Global Sumud Flotillako kideek salatu dute tratu txarrak eman dizkietela

Israelgo Ashkelon atxilotze zentrora eraman dituzte flotillako bi kide. Tel Aviven erasoaren ostean jitoan geratutako bi itsasontzitako tripulazioak erreskatatu ditu 'Open Arms'-ek.

Global Sumud Flotillako zenbait ekintzaile, atzo, Kretako Heraklion aireportuan. EFE
Global Sumud Flotillako zenbait ekintzaile, atzo, Kretako Heraklion aireportuan. EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2026ko maiatzaren 2a
17:06
Entzun 00:00:00 00:00:00

Israelgo armadak Global Sumud Flotilla itsas segizioko hainbat kideri tratu txarrak eman dizkiela salatu dute. Flotillak gaur ohar batean jakinarazi duenez, ekintzaileak «kolpeka, ostikoka eta arrastaka» ibili dituzte Israelgo armadak atxilo hartu ostean. Asteazken gauean, flotillako bi ontzi atzeman eta 175 kide inguru gatibu hartu zituen Tel Avivek Kreta uhartetik hurbil (Grezia). Itsas segizioa Gazara bidean zen, baina atxilotutakoak Kretara eraman zituzten itsasontzi militar batean. Ontzi horretan zihoazela eman zizkieten tratu txarrak. Gainera, ekintzaile horietako bi ez dituzte Kretan utzi; Israelgo Ashkelon atxilotze zentrora iritsi dira gaur.

Israelek atxilotutako 30ek baino gehiagok osasun arreta jaso behar izan dutela jakinarazi dute ekinaldiko kideek, eta horietako hiru larri daudela. Kreta uharteko osasun zentroetara eraman dituzte zaurituetako batzuk, eta gainerakoak Heraklion aireportuan utzi dituzte, beren herrialdera itzultzeko. Sei euskal herritar atxilotu zituzten, eta guztiak onik daudela ziurtatu du flotillaren Euskal Herriko adarrak. Eta, gaineratu duenez, horietako bi gaur iluntzean lurreratuko dira Loiuko aireportuan (Bizkaia).

Halere, ekintzaile guztiak ezingo dira, oraingoz behintzat, jaioterrira itzuli. Flotillako bi kide Israelera eraman dituzte: Thiago Avila brasildarra eta Saif Abu Kexek palestinarra. Israelgo Atzerri Ministerioak gaur goizean jakinarazi du bi ekintzaileak iritsiak direla herrialde hartara. Eta flotillari lege laguntza eskaintzen dion erakundeak, Adalah izenekoak —Israelgo Gutxiengo Arabiarren Defentsarako Zentroak— zehaztu du Ashkelongo atxilotze zentrora eraman dituztela.

Saif Abu Kexek ere «torturatu» egin zutela jakinarazi dute flotillaren antolatzaileek, eta, Adalah erakundeak gehitu duenez, orain gose greba hasi du. «Erakunde terrorista» bateko kidea izatea leporatzen dio Tel Avivek Saif Abu Kexeki, eta «legez kanpoko ekintzak» egitea Avilari. Hori dela eta, Atzerri Ministerioak jakinarazi du «galdekatu» egingo dituztela Israelen.

Eraso gehiago Gazan

Flotillak salatu zuen Israelgo armadak inguratu zituen ontzietako batzuei motorrak matxuratu zietela eta jitoan utzi zituztela. Horren berri eman zion herenegun BERRIAri Landerrek, flotillako partaide batek: «Itsasontziko brankara eraman zituzten ekintzaileak, miatu egin zituzten, ontzia ere arakatu zuten, eta, ezustean, bideari jarraitzeko esan zieten. Baina motorra hondatu zieten». Hain justu, egoera horretan zeuden bi ontzitako tripulazioak erreskatatu ditu gaur Open Arms ontziak. Hamabi ekintzaile dira, eta horiek ere Kretara eramango dituzte.

Flotillak Gazara heltzea zuen helburu, eta Israelek ezarritako setioa haustea. Zerrendan su etena indarrean dago urritik, baina Israelgo armadak erasoak egiten jarraitzen du. Atzotik zazpi pertsona hil dituztela jakinarazi du Wafa Palestinako berri agentziak. Tregoa indarrean denetik, Tel Avivek 828 pertsona hil ditu zerrendan, eta 72.500 baino gehiago 2023ko urritik. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA