De la Espriellak ezkerraren ilusioa apaldu du

Bihar egingo dute Kolonbiako presidentetzarako bozen bigarren itzulia. Lehen itzuliaren aurretik, Cepeda ezkerrekoa zen hautagai nagusia; orain, inkestek De la Espriella ultraeskuindarra daukate faboritotzat.

De la Espriellaren dozenaka jarraitzaile kanpainaren itxierako ekitaldian, igandean Buga hirian. ERNESTO GUZMAN JR / EFE
De la Espriellaren dozenaka jarraitzaile kanpainaren itxierako ekitaldian, igandean Buga hirian. ERNESTO GUZMAN JR / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko ekainaren 20a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Kolonbiak ezkerrean jarraituko zuela zirudien, baina Abelardo de la Espriella ultraeskuindarrak inkestak irauli ditu, eta orain Ivan Cepedaren aurretik ageri da. Bihar bi eredu kontrajarriren artean bozkatu beharko dute kolonbiarrek, presidentetzarako bozen bigarren itzulian. Ultraeskuindarrak bozen kanpainaren erdigunean jarri du segurtasunaren gaia: kristal blindatuz babestuta egin ditu agerraldiak, eta «kriminalekin» gogor jokatuko duela agindu du, baita espetxe erraldoiak eraikiko dituela ere. Cepeda, bestalde, Gustavo Petro egungo presidenteak abiarazitako Bake Osoaren aldekoa da; eta prest agertu da talde kriminalekin hitz egiteko.

Maiatzeko azken egunean egin zuten lehen itzulia, eta De la Espriella Aberriaren Defendatzaileak alderdiko abokatu ultraeskuindarrak lortu zuen boto gehien, %43,74 hain zuzen, baina, erdia baino gehiago lortu ez zuenez, bigarren itzulian erabakiko da nor izango den Kolonbiako hurrengo presidentea. Cepeda Itun Historikoa alderdikoa geratu zen bigarren, botoen %40,9 lortuta. Bestalde, Paloma Valencia uribista izan zen galtzaile nagusia (Zentro Demokratikoa), botoen %7 baino gutxiago lortu baitzituen. Eta adierazi zuen bigarren itzulian De la Espriella babestuko duela. Hortaz, litekeena da eskuindarrek batuta bozkatzea bigarren itzulian, Cepedaren kalterako.

Eskuinaren eta ezkerraren botoak banatuta, espektro politikoaren erdigunean dauden boto emaileek izan dezakete Kolonbiako presidentetzarako giltza. Horien artean, batzuek Cepedaren alde egiteko eskatu dute; Claudia Lopez Bogotako alkate ohia (2020-2024) eta lehen itzulian presidentetzarako lehiatik kanpo geratu zena da horietako bat.

Beste zenbaitek ez dute argitu bigarren itzulian noren alde egingo duten. Lehen itzulian laugarren geratu zenak, adibidez, Sergio Fajardo Medellingo alkate izandakoak (2004-2008), ez du jakinarazi noren alde egingo duen —milioi bat boto pasa eskuratu zituen—. Juan Daniel Oviedok ere, Valenciaren presidenteorde izateko hautagai zenak, ez du argitu Cepeda babestuko duen ala ez. Baina Valenciak ez bezala, Oviedok De la Espriellaren kanpaina gaitzetsi du, «matxista eta homofoboa» izan dela salatuz. Zentroko boto emaileek zer egingo duten argi ez badago ere, inkesta ia guztiek De la Espriella daukate faboritotzat: zundaketa horien arabera, lau eta zortzi punturen aldea aterako dio.

Giroa, sutsu

Tentsioa izan da nagusi kanpainan, eta giroa gaiztotuz joan da lehen itzuliaren ostean ere. Petrok ez zituen onartu maiatzaren 31ko emaitzak, eta iradoki zuen lehen zenbaketetan iruzurra egin zutela. Salaketa horien aurrean, De la Espriellak armadari prest egoteko eskatu zion, eta prest agertu zen «demokraziari eusteko, arrazoia erabiliz edo indarra erabiliz».

Hauteskundeen ostean gertatu litekeenak kezka sortu du herrialdean. Pedro Sanchez Defentsa ministroak berak ohartarazi du litekeena dela bozen ostean istiluak izatea. Ultraeskuindarra nagusitzen bada herritarrak kalera aterako direla espero da; are gehiago kargua hartu ostean albo batera utziko balitu Petroren gobernuak abian jarritako gizarte politikak. Horren harira, De la Espriellak bere jarraitzaileei ere kaleak hartzeko deia egin die, eta mehatxu egin die aurkariei: «Herrialdeari su eman nahi badiote, urratu nahi duten legeari egin beharko diete aurre».

SUDERGINTZA KOOPERATIBA, BEHATZAILE

Kolonbiako Hauteskunde Kontseilu Nazionalak presidentetzarako bozak behatzeko hautatutakoen artean egongo da Sudergintza Euskal Herriko kooperatiba. «Emakumeek eta LGTBIQ+ pertsonek botoa berdintasun, askatasun eta segurtasun baldintzetan» ematea bermatzen ote den aztertuko dute, kooperatibak ohar batean nabarmendu duenez. Misioa sei lagunek osatuko dute.

Segurtasunaren arloan bezala, gainerako kontuetan ere kontrajarriak dira Cepedak eta De la Espriellak proposatutako ereduak. Gizarte politikak ditu ardatz ezkerraren agendak, eta herrialdeko biztanleen arteko desberdintasunak murriztea du xede. Halere, Petroren agintaldian argi geratu da Itun Historikoak zailtasunak dituela promes egindako erreforma horiek ezartzeko.

Bi hautagaien diskurtsoek su bizian jarraitzen badute ere, zertxobait hoztu dituzte beren proposamenak, zentroko boto emaileei keinu eginez.

Herrialdeko ezkerreko lehen gobernuari jarraipena ematea ahalbidetuko dioten edo Petroren agintaldiarekin erabat hautsi eta eskuinera jauzi egin nahi duten erabakiko dute bihar kolonbiarrek. Cepeda edo De la Espriella, biharko bozetan nagusitzen den hautagaia, abuztuaren 7an da presidente kargua hartzekoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarak badu egunkari bat, euskaltzaleon babesa ezinbestekoa duena. BABESTU EZAZU ZUK ERE