Afapredesako presidentea

Abdeslam Aomar Lahsen: «Espainiak Sahara babesteko betebeharra zuen, eta indar inbaditzaile bati eman zion lurraldea»

Lahsenen arabera, Mendebaldeko Saharan errepresioa zuzenean eta zeharka erabili zuen Espainiak frankismo garaian. Sahara Espainiaren parte izatea «inposizioa» izan zela dio.

Abdeslam Aomar Lahsen. ARITZ LOIOLA / FOKU
Abdeslam Aomar Lahsen. ARITZ LOIOLA / FOKU
Igor Baigorri Perez (2)
Bilbo
2025eko azaroaren 20a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

SaharauisLas otras víctimas del franquismo y postfranquismo (Sahararrak. Frankismoaren eta frankismo ostearen beste biktimak). Horrela deitzen da liburua; EHUren Hegoa Institutuak eta Afapredesa Saharako Preso eta Desagertuen Familiakoen Elkarteak kaleratu dute elkarlanean, eta Bilbon aurkeztu zuen atzo egileak, Abdeslam Aomar Lahsenek (1961, Tiris, Mendebaldeko Sahara), frankismoak Mendebaldeko Saharan izan zuen eraginari buruzko jardunaldi batzuetan. Afapredesako presidentea da Lahsen.

Saharar herria eta frankismoa lotu dituzu liburuan. Zerk elkartzen ditu nagusiki?

Francoren erregimenari Sahara interesatzen hasi zitzaion ohartu zenean lur horietatik fosfatoak ateratzeko modua zuela. Presentzia mugagabea finkatzen saiatu zen, Sahara Espainiako 53. probintzia gisa izendatzeraino. Baina hori horrela izanda ere, bereizketa sistema bat erabiltzen zuen erregimenak saharar herrian. Hirugarren mailako biztanleak ziren sahararrak Espainiarentzat, eta hori islatzen zen hainbat eskubidetan. Politika errepresibo berak zeuden martxan Saharan ere.

Frankismoaren biktima zuzenak eta zeharkakoak bereizi dituzu. Zeintzuk dira horiek?

Zuzenekoak estatuarenak dira, hau da, ekintza zuzenen bidezkoak: Mohamed Bassiriren kasua; 1970eko manifestazioetan errepresio indarrek hil zituzten bi martiriak; 1957ko eta 1973ko saharar armadako kideen atxiloketak; Fronte Polisarioko kideen aurkako errepresioa… Horiek dira biktima zuzenak. Eta zeharkako biktimak dira ez dutenak izan Nazio Batuen Erakundearen gutuneko 73. artikuluak jasotzen duen babesa. Estatuetako lurralde ez-autonomoetan gehiegikerien gainean babesa eskaintzen du gutunak, eta Sahara lurralde ez-autonomoa zen 1975ean.

Baina Francok hasieran ez zuen Sahara lurralde ez-autonomo gisa izendatu, ezta?

Hori da. 1955ean sartu zen Espainia NBEn [Nazio Batuen Erakundea]. Orduan, Espainiak ez zuen izendatua Sahara Espainiako lurraldearen parte gisa. Horrek lagundu egin zigun. Herriak ez zuen Espainiako presentzia nahi lurraldean.

NBEko kide bihurtu eta hiru urtera, ordea, 1958an, Sahara Espainiako 53. probintzia izendatu zuen Francok. 

Bai. Baina Espainiaren inposaketa izan zen. Nazio Batuen Erakundeak ez zuen onartu dekretu hori. Eta, gainera, dekretu hori saharar herriaren onespenik gabe onartu zen. Hortaz, Espainiak ez zuen lurralde hori hartzeko arrazoirik. Aukera bakarra zuen: hainbat ekintza publizitario egitea sahararrek Espainiaren parte izan nahi zutela irudikatzeko. Eta hori egiten saiatu zen 1970ean, bere presentzia legitimatzeko manifestazio bat antolatuta. Bertan sahararrak erreprimitu zituzten, eta, Bassiri buru, saharar herriaren askapenerako mugimendu bat sortu zen.

