Frantziako lizeotarren oldarraldiari lotu zaizkie Ipar Euskal Herriko ikasleak. 10:30ean ezohiko irudia eman dute Baionako Xaho plazan: «Ikasle, gure eskubideak defendatu» zioen banderolaren gibeletik, ehunka ikasle Baionako karriketan barna ibili dira manifestazio inprobisatuan. Cassin, Etxepare, Paul Bert, Louis-de-Foix eta Cantau lizeoetakoak, baita Miarritzeko (Lapurdi) ostalaritza lizeokoak eta Hendaiako Aizpurdikoak ere, gutienez. Denek elkarrekin, hezkuntzarako baliabide gehiago eskatu, eta babesa adierazi diete azken egunetan Poliziaren indarkeria jasan duten Frantziako ikasleei.
Denbora guti behar izan da astelehenetik geroz sareetan zabaldu diren indarkeria kasuen irudiak Ipar Euskal Herrikoak bilakatzeko. Louis-de-Foix lizeoan blokeoak hasi eta kasik segidan abiatu dira Poliziaren eta lizeotarren arteko tentsioak. Cantaun ere «oso bortitza» izan da goiza, ikasleek elkarri jakinarazten ziotenaren arabera. Lapurdiko hiriburuan gaindi, poliziek borraz jo dituzte zenbait ikasle, eta negar gasa zabaldu dute taldeen barreiatzeko; ikasle bat begitartean zauritu dute, gazteak baieztatu duenez flashball tiro bat errezibituta begian.
Mobilizazioak abiatu direnetik, gutienez bederatzi gazte atxiki dituzte Baionan; prokuradoreak informaziorik ez du baieztatu nahi izan, ezta egoera zehaztu ere. Eskuragarri dauden informazioen arabera, betiere, 14 eta 16 urte artekoak dira gazte horiek.
Goizaldi erditsuan, Baiona Ttipiko Paul Bert lizeoaren inguruan, ikasleak eskuin-ezker korrika ari ziren oihuka, poliziei ihes egin nahian. Anonimoki mintzatzera ausartu diren bi neska gaztek polizien beldurra adierazi dute orduan: «Adingabeei gasa bota diete, identifikatu gabeko autoetan hurbiltzen dira, ez dute erraten poliziak direnik... Zernahi da. Izialdura da hemen».
Ahotsa kexu eta dardarti, lizeora buruz abiatu dira berriz, beren burua «defenditzera», beldurtuak izanik ere mobilizazioetara juntatu badira ikasleen asea adierazteko juntatu baitira: «Ezin dugu gehiago. Parcoursup sistemak [baxoaren ondoko ikasketak hautatzeko plataforma] izorratzen gaitu, irakasleak eskas ditugu, ura sartzen da teilatuetarik, 13:00etarik goiti ez da gehiago jatekorik kantinan, jakinik ere bost euro ordaintzen dugula bazkaria... Aski da».
Baionako Paul Bert lizeoaren aitzinean ikasleen kontra kargatu du Poliziak, negar eragiteko gasa erabilita. Ikasleak alde guztietara korrika egin dute. Nahasmendu handia dago. 10:30ean dute manifestazioa. @berria pic.twitter.com/X7NMEU5eDI
— Ekhi Erremundegi (@EkhiErremundegi) October 1, 2026
«Lizeo guzien afera»
Ikastetxe publikoetako ikasleek ez ezik, Seaskako Bernat Etxepare lizeokoek ere blokeoa antolatu dute goizean. «Hezkuntza Ministerioak langileen lan baldintzak okertu» izana salatu dute, hots, «egoeraren bilakaera ez kontuan hartu izana», aurrekontua emendatuagatik ere. Hain zuzen, 4.000 irakasle postu kendu dituzte aurten: 2.400 lehen mailan, eta beste 1.600 kolegio eta lizeoetan. Behin eta berriz, Frantziako Gobernuak demografiaren eta ikasle kopuruaren apaltzea aipatu du erabaki horien arrazoitzeko, baina Etxepareko ikasleek argi dute «urtero gela kopurua ere apaltzen» dela eta «ikasgelak betetzen» direla.
Etxepareko ikasleak daude polizien «bortizkeria» jasan dutenen artean, ikastetxeak berak zabaldutako ohar baten arabera. Lizeoko zuzendaritzak nabarmendu du ikasleak «modu baketsuan» egin dutela protesta, eta ez duela onartzen manifestarien aurka erabilitako indarkeria.
Egoeraren salatzea inportantea izan zaio Cassin lizeoko Gabrielle Tricoti ere. Izan ere, ehun bat ikasle bildu dira Cassin ikastetxearen aitzin ere, goizetik goiz, egoitzarako sarrera blokeatzeko. Louis-de-Foix ikastetxekoekin laster batu dira, «erosoago» sentitzen zirelako anitz eta anitz izanik «indar erakustaldien aitzinean»; joan-jinean ibili dira lizeo batetik bestera.
Tricotek «ikasleen akiduraz» ohartarazi du, horien ordutegiak «08:00etatik 18:00etara luzatzen» baitira hiru aldiz astean. «Hertsagarria da: egutegiak gaizki pentsatuak dira, denborarik ez dugu jateko; ez da onargarria». Horregatik, aste hasierako Parisko irudi «aski beldurgarriak» ikusirik ere, karrikara atera da gaur, Baionara. Serum fisiologikoa ekarri du zakuan, halere, Poliziarekin gertatuko zenaren beldur.
Mobilizatu diren ikasleen artean izan da Kylian Leclerc ere: «Beste lizeoekiko elkartasunez bildu naiz, batez ere. Eta, bestalde, duela urte anitz salatzen duguna berriz aitzinera eramateko, sekula ez baikara serioski entzunak. Blokeo horietaz baliatzen gara, beraz, mezu horien pasarazteko: lizeo guzien afera da».

Hezkuntza aroko arrangura horietaz gain, euskararena gehitzen zaie Seaskako ikasleei. Goizean Etxepare lizeoan antolatu duten prentsaurrekoan, oraindik ere baxoa euskaraz pasatu ahal ez izatea gaitzetsi dute: «Gure geroko erabakigarria den azterketa zalantzan jartzen du, eta gure hezkuntza eskubideak urratzen ditu».
Etxepareko ikasle asanbladak eta asanblada antifaxistak, beraz, blokeo mugimenduan parte hartzea erabaki dute, «frantsesak ez izan arren Frantziako hezkuntza sisteman murgilduak» direlako, «nahi ala ez».