Goizegi da, eta olana urdinek Madrilgo Puerta del Sol plazako kanpaldia estaltzen dute oraindik; zaparrada erori da bezperan, baina datozen egunetarako ez dute euririk iragarri behintzat. Barealdia noiz, nola eta batez ere zerk etengo, bada, garrasi batzuek: «Etxegabetze bat! Jendea behar dugu! Orain!». Gurutzearen kalean, plazatik bertatik kilometro erdira ere ez, Mariangelesen familia kalera bota nahi dute, goizeko hamarretan. Ordubete baino gutxiago geratzen da, baina dozenaka lagun kale hartako hemezortzigarrenean biltzen hasia da, eta azkenerako jendetza bildu da.
Batzuk gosaltzeke daude; dendatxo bat dago bebarruaren ondoan, eta bat baino gehiago hara hurbildu da: «Kafe bat, ala? Nahiago dut beroa, baina hau iraultza da», esan die batek bere lagunei, eta prestatuta datozen kafe horietako bat erosi du. «Familia bat etxegabetuko dute, nahi al dun geratu?», galdetu dio protestari batek bizilagun bati, baina, lanera zihoala eta, ospa egin du. Laurden gutxi aldera poliziak ere igaro dira kaletik, hiru gurpileko bi mototan, eta auto batean geroxeago; «ba, guztiok gaude jada», esan du batek ironikoki, baina agente horiek pasaeran egongo ziren, inor ez baita bertaratu Mariangelesen familia etxetik botatzera —batzorde judiziala eta kaleko jantziriko bizpahiru polizia egon dira, portaletik urrunxeago; gizarte zerbitzuetakoek egin dute bitartekari—. «Etxegabetze hau gerarazi egingo dugu!», aldarrikatu dute atariaren bueltan, eta, bai, lortu dute. Mariangeles balkoira atera da eskerrak emateko; muxu bat bota die esku batekin, eta muxu handi bat bi eskuekin. «Zurekin gaude, Mariangeles, ez zaude bakarrik!», erantzun diote.
Ikusi gehiago
Egin beharrekoak eginda, etxebizitza duina edukitzeko eskubidea eskatzeko duela bi astetik kanpatuta dauden manifestariak beraienera itzuli dira, eta ordurako bestelako bizitasun bat du Puerta del Sol plazak; jendetza dabil kalean, eta ez dago kanpaldiari eta nonahi eskegita dauden kartelei-eta argazkiak ateratzen ez dionik. «Ager dadila gurbitza ere», esan dio batek lagunari, mezuz eta leloz jositako kartelen artean posatzen ari dela —«Justizia Anderrentzat» dioen oihal moduko bat ere ageri da Hartzaren eta Gurbitzaren estatuaren parean; Madrilera ere heldu da Ander Saenz santurtziarraren auzia; udaltzainek bi taser deskarga eman eta bi egunera hil zen Saenz—.

Alferrik daude, hortaz, kanpatuta daudenek argazkiak ez ateratzeko arren eta otoi eskatzen duten kartelak; lehenbiziko egunetik plazan egon den batek adierazi du bisita gidatuak igaro ohi direla kanpaldiko kaleetan barrena, eta turistei esplikatzen dietela, azaletik baldin bada ere, «arazo bat» dagoela etxebizitzarekin. Haiek hobeto ulertuko lukete zein den arazoa baldin eta ikusiko balute kanpaldiaren bueltan badela putre baten gorpua irudikatzen duen panpina handi samar bat; kartel batek ere «Putreak kanpora» dio, eta katu bat ageri da, hegaztia lepotik heldua duela; katuak deritze madrildarrei, eta kartoi puska batean zera idatzi dute: «Katu maizterrak, atzaparkatu ezazue errentismoaren aldeko kapitalismoa!». Turista asko ikusten da plazan, eta, horien artean, gazte kuadrilla batek zera galdetu dio manifestari itxura duen gizon bati: «Komunista al haiz?». Agian zintzilikatuta dagoen bandera gorriren bat ikusiko zuen, eta kuriositateagatik-edo itaunduko zuen.
Eraiki dute zeozer
Haize fina egin du egunaren parte batean, eta, kanpaldian eskegita dauden askotariko banderak astindu ez ezik, olanak ere altxatu ditu aldian-aldian. Orduantxe antzeman daiteke kanpinek zer-nolako zirrikituak, kaleak eta plazak sortzen dituzten euren artean; kanpaldiaren egitura itxuraldatuz doa une oro, eta, esate baterako, horrexegatik jarriko zioten txoko bati Zorrotzailearen Kalezuloa, Jose Luis Martinez-Almeida Madrilgo alkateak, Alderdi Popularrekoak, esan baitzuen «dimentsio handiko labana bat» topatu zutela kanpaldian —sukaldea dute barruan, eta ogia mozteko labana bat zen—. «Arkitektura da hau guztia», esan du Katixak, Madrilen bizi den euskal herritarrak; lehenbiziko egunetik dago kanpaldian, eta haren kanpina Karlos III.a Espainiako erregea zaldi gainean dagoen estatuaren iturriaren bueltan dago.
«Bagenuen, bai, hemen egoteko arrazoia, kexa eta haserrea; eta denborarekin proiektu bat sortu dugu, borroka asko elkartzeko»
KATIXA Kanpaldiko manifestaria
«Zerbait jarri behar dut hemen, olana ez dadin hain behera etorri», erabaki du elkarrizketa egin bitartean, eta irizten dio zerbait «polita, oso polita» eraiki dutela Puerta del Sol plazan, autogestionatua, non «elkar laguntzeko printzipioa» duten oinarri. «Hasieran ez genekien zer egin. Bagenuen, bai, hemen egoteko arrazoia, kexa eta haserrea; eta denborarekin antolatuz joan gara, proiektu bat sortuz, borroka asko elkartzeko».

Harekin dago Lucia, eta adierazi du «intersekzionalitatean» oinarrituta ulertu behar dela kanpaldia: «Hainbeste gauza daude...». Erantsi du eskubideen alde ari direla borrokatzen, eta hori argi duten arren askok ez dakitela, esate baterako, Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan bozkatu ala ez. Katixaren arabera, badago «distantzia» jendearen eta Diputatuen Kongresuaren artean, baita «maila metaforikoan» ere, poliziek itxia baitute Puerta del Sol plazatik behe ganberarainoko bidea. «Benetako politika hemengoa da, eta hangoa ikuskizuna baino ez da». Dagoeneko bi astez egin duten kanpaldia «helburu bat» eta «bitarteko bat» da aldi berean: «Ondo funtzionatzen duen gizarte bat topatu dugu gizartearen barruan. Koltxoirik gabea, ordea». Arazoa hori baldin bada, gaitz erdi. Kasualitatea izango da, baina Puerta del Soleko metro geltokirako sarreran, zera dio publizitate kartel batek: «Egin ihes Madrildik Madrildik ihes egin gabe». Horixe bera da kanpaldia: bestelako gizarte bat hiriburuaren erdigunean.
Bozkatu ala ez
Kanpaldirako sarreretako batean txanda egiten ari da Neves; Coruñatik (Galizia) heldu da, bezperan: «Egon behar den lekuan egon behar da». Berak ere esan du eskubideen alde ari direla borrokatzen, eta etxebizitza krisia ez dela «ideologia kontua», guztiei eragiten dienez gero; horrexegatik esan du gizarte osoa «inplikatu» egin behar dela bai hilabete barruko greba orokorrera begira, baita hauteskundeei begira ere: «Ezin zaizu politika ez interesatu. Alderdiak euren artean antolatu beharko lirateke, batik bat ezkerrekoak. Egongo da zeure ideiekin bat datorren alderdiren bat, seguru. Bada, eman botoa. Ezin da esan 'ez noa, ez noa', dena horrela zatikatzen da-eta gero; baina haiek ere ez baldin badatoz bat, nola demontre nahi dute guk ez ikusiarena egitea?».
«Ni ez naiz antolatu orain arte, eta egin beharreko zerbait da, gero. Gu gara zinez zerbait egingo dugunak»
CELIA Kanpaldiko manifestaria
Plazaren beste aldeko sarreretako batean daude Sara eta Celia, bata bestearen ondoan eserita; Extremadurakoak dira biak, eta bertan ezagutu dute elkar. «Hauteskundeen beldur naiz, eta bi jokalekuen beldur ere bai: PPren eta Voxen garaipenak beldur izugarria ematen dit, ikusita bi horien arteko koalizio gobernuek zer egin duten agintzen duten autonomia erkidegoetan, Extremaduran besteak beste; eta, Sanchezek irabaziz gero, eskuinekoek eta eskuin muturrekoek egin dezaketenak ikaratzen nau». Azaldu du Espainiako azken hauteskunde orokorretan, 2023ko uztailekoetan, PSOEren alde bozkatu zuela, «boto baliagarria» dela eta: «Baina etxera heldu eta lixibarekin garbitu nituen eskuak».
Gauza bera pentsatzen du Celiak, eskuineko blokeak irabaziz gero balitekeela eskubideak galtzeko arriskuren bat egotea, eta, PSOEk irabaziz gero, horrek ez ote duen orain artekoa «desmobilizatuko»: «Indarra hartu dugu, eta jendea antolatzen ari da. Ni ez naiz antolatu orain arte, eta egin beharreko zerbait da, gero. Gu gara zinez zerbait egingo dugunak. Konplikatua da hauteskundeen kontua: Nori eman botoa? Ez dakit». Kanpaldiaren bueltako mezuek ere zalantza hori adierazten dute: «Nori demontreri emango diot botoa?», galdetzen du kartel batek; beste batek, ordea, zera dio: «A-29an, elkarrekin bozkatuko dugu».

Epelkeriak ez du balio
Sara eta Celia grabagailuaren bueltan hizketan ari direla, Eugenio, pasaeran zegoen herritar bat, haiekin eseri da, eta urriaren 12a izan du hizpide, Espainian egun nazionala baitute egun hori: «Kontrabotere bat eduki behar da. Egun horretan, beren kemena hanpatuko dute boteretsuek, kalera aterako dira, eta kontraboterea topatu behar dute kalean. Haien purrustaden aurrean ezin da antolatu gabe geratu. Kausa eta efektua. Prest egon behar dugu».
Bada, bide beretik jo du Elena Reines kazetari eta eduki sortzaileak, eta salatu du eskuina geroz eta muturrerago dagoela: «Begira Voxi: erabat erradikala eta masiboa da. Ezkerrekook diogu geuk kontrako muturrekoak izan behar dugula. Kontxo, jarrera politiko bat hartu behar duzu; iraultza, langile borroka, hori inoiz ez da zerbait atsegina izan. Eta uste dut munduak zera eskatzen duela: ez zaitezela epela izan». Azken egunotan salatu du, besteak beste, joan zen asteko manifestazio batean poliziek lepotik heldu ziotela bere aitari, eta saihets hezurretan jo zutela; kazetaria bera ere atxiki egin zuten.
«Kontxo, jarrera politiko bat hartu behar duzu; iraultza, langile borroka, hori inoiz ez da zerbait atsegina izan»
ELENA REINES Kazetaria
Kanpaldiaren berri ematen du Reinesek, eta nabarmendu du komunikazio munduan aritzen direnek ahotsa eman behar dietela «kontzienteki» borroka sozialen alde ari direnei, injustiziak salatzearren. Alberto Hellinek, harekin den kamerariak, erantsi du badutela «ardura» bat, nahiz eta askok erabaki ezertxo ere ez egitea kanpaldikoek eskatzen dituzten exijentziei dagokienez: «Spidermanekin gertatzen den bezala, ezta? Botere handi batek erantzukizun handia dakar. Bada, hau gauza bera da. Lerratu beharra dago; hori gutxienez. Masen komunikazioa eta erantzukizuna ezin dira bakoitza bere aldetik joan».
Bada, Puerta de Sol plazan, hiru dozena lagun baino gehixeagoren parean, Eva Aladro Komunikazioen Teoriako irakasleak azaldu du Maricarmen Abascal duela bi aste eta erdi hiriburuan etxegabetu zuten 87 urteko andrazkoaren kasuak nola aldarazi zuen etxebizitzaren krisiari erreparatzeko modua —handik egun gutxira akordiora heldu zen Urbagestion enpresarekin, etxearen jabearekin, andrea etxera bueltatu zedin, baina joan den asteazkenean hil zen; ospitalean zeraman etxegabetu zutenetik—. Eta ez, Abascalen kasua ez da bakarra; iaz, 24.540 etxegabetze egin zituzten Espainiako Estatuan, horietako 1.141 Hego Euskal Herrian; eta aurtengo lehen hiruhilekoan, berriz, 4.005, horietako 234 Hego Euskal Herrian. Espainiako Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak emandako datuak dira horiek.
«Haren gorputzak irudikatu du ez haren sufrimendua soilik, ezpada gizarte guztiarena», esan du Aladrok Madrilgo Unibertsitate Konplutentsekoek plazan bertan antolatu izan dituzten eskola edo hitzaldi modukoetako batean. Raquel Caerols Informazio Zientzien Fakultateko irakasle eta lankidea Aladrorekin dago, eta zera esan du: «Min horren kontzientzia hartzen dugunean baino ez da existitzen min hori, eta egoera hori aldatzeko modu bakarra ekintza da». Are, Alardok erantsi du, auzia lehendik egonagatik ere, ideia bati «fisikoa den zerbaitek» ematen diola indarra askotan, izan Maricarmen edo kanpaldia berau: «Materiala eta immateriala; ia-ia erlijioa da, Kristoren gorputzaren eta odolaren antzera».
Eta, iluntzen ari dela, mezu bat heldu da: «Ene, Maricarmen hil da».

Puerta del Soleko plazara heltzerako, jendetza bildu da megafonoa duen pertsona baten bueltan, eta hark dei egin du Kongresurainoko martxa egin dezaten Abascalen omenez.
San Jeronimo ibilbidera heldu dira. «Guztiok gara Maricarmen!». Canalejas plazatik igaro dira. «Ez dira heriotzak, hilketak baizik!». Aurrerantz doaz. «Konplizeak!». Baina poliziak dituzte parean. «Non dago gobernu progresista?!». Eta Kongresutik berrehun metro eskasera gerarazi dute martxa. «Hemen gaude antifaxistok!». Ez dira isildu. «Borroka da bide bakarra!». Txin-txina entzuten da kalean; soinu hori izan liteke maizterrek eta hipotekadunek ordaindu behar izaten duten dirutzaren txin-txina, baina ez: askok eta askok giltzak atera dituzte, eta horiek astintzen hasi dira. Jarraian, isilunea. Minutu bateko isilunea. Megafonoa eskuan duenak eten du gero: «Maricarmen bizirik dago; borrokak badirau!».