Venezuelari eraso egin berritan, Donald Trump AEBetako presidenteak harago joateko asmoa adierazi du. Mehatxu egin dio Kolonbiako presidente Gustavo Petrori, Kuba «erortzear» dela esan du, eta Groenlandia «behar» duela berretsi. Aurrez ere esana du hori, baina Venezuelan gauzatutako operazioren ostean, alarmak piztu dira Groenlandian eta Danimarkan.
Ikusi gehiago
Jens-Frederik Nielsen Groenlandiako lehen ministroaren ustez, AEBetako presidentearen mehatxuak «onartezinak» dira: «Mehatxuek, presioak eta anexioaren inguruko hitzek ez dute lekurik lagunen artean», adierazi du gaur sare sozialetan. Eta gehitu du AEBek albo batera utzi behar dituztela anexioaren inguruko «fantasiak»: «Nahikoa da».
Artikoko uharteak bere gobernua badu ere, Danimarkaren menpeko lurraldea da, eta atzo Mette Frederiksen Danimarkako lehen ministroak «mehatxuak» alboratzeko exijitu zion Trumpi, ohar batean. Ziurtatu zuen AEBek Groenlandia anexionatzeak ez duela zentzurik, eta, gainera, Washingtonek ez duela horretarako eskubiderik. Frederiksenek gogorarazi zuen Danimarka NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearen parte dela, hortaz, aliantzak hitzartutako segurtasun bermeek babesten dute Groenlandia ere. NATOren 5. artikuluaren arabera, aliantzako kide baten kontrako eraso bat aliantzaren beraren aurkako erasotzat hartzen da.
Horrez gain, Danimarkako lehen ministroak jakinarazi zuen Kopenhagek inbertsio «nabariak» egin dituela Artikoko segurtasuna bermatzeko. Izan ere, Trumpek «Artikoaren segurtasuna» argudio gisa hartuta, esan izan du uhartea anexionatzeko beharra duela.
The Atlantic AEBetako hedabideak atzo kaleratutako elkarrizketa batean, Trumpek honako adierazpen hauek egin zituen: «Groenlandia behar dugu, dudarik gabe. Defentsarako behar dugu». Hori justifikatzeko, esan zuen uhartea itsasontzi txinatarrez eta errusiarrez «inguratuta» dagoela.
SOON pic.twitter.com/XU6VmZxph3
— Katie Miller (@KatieMiller) January 3, 2026
Herenegun, AEBek Nicolas Maduro Venezuelako presidentea harrapatu eta ordu gutxira, Katie Miller politikari errepublikanoak AEBetako banderarekin estalitako Groenlandiako mapa bat zabaldu zuen sare sozialetan. «Laster» mezua idatzi zuen sareetan zabaldutako argitalpen horretan. Miller Etxe Zuriko komunikazio taldeko arduradunetako bat izan zen Trumpen lehen agintaldian (2017-2021). Nielsenek argitalpen horri erantzunez honako mezu hau argitaratu zuen bere sare sozialetan: «Gure herrialdea ez dago salgai, eta gure etorkizuna ez da sare sozialetan erabakitzen».
Mendebaldeko Hemisferioaren «nagusitasuna»
Venezuelako erasoak argi utzi du Trumpek Segurtasun Nazionalerako Estrategian aurkeztutakoak bete asmo dituela. Abenduaren hasieran argitaratu zuten Etxe Zuriaren mundu ikuskera islatzen duen dokumentu hori. Hartan «Mendebaldeko Hemisferioan nagusitasuna berrezartzeko» nahia azaltzen du Trumpek.
Estrategia horretan berriz ere mahai gainean jarri zuen Monroe Doktrina, eta korolario bat gehitu zion, Trumpen korolarioa: «Urteetako utzikeriaren ondoren, Estatu Batuek Monroe Doktrina berretsi eta betearaziko dute, Mendebaldeko Hemisferioan nagusitasuna berrezartzeko, eta gure aberria eta geografia erabakigarrietarako irisgarritasuna babesteko. Hemisferiokoak ez diren lehiakideei indar posizioak edo mehatxagarriak diren bertze baliabideak ezartzea eragotziko diegu, baita ondasun estrategiko erabakigarriak hartzea ere». Doktrina hori erabili izan dute AEBek Amerikako gainerako herrialdeetan interbentzio militar eta politikoak justifikatzeko.