Irakurri hemen serie honetako artikulu guztiak
Ez dute bizi eta ez diete transmititu zer izan zen, baina ―edo horregatik― badaude Francoren diktadura goratzen duten gazteak. Eta gero eta gehiago dira. Espainiako Estatuan 18 eta 25 urte arteko bost gaztetik ia batek uste du «ona» edo «oso ona» izan zela diktadura garaia (1939-1975). CIS Ikerketa Soziologikoen Espainiako Zentroak urrian argitaratutako ikerketa baten emaitzak dira horiek. Are gehiago, Franco hil eta 25 urtera baino gehiagora jaiotako gizonak dira nostalgikoenak: 18 eta 25 urte arteko mutilen %28k uste dute Francorekin baino okerrago bizi direla; 2000. urtean, adin hori zutenen %5ek pentsatzen zuten horrela. «Aurrerapen feministei emandako erantzuna» dela uste du Anna Lopez politologoak; eta, Carlos Hernandez de Miguel kazetariaren ustez, estatuak ez du asmatu memoria transmititzen.
Eskuin muturreko taldeen manifestazioetan ohikoa da gazteak lehen lerroan agertzea. Madrilen Pedro Sanchez Espainiako presidentearen aurka azken urteetan egindako protestetako argazkiak ikusi besterik ez dago; edota Gasteizen Falange Espainolak «hispanitatearen» azken egunaren harira egindako ekitaldikoak. Hernandezen ustez, gazteen artean ohikoa da ezarritakoaren aurka agertzea: «Egungo gazteak demokrazian jaio dira, soilik demokrazia ezagutu dute; beraz, neurri batean logikoa da sistema horren aurkako jarrera hartzea».
Kazetariak errepresio frankistaren inguruko ikerlanak egin ditu, eta argi azaldu du diktadurak iraun zuen ia lau hamarkadetan «askatasun eta eskubide guztiak» galarazi zizkietela Espainiako Estatuko biztanleei; «soilik, erregimenaren gertukoak bizi ziren ondo». CISen datuen arabera, garai hura bizi izan zutenen artean, hau da, 50 urtetik gorakoen artean, %20k baino gutxiagok pentsatzen dute diktaduran hobeto bizi zirela.
«Eskuin muturra ezinegon maskulino horretaz baliatu da, eta feminismorik, kaosik eta immigraziorik gabeko garai baten moduan aurkeztu du frankismoa»
ANNA LOPEZ Politologoa
Diktaduraren nostalgiko gazteei ohartarazpen bat egin die Hernandezek: «Gobernua Francoren gisako diktadore baten esku balego, ezingo lituzkete egin egun egiten dituzten gauzen %90 ere». Telefonoz argitu duenez, horrelako sistema batean bizi izanda, gazte horiek ezingo lukete iritzirik eman; are gutxiago gobernua kritikatu. Eta emakumeak izanda egoera are eta larriagoa litzakeela gehitu du: «Ezingo lukete ezertxo ere egin aitaren edo senarraren baimenik gabe».
Horren jakitun daude neska gazte asko. Eta CISen emaitzetan islatzen da hori; aldea handia da gizonen eta emakumeen artean: 18 eta 25 urte arteko hogei gizonetik bostek baino gehiagok uste dute diktaduran orain baino hobeto bizi zirela; emakumeen artean, hogeitik batek pentsatzen du horrela. Eta adin horretako emakumeen %85entzat, diktadura «txarra» edo «oso txarra» izan zen. Gizonen artean ere gehienek hala pentsatzen dute, baina portzentajea txikiagoa da (%58).
Valentziako Nazioarteko Unibertsitateko irakaslea da Lopez politologoa; haren iritziz, emakume gazte askok ulertua dute frankismoa «erregimen erabat matxista» izan zela. Eskuin muturrean aditua da, eta uste du «aurrerapen feministei emandako erantzuna» dela hainbat gizon gazte frankismoak «erakarriak» sentitzea: «Eskuin muturra ezinegon maskulino horretaz baliatu da, eta feminismorik, kaosik eta immigraziorik gabeko garai baten moduan aurkeztu du frankismoa». Ez zen hala izan, baina «fantasia erreakzionario» horrek funtzionatzen duela adierazi du, Whatsapp bidez.
«[Alemanian] Babestu dezakete eskuin muturra, baina, salbuespenak salbuespen, inork ez du Hitler goratuko edo svastika bat erakutsiko»
CARLOS HERNANDEZ DE MIGUEL Kazetaria
Bi adituen ustez, hezkuntza da gakoetako bat. Eskolan frankismoa «azaletik» lantzen dela uste du politologoak. Kazetariaren arabera, erkidego autonomo batzuek «hobeto» egin badute ere, «gutxiengoa» dira: «Estatuak, frankismoan ezarritako iruzur hori eten, eta egia historikoa ezarri behar zuen hurrengo belaunaldientzako ikasketa planetan». Eta Lopezek gehitu duenez, estatuak ez badu bermatzen memoria demokratikoaren inguruko hezkuntza, herritarrek diktaduraren bertsio «distortsionatuak» jaso ditzakete, baita «erromantikoak» ere.
Espainiako Estatuan ez bezala, beste herrialde batzuetan, adibidez Alemanian, «marra gorriak» jarri zituztela adierazi du Hernandezek: «Babestu dezakete eskuin muturra, baina, salbuespenak salbuespen, inork ez du Hitler [Adolf, diktadore nazia] goratuko edo svastika bat erakutsiko».
Franco, dantzan
Sare sozialak eskuin muturraren ideia erreakzionarioak zabaltzeko entzungailu bihurtu dira. Bai, entzungailu, eta ez bozgorailu. Izan ere, algoritmoak ez dizkie eduki berak erakusten erabiltzaile guztiei. Ideia erreakzionarioek interesa sortzen dietenei, gisa horretako edukiak erakutsiko dizkie, etengabe. Lopezek azaldu duenez, sareek «burbuilak» sortzen dituzte: «Mezuak kontrasterik gabe errepikatuta, egia bihurtuko dira beste iturririk ez duten gazte askorentzat». Eta Hernadezek gehitu du: «Sare sozialetan erraza da ultraeskuinaren diskurtsoa saltzea, baita erostea ere. Arazo konplexuentzako erantzun errazak ematen ditu». Baina, mezu laburren eta bideo motzen atzean «kanpaina erraldoiak eta diru asko» daudela ere aipatu du.
Sare sozialei esker egin dira nor Espainiako eskuin muturraren ekintzaile nagusietako batzuk. Vito Quiles asaldatzailea esaterako, edota Alvise Perez. Perez sare sozialetan egin zen ezagun, eta egun europarlamentaria da Se Acabo la Fiesta eskuin muturreko alderdian. Halako eduki sortzaileak erreferente bilakatu dira milaka gazterentzat.
«Eduki dibertigarria dirudi, besterik ez; baina, behin eta berriz errepikatuta, frankismoa hutsaltzen duen narratiba bat sortzen du»
JOSEFA MESA Historialaria
Badaude, baina, horren mezu zuzenik eduki gabe ere sakonean politikoak diren edukiak. «Gazteak politizatuak izaten ari dira horretaz jabetu ere egin gabe», azaldu du Josefa Mesa historialariak, telefonoz. Adimen artifizialak dantzan jarri dezake Franco, eta Aitana abeslaria, berriz, Cara al sol abesten. Diktadoreak, dantzan jarrita, ez dirudi horren diktadore. Eta Mesak ohartarazi duenez, ahanzturan geratu daitezke errepresioa edota giza eskubideen zapalkuntza: «Eduki dibertigarria dirudi, besterik ez; baina, behin eta berriz errepikatuta, frankismoa hutsaltzen duen narratiba bat sortzen du».
Halere, Mesak gogorarazi du gazte gehienek ez dutela begi onez ikusten diktadura. Bera ere belaunaldi horretakoa da, eta, Josefine Table izenordearekin, sareetan ultraeskuinaren diskurtsoak deseraikitzen ditu. Uste du hori dela bidea hezkuntzak duen hutsuneari hein batean konponbidea jartzeko: «Borroka kulturala egin behar da, eta sareetan beste errealitate bat erakutsi».