Espainiako Gobernuak onartu du CNIk Carles Riera eta David Fernandez zelatatu zituela

Espainiako zerbitzu sekretuek Gorenaren oniritzia jasota espiatu zituzten Kataluniako militante independentistak. Fernandez sei hilabetez zelatatu zuten, 2019ko abendutik aurrera; Riera, bi urtez.

Carles Riera Bruselan, 2023ko irailean. PABLO GARRIGOS / EFE
Carles Riera Bruselan, 2023ko irailean. PABLO GARRIGOS / EFE
Igor Susaeta.
2026ko uztailaren 13a
14:46
Entzun 00:00:00 00:00:00

CNI Espainiako zerbitzu sekretuek Auzitegi Gorenaren oniritziarekin zelatatu zituzten Carles Riera eta David Fernandez, 2019ko urrian Gorenak Kataluniako prozesu subiranistako buruen kontrako epaia kaleratu ondoren. Bartzelonako 32. Instrukzio Epaitegiaren eskaerari erantzunez, horren berri eman du gaur Espainiako Ministroen Kontseiluak, txosten batean.

Riera CUPeko diputatua zen orduan Kataluniako Parlamentuan (2016-2024); Fernandez jada ez zen alderdi independentista horretako diputatua (2012-2015), baina mugimendu independentistarekin lotuta jarraitzen zuen, batez ere Omnium Culturalen bidez.

Biek ala biek kereila bat aurkeztu zuten, susmoa zutelako CNIk zelatatu egin zituela Pegasus tresna zibernetikoa baliatuz. Kontuan hartu behar da 2022ko apirilean The Citizen Lab ikerketa zentroak azaleratu zuela Espainiako zerbitzu sekretuek hirurogei buruzagi independentista inguru espiatu zituztela Pegasus erabilita.

(ID_17839477398255) David Fernandez.
David Fernandez elkarrizketa batean, 2023an. ALBERT SALAME / VILAWEB

Bartzelonako 32. Instrukzioko Epaitegia auzi horren harira jarritako kereilak ikertzen ari da, eta Espainiako Ministroen Kontseiluaren txostenak dio bi ekintzaile independentista horien komunikazioak «oztopatu» zituela CNIk, komunikazio horiek «segurtasun nazionalaren kontrakoak» izan zitezkeelakoan. Fernandez 2019ko abendutik 2020ko ekainera zelatatu zuten, eta Riera, sasoi berean, bi urtez.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA