Gatibu hartutako flotillako kideak Kretara eraman dituzte, eta bi, Israelera

Israelek bi ekintzaile itaunduko ditu, bata «erakunde terrorista» bateko kidea delakoan, eta bestea «legez kanpoko ekintzak» egin dituelakoan.

Israelek atzemandako ekintzaileak Kretan, gaur. EFE
Israelek atzemandako ekintzaileak Kretan, gaur. EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko maiatzaren 1a
15:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Israelgo armadak Global Sumud Flotillako 175 bat ekintzaile hartu zituen gatibu herenegun gauean, nazioarteko uretan zirela, Greziako Kreta irlatik ehun bat kilometrora; itsas segizioko 58 ontzi zihoazen Gazako laguntza humanitarioaren blokeoa hausteko asmoz, eta horietako 22 atzeman zituen Israelek. Herrialde hartako Atzerri Ministerioak sare sozialen bidez jakinarazi du dagoeneko Kretan daudela gatibu hartutako ekintzaile guztiak, bi izan ezik: Saif Abu Kexek palestinarra eta Thiago Avila brasildarra; Israelera eramango dituzte «itaundu» ditzaten, lehena «erakunde terrorista» bateko kidea delakoan, eta bigarrena «legez kanpoko ekintzak» egin dituelakoan.

Gaur, gatibu hartutako ekintzaileak askatzeko exijitu du Gazarako misioak sare sozialetan: «Gobernu guztiek egin diezaiotela presio Israelgo erregimenari». EFE albiste agentziak Espainiako Atzerri Ministerioko iturriak aipatuz kaleratu duenez, Abu Kexek aske uztea galdegin du gobernuak —Espainiako nazionalitatea du ekintzaileak, eta, Flotillak adierazi duenez, Suediakoa ere bai—.

Itsas segizioak prentsaurrekoa egin du arratsalde honetan. Jakinarazi du Italiako bandera bat zeraman ontzi batean atzeman zutela Abu Kexek, eta Poloniako bat zeraman beste ontzi batean gerarazi zutela Avila. Esku hartzeko eskatu die herrialde horiei, baita, ekintzaile palestinarrari dagokionez, Suediari eta Espainiari ere: zehaztu dute Stockholmek ez duela «esku hartzeko asmorik», eta Madrilek baietz, nahiz eta «zaila» izango den hori egitea Israelgo ontziak «behin nazioarteko uretara helduta».

Apirilean, Avila atxikita eduki zuten Buenos Airesko aireportuan —Israelen aliatua da Argentina—, flotillaren delegazioetako bat aurkeztera joan zenean. Iazko ekainean, Askatasunaren Flotilla misioan parte hartu zuen brasildarrak; orduko hartan, Israelek Madleen ontzia atzeman zuen, Ashdodeko portura (Israel) eraman zituen ekintzaileak, eta deportatu egin zituzten ondoren.

Herenegun atzeman zuten misioan hamabi euskal herritar zihoazen, eta Israelgo armadak haietako zazpi atzeman zituen —Kretan daude zazpiak—. Flotillaren webgunearen arabera, Kreta hegoaldean daude Israelgo armadak atzeman ez zituen ontziak, Greziako uretan; Turkiako Marmaris hiriko portuan, berriz, beste bederatzi ontzi daude, eta segizioarekin bat egitekoak dira. Prentsaurrekoan, nabarmendu dute misioa ez dutela bertan behera utzi, eta blokeoa hausten saiatuko direla.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA