Gazarako nazioarteko indar militarra zerrenda hegoaldean hedatzea onartu du Israelek

Proiektu pilotu bat ezarriko dute Rafah hirian, zeina Israelgo armadak kontrolatzen baitu. Nazioarteko berrehun bat soldadu arituko dira han, trantsiziozko gobernu palestinarrarekin batera. Netanyahu bihar biltzekoa da Trumpekin, Irani buruz hitz egiteko.

Hainbat palestinar Israelen erasoek birrindutako eraikinen inguruan, uztailaren erdialdean, Gaza hirian. MOHAMMED SABER / EFE
Hainbat palestinar Israelen erasoek birrindutako eraikinen inguruan, uztailaren erdialdean, Gaza hirian. MOHAMMED SABER / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko uztailaren 27a
10:45
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gazarako planak aurreikusitako nazioarteko indarra zerrendaren hegoaldean hedatzea onartu zuen atzo Israelgo Gobernuko segurtasun kabineteak, Israelgo zenbait hedabidek kaleratu dutenez. Oraindik zehazteko dute tropak noiz bidaliko dituzten, baina asmoa da datozen asteetan «gune humanitario bat» ezartzea Rafah hirian, zeina Israelgo armadaren esku egon den bi urte baino gehiagoz; izan ere, nazioarteko misio militar hori «erabat koordinatuko» da Israelgo tropekin. Oraingoz, Tel Avivek «lagun» dituen zenbait herrialdetako berrehun bat soldaduk osatuko dute indar hori, besteak beste Ugandatik eta Marokotik heldutakoek, iturri ofizialek Reuters albiste agentziari atzo jakinarazi ziotenez.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroaren, Israel Katz Defentsa ministroaren eta Gideon Saar Atzerri ministroaren oniritzia behar du proiektuak, inor Gazara bidali baino lehen. Israelgo hedabideek aipatutako iturri ofizialen arabera, aurrerantzean ere hango armadak kontrolatuko du lerro horia delakoa —hala deritzo militarki mendean duen Gazako guneari; zerrendaren ia herena (%64,9) kontrolatzen zuen ekainaren amaierarako, OCHA Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoaren arabera—: «Ez da inolako erretiratzerik egongo harik eta Hamas armagabetu eta Gaza desmilitarizatu arte».

Zona horren parte batean ekingo diote «gune humanitarioak» ezartzeko proiektu pilotuari, Rafah hiria lerro horiaren barruan dagoenez gero; aldi baterako etxebizitzak eraikitzea jaso dute planean, eta hara desplazatzen diren palestinarrek egiaztatu beharko dute ez dutela zerikusirik Hamas talde palestinarrarekin. UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak iaz ohartarazi zuen «kontzentrazio esparru masiboak» sortuko zituela gazatarrak zerrendaren hegoaldeko hiri horretara desplazatzeko Israelen nahiak.

Nickolai Mladenov Gazarako Bake Batzordeko arduradunaren ahotan, nazioarteko indar hori Israelek eta Hamasek iazko urrian «adostutako markoaren parte esanguratsua da», besteak beste «Gaza egonkortzeko eta desmilitarizatu dadin laguntzeko». Hori idatzi zuen atzo sare sozialetan Gazarako plana gainbegiratzen duen nazioarteko organoaren goi kargudunak, eta erantsi zuen beste helburuetako bat «trantsizioa erraztea» dela, bertan Gaza Administratzeko Batzorde Nazionalak zerrendan agindu dezan —horrela deritzo zerrendako egunerokoa kudeatuko duen trantsiziozko administrazio palestinarrari, zerrendarako planaren arabera helburua zera baita azkenerako: Gazaren gobernabidea PAN Palestinako Aginte Nazionalari ematea berriz—. Hain zuzen ere, tokiko batzorde hori arduratuko da Rafahn ezartzekoak diren proiektu pilotua kudeatzeaz, nazioarteko indar militarrarekin batera.

Gazarako plana Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak ondu zuen iaz, eta Netanyahurekin batera aurkeztu zuen irailaren amaieran. Egun batzuk geroago onetsi zuten bi aldeek, Israelek eta Hamasek; are, Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluak berretsi zuen ebazpen bidez, azaroan. Erasoak etetea izan zen «bake plan» horretan jaso zuten punturik esanguratsuenetako bat, nahiz eta urriaren 10ean ezarritako su etenaz geroztik 1.200 gazatar inguru hil dituzten Israelen erasoetan, Palestinako Osasun Ministerioak emandako datuen arabera.

Horren harira, atzo, Arabiar Ligako idazkari nagusi Nabil Fahmik Israelgo Gobernuaren «anbizio estremistak» gerarazi ditzala eskatu zion AEBetako presidenteari: «Alde guztiek dute eskualdeko segurtasuna eta egonkortasuna zaintzeko betebeharra», adierazi zuen ohar batean. Trumpi leporatu zion bederatzi hilabeteren ostean Gazarako planaren bigarren fasea oraindik ere ez dutela ezarri. Hamasek 2023ko urriaren 7 erasoetan bahitutakoen gorpu guztiak entregatu ostean ekitekoak ziren fase horri —urtarrilaren amaieran entregatu zuen azkena—, baina, urte erdi beranduago, oraindik kolokan jarraitzen dute fase horretako zereginetako batzuek: Israelgo armadak atzera egitea eta Hamas armagabetzea, besteak beste.

Netanyahuren bisita

Netanyahu gaur heltzekoa da Washingtonera, bihar Trumpekin biltzekoa denez gero. Presidenteak iazko urtarrilean kargua hartu zuenetik, AEBetan biltzen diren zazpigarren aldia izango dute; azkenekoz iragan otsailean ikusi zuten elkar, bi herrialdeek Iranen kontrako erasoaldia hasi baino lehen. Netanyahuk atzerrira egiten duen bidaia bakoitzean bezala, nazioarteak gogorarazi dio NZA Nazioarteko Zigor Auzitegiak hura atxilotzeko agindua emana duela, gizadiaren aurkako krimenak eta gerra krimenak egotzita.

Horietako bat izan da Zohran Mamdani New Yorkeko alkatea (AEB), zeinak joan den astean argitaratutako bideo batean esan zion ez zela «ongi etorria» hiri horretan, Israelgo lehen ministroa Nazio Batuen Erakundearen Batzar Orokorrean parte hartzekoa baita irailean. New Yorken dago NBEren egoitza nagusia, eta hango alkateak esan zuen aztertu egingo zituela Hagako auzitegiaren agindua betetzeko aukerak, nahiz eta aitortu ez zuela horretarako eskumenik —AEBek ere ez du zertan Netanyahu atxilotu, ez baita Nazioarteko Zigor Auzitegiko kide—. Netanyahuk «gorrotoa sustatzea» leporatu zion atzo Mamdaniri, Fox News kateari emandako elkarrizketa batean.

Israelgo lehen ministroak atzo jakinarazi zuen Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariarekin hitz egin duela asteburuan, eta hark auzitegiaren kontra aritzeko konpromisoa berretsi ziola: «Arriskuan jartzen du mundu guztia», adierazi zuen Netanyahuk bere bulegoaren ohar baten bidez, eta salatu zuen «Hagako funtzionario ustelen» arabera mugatzen dela «segurtasuna».

Ohar horren arabera, Israelgo lehen ministroak eta AEBetako presidenteak «agendako kontu guztiak» izango dituzte hizpide bihar, «Irango egoera barne». Bi aste inguru igaro dira Washingtonek Teheranen kontrako erasoaldia beste behin ekin zionetik, nahiz eta azken bi egunotan ez den egon bi herrialdeen arteko erasorik. Mike Waltz AEBek NBEn duten enbaxadorearen arabera, presidenteak «aukera guztiak ditu mahai gainean»; hori adierazi zuen atzo NBC kateari eskainitako elkarrizketa batean: «Bide diplomatikoaz, ekonomikoaz eta militarraz ari da baliatzen helburu estrategiko oso zehatz bat lortzeko».

Bestalde, Trumpek gaur kazetarien aurrean esan du Teheranek bi aldeen arteko bilera bat eskatu duela azken orduetan, eta ohartarazi du «gauza onak» gerta daitezkeela datozen egunetan. Hala ere, bihar Netanyahurekin bildu aurretik adierazi du Israel eta AEBak bat datozela Iranen gainean hitz egiterako unean. 

Zisjordaniako operazio militarra areagotuko duela iragarri du Israelek

Lau palestinar, kolono israeldar bat eta Israelgo armadako soldadu bat hil ziren joan zen ostiralean Zisjordania iparraldeko Tell herrian, kolono israeldar batzuek bertako herritarrei eta haien etxeei eraso egitearen harira piztutako istiluan. Bada, atzo, Israel Katz Israelgo Defentsa ministroak iragarri zuen Zisjordaniako operazio militarra areagotuko duela, «ekintza terroristak» identifikatzeko eta horiek «jotzeko». Are, kolonoek hiru kokaleku ezarri dituzte asteburuan Tell herritik gertu. Mahmud Abbas PAN Palestinako Aginte Nazionaleko presidenteak «nazioartearen ekintza urgentea» eskatu du Israelen operazio militarra eta kolonoen indarkeria eragozteko, Wafa albiste agentziak atzo kaleratu zuenez.

Horrekin lotuta, Volker Tuerk OHCHR Giza Eskubideen Nazio Batuen goi mandataria Libanon izan da azken bi egunetan, eta gaur adierazi du litekeena dela Israelek Libanon egindako erasoaldiak «gerra krimenak» izatea. «Nazioarteko zuzenbidearen urraketak dira, eta baliteke horietako batzuk gerra krimenak izatea», adierazi du.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA