Flotilla atzemanda, armadak Israelera eraman ditu atxilotutako aktibistak

Italiako Atzerri Ministerioaren arabera, Israelek datorren aste hasieran deportatuko ditu hala erabakitzen duten aktibistak, Madrilera edo Londresera. Flotillako ontzi bakarra heldu da Gazako kostaldera, hori ere atzeman duten arren.

Israelek atzemandako Gazarako flotillako zenbait ontzi, gaur, Axdoden. ATEF SAFADI / EFE
Israelek atzemandako Gazarako flotillako zenbait ontzi, gaur, Axdoden. ATEF SAFADI / EFE
Edu Lartzanguren - Igor Susaeta - Maddi Iztueta Olano
2025eko urriaren 2a
20:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gazara laguntza humanitarioa zeraman Global Sumud Flotillaren aurkako operazioa hasi zuen atzo iluntzean Israelgo armadak, nazioarteko uretan. Israelgo Atzerri Ministerioak gaur eguerdian jakinarazi du amaitutzat eman duela egitekoa: flotillan zihoazen berrogei ontzi ingurutik gehienak atzeman ditu armadak, eta laurehun ekintzaile baino gehiago atxilotu —530 zeuden flotillan, tartean lau euskal herritar—; dagoeneko Israelgo Axdod hiriko portura eraman dituzte horietako asko. Flotillaren arabera, arratsaldean ontzi bakarrak jarraitzen zuen «nabigatzen», Marinette-k, eta Israelek ezarritako «itsas eremu debekatuan» zegoen, atzo Israelgo armadak zenbait ontzi atzeman zituen gunetik gertu; ordutik hona ez dute eguneratu itsasontzi horren egoera edo kokapena.

Israelgo Atzerri Ministerioak adierazi du osasunez ondo daudela atxilotutako ekintzaileak, eta Axdodera heldu bezain laster horiek deportatzeko prozedurak hasiko dituztela. Horretarako, dokumentu bat sinatu beharko dute, zeinetan esaten den ilegalki sartu direla Israelen, eta, gainera, hamar urte inguruan Israelera joatea debekatuko zaie. Italiako Atzerri Ministerioaren arabera, aktibistak Ktziot atxilotze zentrora eramango dituzte, bihar dagozkien kontsulatuetako kideen bisitak jasoko dituzte, eta astelehenean edo asteartean Londresera edo Madrilera eramango dituzte hegazkin bidez.

Beste aukera da deportazioari uko egitea eta auzitegien erabakiaren zain geratzea. Are, Channel 12 Israelgo telebista kateak esan du azken orduetan Ktziot kartzelan osatutako auzitegi berezi batek epaituko dituela deportazioari uko egiten diotenak, eta auzitegia herrialdeko Barne Ministerioko zenbait kidek osatuko dutela.

Flotillako abokatu taldea Israelen dago. Adalahk, Israelgo Gutxiengo Arabiarren Defentsarako Zentroak, gaur baieztatu du hark ere laguntza legala eskainiko diela ontzidiko aktibistei. Gobernuz kanpoko erakunde horretako kideek salatu dute Israelek Axdodeko portuan egotea eragotzi dietela, nahiz eta arratsaldean hara hurbildu diren azkenean. Ohartarazi du deportatzeetarako audientziak hasi dituela Israelek, aktibistek aurretik laguntza legala jaso gabe.

Aintzat hartzekoa da, bestalde, 2009an Israelek itsasoko blokeoa ezarri zuenetik laguntza humanitarioa eramateko ezein misio ez dela gerturatu hainbeste Gazara. Mikeno ontzia zerrendatik hamabost kilometro eskasera dago, nahiz eta hori ere atzeman duten.

Erasoa, ur kanoiekin

Militarrek ur kanoiak erabiliz egin zieten atzo eraso flotillako ontziei, eta horietakoren bat jo zuten gerra ontziekin. Fusilekin armaturik sartu ziren hainbat ontzitan. Israelek Alma itsasontzia inguratu zuen erasoaldiaren hasieran, eta Euskal Herrian 21:00 inguru zirenean atzeman zuten. Ondoren Sirius, Adara eta Spectre ontziei egin zieten eraso, eta ekintzaileak atxilotu zituzten.

iSRAELEN MENPEKO ITSAS EREMU DEBEKATUA

Zeren arabera zatitzen dira nazioarteko urak?
Uren eremuak UNCLOS Itsas Zuzenbideari Buruzko Nazio Batuen Konbentzioaren arabera daude zatituta; itun hori 1982an sinatu zuten, Jamaikan, eta horrek zehazten ditu non hasten eta bukatzen diren estatuen menpeko urak eta nazioartekoak; kasurako, estatu baten menpeko urak horren kostaldean hasten dira, eta hortik hamahiru itsas miliara —24 kilometro— bukatu. 

Israelek non atzeman ditu flotillako ontziak? 

Nazioarteko zuzenbidearen zirrikitu bat baliatu du Israelek Gazarantz abiatutako Global Sumud Flotillako ontziak atzemateko. Israelek bere menpeko «itsas eremu debekatu» gisa du izendatua Gazako kostaldean hasten den eta 120 miliara arte —222 kilometro— zabaltzen den eremua, eta hor gerarazi ditu flotillako ontziak; gatazka beliko bat abian dagoenean soilik egin daiteke izendapen hori. 

Eremu horretara sartuz gero, zer neurri har ditzake Israelek?
Kasu horretan, Israelek eskumena luke argudiatzeko ontzi horien helburua herrialdeari «eraso» egitea dela, eta bere menpeko eremua «legez kanpo» urratzea egotzi lekieke. Horrek bide emango lioke ontzi horietako kideak atxilotzeko eta herrialdetik kanporatzeko. Nazioarteko hainbat organok iker ditzakete Israelek salatutako «urraketa» horiek, hala nola NBE Nazio Batuen Erakundeak, Itsasoko Zuzenbidearen Nazioarteko Auzitegiak eta Nazioarteko Itsas Erakundeak. 

Espainiak eta Italiak bidalitako ontziek zergatik ez dute ezer egin?
Espainiako eta Italiako gobernuek bi ontzi militar bidali zituzten flotillaren ingurura joan den astean, «beharrezkoa izanez gero» horiei laguntzeko. Baina, Israelek flotillako ontziak atzeman dituen arren, ez batak eta ez besteak ez ditu horietan zihoazen ekintzaileak lagundu. Hain justu, Israelen menpeko eremu debekatuan sartzeak krisi diplomatiko bat sor lezake Espainiaren eta Italiaren, eta Israelen artean. 

Ontzidiko ekintzaileen artean gizarte mugimenduetako kide ugari daude, baita kazetari batzuk eta hainbat politikari ere: besteak beste, Thunberg, Nkosi Zeelivelile —Nelson Mandelaren biloba—, Mariana Mortagua Bloco de Esquerdako politikaria, Chris Andrews Sinn Feineko politikaria eta Emma Fourreau europarlamentari frantziarra, besteak beste.

Iragarri bezala, mundu osoko hainbat tokitan hasiak dira elkarretaratzeak eta manifestazioak egiten flotillaren aurkako erasoaldiaren kontra protesta egiteko. Hego Euskal Herrian, gaur egin dituzte mobilizazioak, 19:00etan, eta urriaren 15erako lanuzteak egitera ere deitu dute sindikatuek. Italian greba orokorra antolatu dute biharko.

Haserrea nazioartean

Antzeko erreakzioak eragin ditu Israelek flotillaren aurka egindako operazioak: oro har, haserre agertu da nazioartea. Qatarko Gobernuak, kasurako, prentsa ohar baten bidez exijitu dio Israeli «berehala» aske uzteko atxilo hartutako ekintzaile guztiak; Belgikako Atzerri ministro Maxime Prevotek, berriz, bilerara deitu du Israelek Belgikan duen enbaxadorea. 

NBE Nazio Batuen Erakundeko Giza Eskubideen Bulegoak ere hitz egin du Israelen ekintzen inguruan. Horko bozeramaile Thameen al-Kheetanek gogorarazi dio Israeli, prentsari egindako adierazpenen bidez, estatu okupatzaile gisa populazioari oinarrizko baliabideak emateko betebeharra duela, hau da, bermatu behar duela Gazako biztanleek janaria eta edateko ura dituztela, eta ez lukeela oztopatu beharko hara laguntza humanitarioa eraman asmo duen egitasmorik. 

ARABIAR LIGAK EZ DU JARRERA BATERATUA TRUMPEN PROPOSAMENAREN INGURUAN 

Arabiar Liga osatzen duten 22 herrialdeek ez dute ikuspuntu bera AEBetako presidente Donald Trumpek iragarritako Gazako planaren inguruan; herrialde arabiar batzuen arabera, proposamen horrek «egoera zail batean» jartzen ditu palestinarrak. Hala jakinarazi du gaur Arabiar Ligako idazkari nagusi Hossam Zakik, Kairon (Egipto) egindako prentsaurreko batean: «Politikari arabiar eta palestinar batzuen ustez, proposamena prozesu baten abiapuntua izan daiteke, baina beste batzuek uste dute plan suizida bat dela». Horrekin lotuta, gaineratu du Trumpek zabaldutako planak ez dituela barne hartzen eztabaidatu beharko liratekeen puntu batzuk, hala nola zer epetan aterako litzatekeen Israelgo armada Gazatik.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.