Katalunia. Zigor Kodearen erreformaren ondorioak. Olga Arderiu. Carme Forcadellen abokatua

«Espero dut Gorenaren sententzian ere sedizio delitua desagertzea»

Arderiuk ohartarazi du, Llarenak sedizioa ezabatu ondotik Kataluniako buruzagi erbesteratuen euroaginduetan, orain gakoa izango dela zein interpretazio egiten den diru publikoaren erabilera bidegabeari buruz.

ORIOL CLAVERA.
Gorka Berasategi Otamendi.
2023ko urtarrilaren 13a
00:00
Entzun
Kataluniako buruzagi independentistei ezarritako kondena berriz aztertuko du Espainiako Auzitegi Gorenak. Prozesu horri ekin zion atzo, Espainiako Zigor Kodearen erreformak sedizio delitua indargabetu zuen egun berean. Egun berean ere Manuel Llarena Goreneko epaileak sedizioa ezabatu zuen Kataluniako buruzagi erbesteratuen kontrako euroaginduetan. Horrez gain, zenbaitek aurreratutakoaren kontra, ez zuen delitu hori desordena publiko larrien akusazioarekin ordezkatu.

Arretaz irakurri du ebazpena Olga Arderiu abokatuak (Berga, Herrialde Katalanak, 1975), Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohiaren defentsak. Uste du Llarenak Zigor Kodearen erreformari buruz egin duen interpretazioa «pista bat» izan daitekeela Gorenak epaia nola berrikus dezakeen jakiteko.

Ikusi gehiago:Sedizioa baztertuta, Puigdemont espetxeratzeko bide berriak abian

Zein da zure lehen balorazioa Llarenak egin duen interpretazioari buruz?

Carme Forcadellen defentsa gisa, eta sedizioari dagokionez, ados nago delitu hori alboratu izanarekin. Eta esan beharra dago ez litzatekeela inolaz ere zuzena haren ordez desordena publikoen delitua ezartzea, bi tipo erabat desberdin direlako, eta auzipetuei ez zitzaielako delitu hori egotzi.

Llarenak desordena publiko larrien delitua baztertu du, zure ustez, atzerako eraginez ezin duelako ezarri ala, berak esan bezala, Zigor Kodearen erreformarekin 2017ko urriaren 1eko erreferenduma (U-1) «despenalizaziotik gertu» gelditu delako?

Bi arrazoirengatik. Batetik, orduan ez zen existitzen desordena publiko larrien delitu hori, eta existitzen zena ez zen aplikatu, ebatzi zelako ez zirela horretarako baldintzak betetzen; «indarkeria» behar baitzen, eta sententziak, azaltzen duenean ez zela matxinadarik gertatu, argi uzten du ez zela halakorik izan. Baina, gainera, orain zehaztu den delitu tipoaren baldintzak ere ez lirateke beteko U-1eko gertaeretan. «Larderia» txertatu dute, baina larderiarik ere ez zen izan. Eta gehitu diren beste elementu batzuk ere ez ziren bete. Esaterako, pertsonen bizitza edo osasuna arriskuan jartzea. Beraz, delitu hori ezingo litzateke ezarri.

Espainiako Auzitegi Gorenak atzo hasi zuen Kataluniako buruzagi independentisten kontrako epaia berriz aztertzeko prozesua. Llarenaren interpretazioa pista bat al da epaiaren berrikustea nondik joan daitekeen ikusteko?

Izan daiteke. Espero dut Gorenaren sententzian ere sedizio delitua desagertzea. Beste kontu bat da diru publikoaren erabilera bidegabeari buruzkoa. Llarenak hari buruz dioenaren aurka nago erabat. Ebazpenean adierazi du gertaerak diru publikoaren erabilera bidegabetzat jo behar direla, eta, zehazki, irabazi asmoa duen erabilera bidegabetzat. Sententzian, baina, delitu pilaketa medial bat dago diru erabilera bidegabearekin lotuta [hau da, delitu hori beste baten menpeko da; kasu honetan, sedizioaren menpeko], eta, beraz, sedizioa desagertu denez, diru erabilera bidegabeak ere desagertu beharko luke.

Gainera, [U-1ean] ez da inolako irabazi asmorik egon, eta, delitua ez baztertzekotan, aztertu beharko litzatekeen bakarra da diru publikoa beste helburu batzuetarako erabili den, baina zerbitzu publikoari ez diola kalte larririk eragin aintzat hartuta.

Nola arrazoitu du Llarenak irabazi asmoa izan dela?

Berak dioena da diru publikoaren erabilera legez kanpokoa baldin bada, ezinezkoa dela diru hori beste helburu publiko batera bideratu izana, eta, ondorioz, irabazi asmo bat dagoela. Nire iritziz, irabazi asmoa beste zerbait da, argi eta garbi. Ez da diruaren helburuaren zilegitasunaren araberakoa. Borondate bat behar da dirua hartu eta norbere ondasunera edo hirugarren baten ondasunera gehitzeko. Baina erabilera publiko bat eman bazaio, nahiz eta erabilera hori epaitegietan eztabaidatua izan, ezin da ulertu irabazi asmo bat dagoenik. Besteak beste, haiek [U-1aren sustatzaileek] hauteskunde programan emandako hitza bete zutelako.

Zer gertatu den ikusita, uste duzu Zigor Kodearen erreforma onuragarria izan dela kondenatuak izan diren edo erbesteratuta dauden buruzagi independentistentzako?

Bai. Onurak ekarriko dizkie guztiei. Sedizioa baztertzea, delitu larria izanik eta hark zekartzan zigor larriekin, hori bera onura handi bat izango da. Ondoren, ikusi beharko dugu nola interpretatuko den diru publikoaren erabilera bidegabea. Hor ere onurak izan beharko lituzkete.

Sedizio delitua alboratu izanak aukera gehiago emango al dizkio Espainiari erbestean direnen kontrako euroaginduak atzerrian onartu daitezen?

Ez dakit erraztuko den ala ez. Aurreko euroaginduetan diru publikoaren erabilera bidegabeagatik ere egin dira eskariak, eta ez dituzte entregatu. Dena den, aitortu behar dut euroaginduei buruzko ebazpenak ez ditudala sakonean ezagutzen, ez dudalako prozesu horietan parte hartu.

Sedizioa baztertuta, Llarenak desobedientzia delitua egotzi die, soilik, Marta Rovira Esquerra Republicanako idazkari nagusiari eta Clara Ponsati Kataluniako kontseilari ohiari. Akusazio horrekin, ez dute kartzela zigor arriskurik. Kataluniara itzultzeko moduan leudeke?

Ezin dut haien izenean hitz egin, ez bainaiz haien abokatua, baina pentsatzen dut itzulera errazten diela. Badira beste pertsona batzuk atzerrian izan direnak, eta itzuli ahal izan direnak desobedientzia delituarekin. Meritxell Serret [Kataluniako Atzerri Ekintzarako kontseilaria eta Ana Gabriel CUPeko diputatu ohia], kasurako. Iruditzen zait antzeko egoera bat izan beharko lukeela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.