Frantziako unibertsitate batzuek ere bat egin dute protestekin

Herrialde osora zabaldu da ikasleen mobilizazioa. Gutxienez mila pertsona atxilotu dituzte azken egunetan.

Ikasle protesta bat, gaur, Parisen.  FIRAS ABDULLAH / EFE
Ikasle protesta bat, gaur, Parisen. FIRAS ABDULLAH / EFE
Iraia Leon Pego
2026ko urriaren 1a
16:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Frantziako Estatuko hainbat unibertsitate protesta giroan esnatu dira gaur goizean. Izan ere, ikasleek fakultateetako ateak blokeatu dituzte, baita pankartak zintzilikatu ere, eta Frantzia osoan Bigarren Hezkuntzako zentroetan zabaldu diren mobilizazioekin bat egin dute. Funtsean, hezkuntza sistemaren egoera gero eta kezkagarriagoa dela ohartarazi nahi dute protestan ari direnek. Hala ere, egunotan herrialdeko mobilizazioetan jasandako bortizkeria salatzeko ere egin dute bat unibertsitatetako ikasleek protestekin.

Ikasle sindikatuen arabera, gaur goizean 30 bat campus blokeatu dituzte ikasleek Frantzian, eta Parisko, Lyongo, Estrasburgoko eta Nizako unibertsitateetan egin dituzte mobilizazio nagusiak. Bigarren hezkuntzako ikasleen eskaerak babestu nahi izan dituzte, eta, hortaz, azpiegiturak berritzea eta baldintza «duinak» izatea eskatu dute Frantziako fakultateetan.

Mobilizazioen jatorria, hala ere, lizeoetan dago. Iragan astean hasi ziren lehen protestak Paris inguruko hainbat ikastetxetan. Ikasleek azaldu dutenez, eskoletako baldintza «jasanezinak» salatzeko hasi ziren antolatzen.

Ikasle sindikatuek diotenez, dena den, ezinegona ez da egun batetik bestera sortu. Ekaineko bero boladek agerian utzi zuten ikastetxe askok ez zituztela behar bezalako baldintzak. Horri gehitu behar zaio sindikatuek salatzen dutela irakasleak falta direnean ez dituztela ordezkatzen, ikasgelak ikaslez gainezka daudela, eta ikasleen eta irakasleen baldintzak okerrera egin dutela. Testuinguru horretan piztu zen protesta, eta egun gutxian Paris ingurutik herrialde osora hedatu da.

Istiluak protestetan

Frantziako Barne Ministerioaren arabera, asteazkenean 3.700 lizeoetatik 356 ikastetxek izan zituzten «protestak edo gorabeherak». Horiek horrela, tentsioa areagotu egin da Frantziako Estatuan, eta hainbat tokitan istiluak izan dira; sindikatuek kritikatu egin dute Frantziako Poliziaren jarduna.

Tokiko hedabideek jakinarazi dutenez, Poliziak negar gasa erabili du azken egunetan ikasleak sakabanatzeko, eta, istiluen ondorioz, kasu larriak izan dira. Esate baterako, Toursen, gazte bat artatu behar izan dute gomazko pilota batekin buruan jo zutelako. Gainera, Hezkuntza ministro Edouard Geffrayk azaldu du ikasle batek eskuaren zati baten mugikortasuna galdu duela protesta batean.

Hezkuntza Ministerioaren arabera, protestak hasi zirenetik 119 ikasle eta irakasle zauritu dira.

Bestalde, Frantziako Barne ministro Laurent Nuñezen arabera, asteazkenean 625 pertsona atxilotu zituzten herrialde osoan. Aurreko egunean beste 440 atxiloketa izan ziren; beraz, azken egunetan mila pertsonatik gora atxilotu ditu Poliziak. Gehienak adingabeak direla azaldu du gobernuak.

Eztabaida politikoa

Emmanuel Macron presidenteak atzo Madrilen adierazi zuen ikasleen kexa asko «ulergarriak» direla eta gobernua prest dagoela horiek aztertu eta konponbideak bilatzeko. Hala ere, erabat arbuiatu zuen azken egunetan izandako «bortizkeria», eta Poliziaren jarduna babestu zuen. «Eskolak jakintza zabaltzeko daude, eta ez blokeatuta egoteko», gehitu zuen.

Hezkuntza ministroak ere bide beretik jo du. Hala ere, mobilizazioaren eskaerei erantzuteko, ikasle guztiei irekita egongo den kontsulta plataforma bat abiatuko duela iragarri zuen atzo, prentsaurreko batean.

Frantziako eskuin muturrak, bestalde, LFI Frantzia Intsumisoari eta haren buru Jean-Luc Melenchoni leporatu die mobilizazioak hauspotzea eta «matxinada antolatzen» aritzea.

Ezkerreko alderdiek, berriz, gobernuari egotzi diote hezkuntza publikoaren arazoei urte luzez ez erantzun izana. Hala, Alderdi Sozialistako buru Olivier Faurek eskatu du gobernuak berehala har ditzala ikasle eta irakasleen ordezkariak, eta ohartarazi du «ikasleen haserrea ez dela makilakaden edo gomazko piloten bidez konponduko».

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA