Eskua sartu, eta atzaparka egin

AEBek eta Israelek Iranen abiarazitako erasoak aiatolen sistema eroraraztea du xede. Beste herrialde batzuetan ere egin izan dituzte gisa horretako esku hartzeak AEBek; barne gatazkak eta ezegonkortasuna eragin dituzte.

AEBetako soldadu batzuk Afganistanen, 2023ko abuztuan. Orduan utzi zuten herrialdea, eta talibanak agintera itzuli ziren. VICTOR A. MANCILL / EFE
AEBetako soldadu batzuk Afganistanen, 2023ko abuztuan. Orduan utzi zuten herrialdea, eta talibanak agintera itzuli ziren. VICTOR A. MANCILL / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko martxoaren 11
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Eskua sartu, barrukoa nahasi, eta alde egin. Gutxi asko, horrela definitu daitezke AEBek Ekialde Hurbilean eta haren bueltan azken hamarkadetan egindako esku hartze militarrak. Baliteke Iranen ere antzerako zerbait egitear izatea. Azken erasoaldia justifikatzeko, Washingtonek eta Tel Avivek esan dute Teheranen programa nuklearra indargabetzeko asmoa dutela, baina errepublika islamiarra desegitea ere bada haien helburuetako bat.

XX. mendearen bigarren erdian, Gerra Hotz betean, AEBek dozenaka esku hartze militar egin zituzten mundu osoan zehar, Sobietar Batasunaren orbita eta sistema sozialista ahultzeko asmoz. Batzuetan, zerbitzu sekretuek laguntza eman zieten herrialde jakin bateko miliziei, beste batzuetan armez hornitu zituzten, eta beste hainbatetan AEBetako armadak zuzenean esku hartu zuen. Latinoamerikan, esaterako, Dominikar Errepublika —1965ean—, Granada —1983an— eta Panama —1989an— inbaditu zituen, eta herrialde horietako agintariak boteretik kendu. Asian eta Balkanetan ere hainbat esku hartze militar egin zituzten iragan mendean.

Amaitu zen Gerra Hotza, eta amaitu zen XX. mendea, baina Washingtonek nazioartean esku hartze militarrak egiten jarraitu du XXI. mendean ere. Iranen bi herrialde mugakide inbaditu zituen 2000ko hamarkadako lehen urteetan: Afganistan eta Irak. Eta NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundeko beste herrialde batzuekin batera egindako erasoek Libiako buruzagi Muammar Gaddafiren agintaldiaren amaiera (1969-2011) bultzatu zuten. Hainbat urte igaro dira esku hartze horiek egin zituztenetik, baina utzitako zauriek zabalik diraute.

Afganistan

2001eko irailaren 11n AEBek pairatutako atentatuei emandako erantzuna izan zen Afganistango inbasioa. Horrela saldu zuen, behinik behin, George W. Bush orduan AEBetako presidente zenak (2001-2009). Al-Qaeda talde jihadistak bere gain hartu zituen atentatuak, eta Etxe Zuriak talde jihadista horretako buru Osama Bin Laden estraditatzeko exijitu zien Afganistango agintean zeuden talibanei. Ez zuten, ordea, akordiorik lortu. Lau aste geroago, Bushek Askatasun iraunkorra operazioa abiarazi zuen. Agintetik kendu zituzten talibanak, eta behin-behineko administrazio bat ezarri zuten.

Talibanek, ordea, ez zuten amore eman, eta Afganistan gerran egon da hogei urtez. 2011ko maiatzean AEBetako armadak Bin Laden hil zuen Pakistanen. Horren ostean, Barack Obama presidenteak (2009-2017) iragarri zuen 2014an amaituko zela Askatasun iraunkorra operazioa. Urte horretan NATOko tropak herrialdea uzten hasi ziren, baina milaka soldadu geratu ziren Afganistanen, herrialdeko armadari prestakuntza ematen jarraitzeko.

Donald Trumpek, bere lehen agintaldian (2017-2021), talibanekin «bake akordio» bat egin zuen, eta hitzartu tropa guztiak aterako zituela Afganistandik; trukean, talibanek adostu zuten ez ziotela utziko Al-Qaedari beren kontrolpeko guneetan jarduten. Joe Bidenek hartu zuen AEBetako presidente kargua 2021ean, eta haren agintaldiaren hasieran, 2021eko udan, atera ziren AEBetako azken tropak Kabuldik. Ordurako, baina, talibanek Afganistango hiriburua hartua zuten, eta Axraf Ghani presidenteak (2013-2021) herrialdea utzi zuen. Abuztuaren 30ean alde egin zuten AEBetako azken soldaduek. Eta Afganistango armadak ezin izan zuen ezer egin talibanak geldiarazteko; ordutik, herrialdea haien kontrolpean dago.

UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren arabera, afganiarren erdiek —22,9 milioi— laguntza humanitarioaren beharra dute bizirik irauteko, eta osasun sistemak huts egin du. Gainera, azken urteetan talibanek lege murriztaileak ezarri dituzte, eta giza eskubideak urratu dizkiete herritarrei, batez ere, emakumeei. NBE Nazio Batuen Erakundeko Emakumeen Sailaren arabera, munduan ez dago beste herrialderik emakumeei askatasunak horrenbeste mugatzen dizkienik: 13 urtetik aurrera debekatuta dute ikastea, lanpostu gehienetan jardutea ere bai, eta zenbait gunetan ezin dute kalera atera gizon batekin ez bada. Hori gutxi ez, eta otsailaren amaieran Pakistanek gerra deklaratu zion Afganistani. Pakistanen eraso jihadistak antolatzea egozten die talibanei.

Irak

George W. Bushen agintaldian hasi zuten AEBek Irakeko inbasioa ere, 2003ko martxoan. Aurrez, 1990ean, Irakek Kuwait inbaditu ostean, AEBak buru zituen nazioarteko koalizio batek Iraki airez eta lurrez eraso egin zion, baina ez zuten Saddam Hussein presidentearen agintaldia amaiarazi (1979-2003). 2003an, ostera, AEBek eta Erresuma Batuak Irak inbaditu zuten, eta Hussein agintetik kendu, argudiatuta suntsipen handiko armak garatu zituela —gezurra zela frogatu zen gerora—.

Bi aste eskas behar izan zituzten AEBetako tropek Bagdad hartzeko, eta handik hilabetera Bushek iragarri zuen «misioa bete» zutela: Irak «askatu» zutela. Behin-behineko gobernu bat ezarri zuten lehenik, eta 2005ean osatu zuten Husseinen aldiaren osteko lehen administrazioa —2006ko azaroan exekutatu zuten Hussein—. Gerra, baina, ez zen amaitu.

Inbasioaren ondorioz, herrialdeko instituzioak suntsituta geratu ziren, baita armada ere. Musulman sunitak boteretik kendu zituzten, eta xiiten esku utzi zuten gobernua. Hala ezegonkortasuna hedatu zen, eta matxino taldeak indarra hartzen hasi ziren. Hurrengo urteetan AEBek tropa gehiago bidali zituzten —140.000 soldadu baino gehiago egon ziren—. Azkenean, Obamaren agintaldian, 2011ko abenduan, atera zituzten AEBetako soldadu gehienak Iraketik.

Gatazka, baina ez zen amaitu; izan ere, Irakeko inbasioaren ostean EI Estatu Islamikoa sortu zen, eta herrialdearen herena inguru bere kontrolpean eduki zuen 2014tik 2015era. Herrialdeko gobernuak 2017an iragarri zuen amaitu zela EIren aurkako gerra, eta talde jihadista horren kontrolpean zeuden azken lurraldeak berreskuratu zituela. Baina Irakeko Gobernua ahula da oraindik ere, eta herrialdeko milizien arteko borrokak ohikoak dira.

Libia

Iraken eta Afganistanen Bushek hasitako operazioak amaitutzat eman zituen Obamak. Baina haren agintaldian ere AEBek esku hartzeak egin zituzten; Libiakoa, esaterako. 2011ko otsailean piztutako protestek eta Mendebaldeko herrialdeen esku hartze militarrak Gaddafiren 42 urteko agintaldia amaiarazi zuten. AEBek, Erresuma Batuak eta Frantziak osatutako koalizioak Gaddafiren tropak bonbardatu zituzten; matxinoek Tripoli hartu zuten, eta Libiako liderra hil.

Estatu eredu hori ere erorarazi zuen AEBen esku hartzeak, eta estatu hori ere utzi zuten umezurtz. Trantsiziorako gobernu bat ezarri zuten, baina trantsizioa ez dute osatu. Hutsune politikoaren ondorioz, 2014tik 2020ra herrialdea gerran egon zen; gaur egun bitan zatituta dago: mendebaldean, Batasun Nazionaleko Gobernua dago agintean ―gobernu horrek NBEren onespena du, eta Abdul Hamid Dbeibah da lehen ministroa―; eta ekialdean, ostera, LNA Libiako Armada Nazionalaren buru Khalifa Haftarren aldeko koalizio batek du agintea.

Ekonomiari dagokionez, herrialdea krisialdian murgilduta dago. Afrikan petrolio gehien duen herrialdetako bat izanagatik ere, agintarien ustelkeria eta ezegonkortasun politikoa oztopo dira estatua baliabide horietaz probestu ahal izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA