko zirriborro bat aurkeztu zuen Zelenskik Gabon gauean, baina Errusiak ez du begi onez ikusi. Dokumentu horretan planteatzen da, besteak beste, Ukrainako tropak Donetsketik ateratzea eremu hori esparru ekonomiko berezi bihurtzearen truke. Errusiako Kommersant egunkariak atzo kaleratu zuenez, Vladimir Putin Errusiako presidenteak ez dio uko egin nahi Donetsk eskualdea osorik kontrolatzeari.
Floridara iritsi aurretik, Ukrainako presidentea Kanadan geldialdi bat egitekoa da gaur. Handik, Mark Carney Kanadako lehen ministroarekin batera, bilera telematiko bat egingo du Europako aliatuekin.