Global Sumud Flotillako ekintzailea

Lander: «Droneak ikusten genituen gure gainean, baina alde egitea lortu dugu»

Greziako uretan da Lander, eta bere ontziak ihes egitea lortu du, baina bertatik bertara jasan du Israelgo indarren erasoa.

Global Sumud Flotilla Bartzelonatik irteten, apirilaren 12an. MARTA PEREZ / EFE
Global Sumud Flotilla Bartzelonatik irteten, apirilaren 12an. MARTA PEREZ / EFE
Igor Baigorri Perez (2)
2026ko apirilaren 30a
16:54
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mediterraneo itsasoan dago Lander —ez du abizena eman nahi izan, segurtasun arrazoiak direla medio—, Greziako uretan, Kreta uharteko kostaldetik hegoaldera. Euskal Herritik abiatu eta Gazara bidean da, Global Sumud Flotilla ekinaldiko beste hainbat ekintzailerekin batera. Atzo iluntzean, ekinaldiko 22 ontzi atzeman zituen Israelgo armadak —58 daude guztira—, eta 175 lagun inguru hartu zituen gatibu. Landerren ontziak ihes egitea lortu zuen, baina beste batzuk ez, eta orain kezkatuta daude, ez baitute besteen berri. 

Nola zaudete orain? Eta nolakoa izan da gaua?

Orain, Kreta uhartearen inguruan gaude, Grezian. Hegoaldetik igaroko dugu, eta Ierapetra hirira iristea dugu helburu, horrela baikenuen aurreikusia. Gu lehenengotakoak izango gara hara iristen, baina oraindik ordu batzuk falta zaizkigu. Gauean ihesean ibili ginen, eta, orain, sakabanatuta daude ontziak.

Zer gertatu zen zehazki atzo gauean?

Bada, aurreko astean israeldarrekin harreman komertzialak zituen ontzi bat gelditu genuen, eta atzo horrelako beste ekintza bat egin asmo genuen. Horrelakoetan, flotilla bitan banatzen dugu: batzuek Gaza aldera segitu zuten, eta besteak ontzi hori gelditzera joan ginen. Bidean ginela, gaueko hamarrak aldera, Israelgo ontzi handi bat azaldu zitzaigun —nik pentsatzen nuen Greziako armada izango zela— . Ontzi horrek foku potente batzuekin argiztatu gintuen, eta guk azkar erreakzionatu genuen: ontzia eman ahal guztian jarri, eta lortu genuen distantzia pixka bat hartzea. Droneak ikusi genituen gure gainean, baina alde egitea lortu dugu, eta goizeko seietan ailegatu gara Kretara.

Hortaz, zuek ihes egitea lortu duzue. Baina beste batzuek, aldiz, ez.

Hori da. Ihes egiten ari ginela konturatu ginen ontzi batzuk harrapatu egin zituztela. Ondoren, zabaldu dute 22 ontzi geldiarazi zituztela eta 175 lagun inguru atxilotu. Egia esateko, pixka bat beldurtu gara; izan ere, posible da ontzi horiei motorra hondatu izana eta noraezean utzi izana, inongo komunikaziorik gabe. Ez dakigu, ez dugu baieztapenik, baina hipotesi bat da.

Zergatik pentsatzen duzue hori?

Bada, gure estrategia zen atxilotuz gero sakelako guztiak uretara botatzea —iaz egin zen bezala—. Baina ontzi batean, zeinetan bi euskaldun zeuden, batek ez zuen denborarik izan sakelakoa botatzeko, eta, hori dela eta, bertan zer gertatu den jakin dugu. Itsasontziko brankara eraman zituzten ekintzaileak, miatu zituzten, ontzia ere arakatu zuten, eta, ezustean, haien bideari jarraitzeko esan zieten. Baina motorra hondatu zieten. Orduan, noraezean geratu ziren. Sakelako horri esker aukera izan dute atoi bat mobilizatzeko. Ez dakigu beste ontziekin zer egin zuten.

Eta horiengatik arduratuta zaudete?

Bai, oso kezkatuta gaude. Eguraldia zakartu egingo da gaur gauetik aurrera, eta horregatik genuen aurreikusia geldialdi bat egitea Kretan. Ontzi horiek noraezean badaude eta inongo komunikaziorik gabe…

Gatibu hartu dituzten ekintzaileen inguruan badakizue zerbait?

Ez, ez dakigu deus ere. Pentsatzen dugu ontzi handi horretan atxilo hartu eta Israelera eramango zituztela, baina hori gure hipotesia da soilik. Gainera, horrela bada, hemendik Israelera 700 itsas milia daude, eta denbora asko beharko dute Israelera ailegatzeko. Baina ez dakigu besterik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA