Espainia federalaren alde eta konstituzioa egokitzeko prest agertu da Rubalcaba

PSOEko idazkari nagusiaren ustez, «parekidetasuna eta aniztasuna» bermatuko lituzke eredu federalak

Amagoia Gurrutxaga Uranga.
2012ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Espainiako trantsizio garaiko kafea denentzat leloak ez duela guztien kikara bete. Hala onartu zuen atzo Alfredo Perez Rubalcabak, federalismoaren karta mahairatu baitzuen Kataluniko independentziaren aldeko olatuari erantzuteko tresna gisa, eta proposamen horren ondorioak onartzeko prest agertu zen. Espainiako irrati kate ezagun batean eskainitako elkarrizketan azaldu zituen iritziok PSOE Espainiako Alderdi Sozialistako idazkari nagusiak. PSC Kataluniako Alderdi Sozialista gehiengo batek bultzatutako erreferenduma babesteko prest agertu berria zenean, hain zuzen ere.

«Kataluniak Espainiarekin segitzea nahi du PSCk, baina Katalunia indartsu izanik», Rubalcabaren esanetan. «Kataluniaren eta Espainiaren artean haustura gertatzen joan da», haren iritziz, eta haustura hori «politikoki» konpondu behar da.Horretan, sozialisten jarrerak ez du bat egiten ez Masen ez PPkoen jarrerekin, popularrek «katalanfobia» bultzatzen badute ere, sozialistek estatu federalaren alde egiten dutelako. «Espainiako Konstituzioanasimetria dago, eta berezitasunak hobeto islatzeko moduak lantzea da kontua».Arazo biei erantzuteko, Rubalcabaren arabera, egungo autonomien sistema baino hobea litzateke estatu federala, «parekidetasuna eta aniztasuna» bermatuko lituzkeelako.

Autonomia estatutik estatu federalerako aldaketak Espainiako Konstituzioa bera aldatzea ekar dezake. Horretarako prest agertu zen atzo PSOEkoa: «Konstituzioa ez da aldatu ezina».

Bezperakoak

Rubalcabaren atzoko argudio beretsuak bezperan plazaratu zituen PSOEko eta Andaluziako presidente Jose Antonio Griñanek, El País egunkarian argitaratutako iritzi artikuluan. Hark ere federalismoaren alde egin zuen: «Eredu autonomikoak irekita segitzen du. [...] Eraikuntza fasetik elkarlan instituzionalera igarotzea litzateke orain kontua, aniztasunean espainiarguztion berdintasuna ziurtatuko duen eredu federal batera heltzeko».

Bezperan argudiook plazaratuak izanagatik ere, PP Alderdi Popularreko idazkari nagusi Maria Dolores de Cospedalek ez zituen gozoago hartu Rubalcabaren adierazpenak: «Sozialistek Trantsizioarekin edo Konstituzioarekin hautsi eta beste eredu baten bila joan nahi baldin badute, PP aurka izango dute». Halako aldaketak proposatzen dituztenek «mugarik gabeko arduragabekeria» erakusten dutela erantsi zuen, eta Espainiako presidentearen eta bere alderdiaren «lehen eginkizuna» Espainiako Konstituzioa babestea dela.

PSCko Ernest Maragallek, berriz, mezu hau zabaldu zuen atzo twitter bidez: Adeu Rubalcaba-Griñan-Valenciano, Adeu!!.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.