«Harrigarria iruditzen zaigu nola gaur egun ere Pedro Sanchezen gobernuak Marokoren jarrera babesten duen»

Manifestazio horren ondoren, saharar mugimenduak ugaritu ziren. Zer gertatu zen Mohamed Bassirirekin? 

Oraindik ez dakigu Bassiri hilda dagoen ala ez, ez dago informazio ziurrik. Ikerketa batzuetan diote litekeena dela norbaitek Bassiri hil izana desertuan. Espainiako Gobernuak dio ez duela pertsona horri buruzko informaziorik. Manifestazio horren ostean, sahararrak antolatzen eta borrokatzen hasi ziren borroka armatuaren bidez, haien independentzia berreskuratzeko. Herritar gehienak sahararren independentziaren alde zeuden, eta Fronte Polisarioak arrakasta izan zuen lehen urteetan.

Abdeslam Aomar. ARITZ LO(ID_15529263) (Aritz Loiola/@FOKU) 2025-11-19, Bilbo. Abdeslam Aomar, Preso eta Desagertu Sahararren Senideen Elkarteko presidentea
Abdeslam Aomar Lahsen, elkarrizketan. ARITZ LOIOLA / FOKU
Eta autonomia proposamen bat egin zion Espainiak saharar herriari 1974an.

Bai. Fronte Polisarioa sortu ostean gertatu zen hori, eta erantzun garbi bat izan zen, baina berandu etorri zen. Bassirik autonomia eskatu zuen, eta Espainiako Gobernuak errepresioa aukeratu zuen. Fronte Polisarioak ez zuen proposamena onartu, eta Marokok eta bere aliatuek ere Franco presionatu zuten proposamen hori baztertzeko —hasiak ziren lurraldea eskualdatzeko negoziazioak—. Autonomia proposamena ez zen inoiz gauzatu. Presioa zuen Espainiak; izan ere, Nazioarteko Justizia Auzitegiak sahararren autodeterminazioaren aldeko irizpen bat eman zuen. Proposamena denbora irabazteko jokaldia izan zen.

1975ean agerian geratu zen hori, Martxa Berdean.

Martxa Berdea amarru bat izan zen. Zibilen martxa baketsu gisa aurkeztu zuten, baina armadak babesten zuen, eta 20.000 soldadu sartu ziren ipar-ekialdetik herritarrei eraso egitera. Marokoren okupazio legitimo bat gertatzeko saiakera izan zen. 

Lurraldea oraindik Espainiaren parte zenean.

Noski. Lurralde ez-autonomo gisa, Espainiak Sahara babesteko betebeharra zuen, eta indar inbaditzaile bati eman zion. Espainiako beste probintzia bat zen Sahara. Imajinatu egun batetik bestera Espainiak erabakitzen duela Andaluzia edo Galizia beste herrialde bati ematea, herritarrei kontsultatu gabe. Gauza bera da, eta nazioarteko zuzenbidearen urratze larri bat da.

Frankismoaren ondorengo garaira etorrita, zer antzekotasun ikusten dituzu gaur egungo Espainiako Gobernuaren eta frankismokoaren artean?

Harrigarria iruditzen zaigu nola gaur egun ere Pedro Sanchezen gobernuak Marokoren jarrera babesten duen. Gobernu hau okerragoa da Francoren azkena baino. 1976ko otsailaren 26an, Francoren azken gobernuak gutun bat bidali zion NBEri, eta jakinarazi Espainiak ez zuela aurrerantzean ardurarik izango Saharako ezein auzitan; baina beste puntu batean zera adierazi zuen, saharar herriaren etorkizuna behin betikoa izango zela soilik sahararrek bere nahia askatasunaz adierazten zutenean. Gaur, ordea, gobernu progresistena denak dio irtenbide bakarra Sahara Marokoren parte izatea dela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.