Amaitu da Minursoren jarduna. Mendebaldeko Saharan Erreferenduma Antolatzeko Nazio Batuen Misioa bertan behar geratu da. 35 urteren ostean, bere helburua bete gabe itxi ditu ateak Minursok: erreferendumik antolatu gabe. Ostiralean, Errusiak betoa jarri zion NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluan AEBek proposatutako ebazpenari. Marokoren autonomia plana negoziazioetarako oinarri bakar gisa hartzea nahi zuen Washingtonek, eta erreferenduma egiteko helburua alboratzea. Mujtar Leboihi Fronte Polisarioaren EAEko ordezkariak (Aaiun, 1974) azaldu duenez, misioa bertan behera geratzea «atsekabez» hartu badute ere, Errusiaren betoak erakutsi du sahararren erabakitzeko eskubidea ez dela «zalantzan jarri».
Zer esan nahi du sahararrentzat Segurtasun Kontseiluak ezin izatea ebazpen bat onartu Minursoren agintea berritzeko?
Segurtasun Kontseiluko blokeoak, Minursoren agintaldiaren amaiera ekarri duenak, erakusten du Segurtasun Kontseiluak badituela funtzionatzen duten mekanismoak. Batzuetan, halako mekanismoak gehiago erabiltzen dituzte beren interesen alde nazioarteko zuzenbidearen alde baino. Azken urteetan, esaterako, saharar herriaren autodeterminaziorako eskubidea desitxuratzen aritu da Segurtasun Kontseilua; AEBak saiatu dira Marokoren proposamena aurkezten soluzio bakar gisa, eta NBEk proposatutako soluzioaren oinarritik erreferenduma kentzen. Bada, saiakera horiek huts egin dute Errusiaren ezezkoagatik.
Ikusi gehiago
Hortaz, pozez hartu duzue Errusiaren betoa?
Alde batetik, bai. Polisarioak pozez hartu du, bidea itxi baitio Marokoren proposamenak legitimotzat hartzeko joerari. Bestetik, kezkaz, bistan geratu baita Segurtasun Kontseiluak gauza batzuetarako funtzionatzen duela baina beste batzuetarako ez.
Errusiaren betoari esker, Segurtasun Kontseiluak nazioarteko zuzenbidearen bidetik jarraitzen du; AEBek proposatutako ebazpena onartu izan balu, nazioarteko zuzenbidea urratzen arituko litzateke. Zergatik? Sahararren erabakitzeko eskubidea ezin delako alboratu AEBek, Marokok eta Israelek egindako akordioen mesedetan.
Zer espero duzue orain?
Azken 50 urteetan bezala, nazioarteko komunitateak badaki Saharako okupazioaren eta deskolonizazioaren auzia konpontzen ez den arte Magreb eskualdea eta Europa hegoaldea ez direla seguru egongo, ezta nazioarteko zuzenbidea ere. Guk era berean segituko dugu, gure eskubidea defendatzen, bide baketsutik eta bide militarretik. Espero dugu nazioarteko komunitateak babesa ematen jarraitzea; orain, are eta indar handiagoz.
Zergatik diozu hori?
Bada, saiatu direlako Segurtasun Kontseilua nahasten nazioarteko zuzenbidetik kanpo dauden neurriak hartzeko. Gainera, kontuan hartu behar da Marokok AEBen eta Israelen babesa lortu duela Palestina saltzearen truke.
«Nahiko nuke soluzioa bide baketsutik iritsiko balitz, baina egungo munduak ez du hizkuntza hori ulertzen»
NBE begiraleak ateratzen hasiko da. Gatazka armatuak okerrera egingo du?
Guk gure lurraldea berreskuratu nahi dugu; gatazkak okerrera egin behar badu horretarako, tamalez, okerrera egin beharko du. Osterantzean, Marokok ez du ulertzen. Hortaz, nazioarteko zuzenbideari zor zaion errespetuagatik, inork ez dezala pentsatu gatazkak hobera egingo duenik. Eta edozein herriren erabakitzeko eskubidearen inguruan munduak isilean jarraitzen badu, gatazkak okerrera egin beharko du. Nahiko nuke soluzioa bide baketsutik iritsiko balitz, baina egungo munduak ez du hizkuntza hori ulertzen.
Marokok nola erantzungo du?
Betiko antzerkiarekin jarraituko du, baina sahararrak ez gaituzte izutuko. Garaipentzat saldu dute Minurso desegitea. Haiek bultzatutako ebazpenak huts egin du, eta, halere, esaten ari dira Sahara haiena dela. 50 urte daramatzate hori esaten. Askoz gehiago ezin dute egin. Diskurtso indartsuago bat izan dezakete, uste baitute AEBek bermatzen dutela nazioarteko zuzenbidea. Baina nazioartea zentzudunagoa da, eta justu kontrakoa sinesten du.
«Minurso erreferenduma egiteko sortu zuten, eta orain 'erreferendum' hitza kentzen saiatu dira»
Huts egin du erreferendumaren bidea baztertzeko saiakerak.
Hala da, hori ezin da baztertu. Minurso erreferenduma egiteko sortu zuten, eta orain erreferendum hitza kentzen saiatu dira. Misio horrek huts egin du, baina sahararren autodeterminaziorako eskubidea dago misioaren sorburuan, eta hori ez da ahaztu behar. Hortaz, sahararrok elkar zoriondu dugu. AEBak saiatu dira legez kanpoko neurriak txertatzen Segurtasun Kontseiluaren ebazpen batean, eta ez da onartu. Marokoren, AEBen eta Israelen asmoek ez dute Segurtasun Kontseiluaren bermea lortu. Gure eskubidea zalantzan jarri denean, Segurtasun Kontseiluak ez du onartu.
Ez gaude pozik Minursok ez duelako lanean jarraituko, horrek atsekabetu egiten gaitu. Nahiko genuke Minursok bere misioa bete izan balu. Eta gogorarazi behar da ez dugula erreferendumik egin, baina ez Maroko eta gu ez gentozelako bat —bat gentozen—, edo zerrendak ez zirelako argiak —zerrendak argiak ziren; eginak daude, eta gordeta—; ez dugu erreferendumik egin Marokok ez duelako nahi izan.