Madrilgo Maizterren Sindikatuko bozeramailea

Gonzalo Alvarez: «Gobernatzen duenak gobernatzen duela, dena lor daiteke antolatuz gero»

Greba orokorrera eta hauteskundeetara deitu duten honetan, Alvarezek herritarren eta sindikatuen eskaerak berretsi ditu: «Arauak aldatu behar dira, legeak errentismoaren aldekoak direnez gero».

Gonzalo Alvarez Madrilgo Maizterren Sindikatuko bozeramailea, asteon, Lavapies auzoko La Rosa zentro sozial okupatuan. JULEN OTAEGI LEONET
Gonzalo Alvarez Madrilgo Maizterren Sindikatuko bozeramailea, asteon, Lavapies auzoko La Rosa zentro sozial okupatuan. JULEN OTAEGI LEONET
Julen Otaegi Leonet.
Madril
2026ko urriaren 11
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Maricarmen Abascalen etxegabetzearen ondorio izan dira, bata bestearen atzetik, etxebizitza krisiaren kontrako mobilizazioak, Espainiako Gorteetarako hauteskundeak aurreratu izana eta greba orokorrerako deialdia. Horietaz baino ez da hitz egiten orain, eta horiexetaz aritu da Gonzalo Alvarez (Camargo, Kantabria, Espainia, 1999) Madrilgo Maizterren Sindikatuko bozeramailea, Espainiako hiriburuko Lavapies auzoan den La Rosa zentro sozial okupatuan. Elkarrizketa hau Maricarmen Abascal hil baino ordu batzuk lehenago egina dago.

Maizterren Sindikatuak esana du amaitu dela politikarien aroa, eta hasia dela politika beste modu batean egiteko garaia.

Denbora dezente daramagu hori esaten. Duela bi urte piztu zen metxa, urrian, etxebizitzaren aldeko manifestazioen eta mobilizazioen zikloari ekin zitzaionean. Orduan ere esan genuen amaitu zela politikarien aroa: gobernu ustez progresistak ez du ezertxo ere egin, eta orain saiatu da zeozer egiten dekretuen bidez-eta, Maricarmenen etxegabetzearen ondotik inoiz ez bezalako mobilizazioak egin dira eta. Ohartu behar dugu kalean asko izan garelako gertatu dela hori, egundoko zarata egin dugulako; horixe da, antza, politikariek herritarron eta maizterron alde zerbait egiteko modua.

Dena den, politikarien esku egongo da, besteak beste, herritarrek exijitzen dituzten etxebizitza politikak onartzea, ezta? Nola egin zubi lan hori?

Guk hipotesi bat daukagu: gobernatzen duenak gobernatzen duela —alegia, bost axola zaigu nor dagoen agintean, ezkerra, eskuina, eskuin muturra edo dena delakoa—, jendeak dena lor dezakeela antolatuz gero. Aurrerapausoak eta aldaketak, azken finean. Esana dugu dekretuak ez direla nahikoa, lehenbiziko pauso txiki bat baino ez direla, azkenerako etxebizitza ez dadin merkatu ondasun izan. Eta begira zer lortu dugun. Errotikako sindikalismo huts-hutsa da; erroan egin behar dugu lan, gatazka bakoitzean, pertsonaz pertsona, gehituz eta gehituz joan harik eta, hainbesteko indar sozial kolektiboa sortuta, ezinezkoa izango den arte exijentziei ez ikusiarena egitea.

Bereizi egiten dituzue errentismoaren aldeko alderdiak eta herritarren exijentziak entzuten dituztenak.

Noski.

«Presio egitea da gure egitekoa. Gizarte zibilaren gehiengoak zer eskatzen duen, guk horixe exijitu behar dugu sindikatu gisa»

Etxebizitzaren auziak markatuko ditu hauteskundeak eta hortik aurrerako dena?

Dudarik gabe. Sumar eta Vox ez ditugu maila berean jarriko erabat, zeren Vox eta eskuin muturra esaten ari dira azken-bigarrenak azkenaren kontra borrokatu behar duela; azpian dauden guztiak haien kontra, zertarako-eta goian daudenak defendatzeko, putre funtsak eta errentatzaileak, alegia. PSOEk eta Sumarrek horri buruz izan dezaketen diskurtsoa urruti geratzen da, nola ez, baina gobernuan egonagatik ere, bi horiek ez dute nahikoa egin. Are, siglak direnak direla, PSOE baino ezkerreragoko indarrek makulu gisa jardun dute, eta ahotsik eta botorik gabeko babes bat eman PSOEri, zeinak ondoren ez duen ezer egin.

Zertarako balio digu, orduan? Elektoralismotik aldentzen gara, guztiz apartidistak baikara. Apolitikoak ez, baizik eta apartidistak. Presio egitea da gure egitekoa. Gizarte zibilaren gehiengoak zer eskatzen duen, guk horixe exijitu behar dugu sindikatu gisa.

Beraz, ba al dago alderik herritarren eta horiek ordezkatzen dituzten politikarien artean?

Kontua da eskuina eta eskuin muturra ere ez direla koherenteak euren boto emaileekin. Alderdiak errentismoari, putre funtsei eta errentatzaileei makurtu zaizkie. Espekulazioari, azken finean.

Azaroaren 11rako greba orokorrera deitzea ere lortu duzue.

Gizarte zibil guztiak lortu du, bi asteotan mobilizatu eta antolatu direnek. Tira, kanpaldia bera ere horren adibidea da: sindikatukook martxan jarri genuen gauza espontaneo bat izan zen, baina orain izaera propioa dauka, transzenditu egin du. Bi asteotako indar geldiezin horrek aurrean eraman ditu hamalau urtean greba orokorrera deitu ez duten sindikatuak: CCOO eta UGT, alegia, estatuko handienak.

«Absurdoa da ukatzea borroka guztiak elkarri lotuta daudela eta posible dela ardatz gisa etxebizitza duen greba orokor bat»

Patronalek salatu dute zuen eskaerak ez dagozkiola lan arloari. 

Etxebizitzak guztiarekin du lotura; bai etxebizitzak eta arlo publikoko edozerk: izan zerbitzuak, izan hezkuntza, izan osasungintza… Sekulako mobilizazioak egin dira eta egiten dira lan arloari dagokionez, baina lortutako soldata igoera alokairuaren garestitzeak jaten baldin badu, zertarako balio du? Ezertarako ere ez. Bizitzaren arlo guztietan egin behar dira exijentziak; etxebizitzari dagokionez, neurrizko prezioan eskuratzeko moduko bizitokiak behar genituzke, publikoak, kalitatezkoak... 

Absurdoa da errealitate hori ukatzea, hau da, ukatzea borroka guztiak elkarri lotuta daudela eta posible dela ardatz gisa etxebizitza duen greba orokor bat egitea. Baina ez dadila kezkatu Garamendi, bestela 30 orduko lanaldia eta 2.000 euroko gutxieneko soldata eskatuko ditugu eta.

Lortu al duzue herritarrak interpelatzea?

Maricarmenen etxegabetzea txinparta bat izan da, herritarrak metatuz joan diren haserrea pitzarazi duen txinparta. Nahikoa dela esan dute. Antolatzen hasi dira, manifestazioetara joaten dira, kanpaldira, edonora. Maricarmenen etxegabetzea guztiona egin dugu, guztiok interpelatu gaitu.

«'Eta hiru pisu izango banitu?', pentsa zezakeen batek. Inoiz ez ditu izango, eta ohartzen hasia da gertuago duela Maricarmen bezala etxegabetua izateko arriskua»

Eta nola lortu espekulatzaileak konbentzitzea?

Ez dugu zertan haiek konbentzitu, inondik inora ere ez. Gure helburua ez da Blackstone konbentzitzea, gaizkia da eta: gure etxeekin espekulatzen du, jendea kalera bota, alokairua igoarazi... Gauza ikaragarri horiek guztiak egiten ditu. Jokoaren arauak aldatu behar dira, espekulatzaileek beren alde baitituzte, eta, oraintsura arte, aldekoa zuten marko diskurtsiboa ere. «Eta hiru pisu izango banitu?», pentsa zezakeen batek. Hori ez da errealitatea, inoiz ez ditu hiru pisu izango, eta ohartzen hasia da gertuago duela Maricarmen bezala etxegabetua izateko arriskua. Arauak aldatu behar dira, legeak errentismoaren aldekoak direnez gero. Ez dago beste modurik. Kito.

Etxebizitza krisiak ez du bereizketarik egiten ideologia bateko eta besteko jendearen artean.

Guztioi eragiten digu. Etxebizitzaren arazoa transbertsala da, eta kontuan izan behar da klase arazo bat ere badela. Arazoa azpiratuen eta goikoen artean dago. Aizu, langile klasekoa zara; horixe erakutsi behar zaie herritarrei. Etxebizitzaren arazoa errotik moztu behar da, ez da normala, eta lortzen ari gara jendeak hori ikustea.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA