Gazako herritarrak «gosete arrisku larrian» daudela ohartarazi du FAOk

Ikerketa bat kaleratu dute, eta, horren arabera, lurralde horretako lau etxeetatik batek «muturreko» elikadura falta du. Unicefek jakinarazi du, gainera, 10.000 ume inguru hiltzeko arriskuan daudela, malnutrizioaren ondorioz.

Gazako herritarrak Rafahko errefuxiatu esparruan, ogia suan kozinatzen.
Gazako herritarrak Rafahko errefuxiatu esparruan, gaur, ogia suarekin kozinatzen gasik ez dutelako. HAITHAM IMAD/EFE
iraia vieira gil
2023ko abenduaren 23a
20:00
Entzun

Gazako elikadura egoera aztertzen duen ikerketa kaleratu zuen ostegunean FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundeak, eta, bildutako datuen arabera, bi milioi gazatar baino gehiagok «gose handiari» aurre egin behar diote gaur egun. Gatazka lurralde horretako herritarren %90 inguru, zehazki, «gosete arrisku larrian» daude, txosten horren arabera. Izan ere, Gazaren aurkako erasoek eta laguntza humanitarioa helarazteko bide «segururik» ez izateak «eragin negatiboa» dute biztanleen elikaduran; hala dio ikerketak: «Babesleku desegokietan edota oinarrizko zerbitzurik gabeko eremuetan pilatzeak eta bakartzeak neurri handi batean areagotzen du gosete arriskua».

IPC Elikagaien Segurtasunaren Sailkapen Integratuaren eskalak bost fasetan banatzen ditu gosete arriskuak, eta bosgarrena da, hain zuzen, larriena. FAOk egindako azterketaren emaitzek erakutsi dute Gazaren kasuan hirugarren eta bosgarren faseen artean daudela herritar gehienak. Horrek esan nahi du, beraz, lurralde horretako lau etxeetatik batek —bostehun mila lagun baino gehiagok— «muturreko» elikadura falta duela, bost urte baino gutxiagoko umeen heriotza tasa handitu dela eta, oro har, heriotzen kopurua «gehiegizkoa» dela. Egoera aldatzeko irtenbidea zein den argi utzi zuen duela hilabete FAOko zuzendari Qu Dongyuk: «Elikatzeko eskubidea bermatuko duen berehalako su etena ezartzea». Horrez gain, ziurtatu zuen «Palestinako herritarrei arreta emateko konpromisoa» betetzen jarraituko dutela.

«Organismoaren defentsak ahultzen ditu goseak, eta atea irekitzen die gaixotasunei. Gaixotasun infekziosoen tasa zorabiagarriak ditu dagoeneko Gazak». TEDROS ADHANOM GHEBREYESUSOME Osasunaren Mundu Erakundeko zuzendaria

Dongyunen iritzi berekoa da Tedros Adhanom Ghebreyesus OME Osasunaren Mundu Erakundeko zuzendaria, eta horren aldeko hainbat adierazpen egin zituen herenegun, X sare sozialean. Gerrak eragindako elikagai eta higiene faltaren ondorioz hedatu daitezkeen gaixotasunek kezkatzen dute bereziki: «Organismoaren defentsak ahultzen ditu goseak, eta atea irekitzen die gaixotasunei. Gaixotasun infekziosoen tasa zorabiagarriak ditu dagoeneko Gazak». Bost urte inguruko umeen kasuan egoera bereziki larria dela gogorarazi zuen, beherakoa izateko arriskua hogeita bost bider handiagoa baita urriaren 7an gerra hasi zenetik. «Horrelako egoera batean gaixotasun horiek izatea hilgarria izan daiteke umeentzat», azaldu zuen.

Horrez gain, Gazaren aurkako erasoek ospitaleetan izan duten eragina azaldu zuen. Izan ere, ostegunean medikuntzarako beharrezkoak diren sendagaiak eta hornidurak eraman zituzten Gazako Al-Ahli ospitalera. Ebakuntzak egiteko gela zuela kontatu zuen, baina egun horretako erasoek hornidura elektrikorik eta urik gabe utzi zutela ospitalea; horrek ebakuntzak egiten jarraitzea galarazi zien medikuei. «Pazienteek eta sendagileek benetan latzak diren egoerei egin behar diete aurre», adierazi zuen. Gazako iparraldean laguntza ematen jarraituko dutela aurreratu zuen, baina ohartarazi zuen pazienteak artatzeko baliabiderik gabe «apurka» hiltzen joango direla.

Ebazpena, zalantzan

NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluak, besteak beste, palestinarrei «giza laguntza emateko bide seguru eta berehalakoa» bermatzeko adierazpena onartu zuen atzo. AEBak eta Errusia abstenitu egin ziren, eta Segurtasun Kontseiluko gainerako hamahiru kideek aldeko botoa emanda onartu zuten adierazpena. Su eten bat eskatzeko ahaleginean aritu baziren ere, AEBek ez zuen horretarako biderik utzi eta, azkenean, giza laguntza helarazteko «baldintzak» sortzea besterik ez zuten aipatu. Nazioarteko hainbat eragilek ebazpena kritikatu dute, haien ustez gatazkari aurre egiteko nahikoa ez delako eta horren ezarpena zalantzan jartzen dutelako. Adhanomek, esaterako, atzo esan zuen «berehalako su etena» onartzea baldintzarik «garrantzitsuena» zela, ebazpenaren onarpena ezagutarazi eta gero.

Gazako Osasun Ministerioaren arabera, 20.000 lagun inguru hil ditu Israelek orain arteko bonbardaketetan, urriaren 7an gerra hasi zenetik; horietatik 8.000 umeak dira. Hildakoen %70 inguru emakumeak eta umeak direla diote, zehazki, NBEk emandako datuek. Horrez gain, erakundeak jakinarazi du 50.000 lagun baino gehiago zauritu dituztela. Unicef Haurren Laguntzarako Nazio Batuen Funtsak, berriz, ohartarazi du 10.000 ume inguru hiltzeko arriskuan daudela malnutrizioaren ondorioz.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
BERRIA babestuz, harro herri! Martxoaren 14tik 24ra, ekarpenak saria du.