Venezuela iparraldea astindu duten lurrikaren biharamunean, gora segitzen du hildakoen eta zaurituen kopuruak: gutxienez 920 pertsona hil dira, eta 3.360 zauritu, Delcy Rodriguez Venezuelako Gobernuko jarduneko presidenteak agerraldi batean jakinarazi duenez. Langileek eta boluntarioek erreskate lanetan dihardute; gobernuaren arabera, gutxienez 157 pertsona desagertuta daudela jakinarazi dute, eta berrehun lagun inguru lurrikaren eraginez birrindutako eraikinen azpian, ezin irtenda.
Atzo goizean jazo ziren bi lurrikarak, Euskal Herrian gauerdia zela: Richter eskalako 7,2 gradukoa izan zen bata, eta 7,5ekoa bestea; iparraldeko La Guaira estatuan eta Caracas hiriburuan jo zuten gogorren. Venezuelako Gobernuak emandako datuen arabera, La Guairako estatuan soilik ehun eraikin baino gehiago erori ziren, eta denera 250 baino gehiago; halaber, zortzi ospitalek kalte handiak jasan dituzte, eta horietako batzuk hustu egin behar izan dituzte.
Hain justu, La Guairako estatuan izan dira Delcy Rodriguez, Diosdado Cabello Barne ministroa eta Jorge Rodriguez Venezuelako Parlamentuko presidentea. Han iragarri du gobernuko jarduneko presidenteak berrehun milioi dolarreko funts bat—175 milioi euro inguru— jarri asmo dutela abian hondatutako eremuak berreraikitzeko.
Ospakizun eguna izan zuten atzo La Guairan eta Venezuela kostaldeko beste hainbat herritan. San Joan Bataiatzailearen eguna ospatzen dute ekainaren 24an, eta hainbat ekitaldi egiten dituzte erlijioarekin eta kulturarekin lotuta. Hala, herritar asko jai giroan harrapatu zituen ezbeharrak.
Hain justu, hondamendian hil den pertsonetako bat euskal jatorrikoa da: Alazne Solabarrieta, 65 urtekoa; atzo arratsaldean aurkitu zuten haren gorpua. Caracasen jaioa izan arren, harreman estua izan du Ondarroarekin. Haren aitona, Jose Maria Solabarrieta, Ondarroako alkate izan zen, eta Espainiako gerran Venezuelara erbesteratu zen. Koldo Olalde, haren senarra, bizirik atera dute. Bilboko Venezuelarrak plataformaren arabera, euskal jatorriko beste emakume bat ere desagertuta dago; oraingoz ez da haren berririk.
Hegazkinak eta elkartasuna
Hondamendia jazo eta 24 ordura, nazioarteko laguntza humanitarioa eta erreskate zerbitzuak Venezuelara iristen hasi dira. Mexikoko Gobernuak jakinarazi duenez, bi hegazkin humanitario eta 261 militar bidali ditu hara; Espainiako Gobernuak ere laguntza humanitarioa eta erreskaterako langileak bidali ditu gaur; eta, Venezuelako Gobernuak adierazi duenez, El Salvadorko eta Dominikar Errepublikako ehunka langile erreskate lanetan laguntzen ari dira. NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, hamasei herrialdek bidali dituzte erreskate taldeak Venezuelara; guztira, mila erreskate langile baino gehiago iritsiko dira datozen egunetan.
AEB Ameriketako Estatu Batuek ere atzo esan zuten laguntza bidaltzekoak zirela, nahiz eta ez zuten zehaztu zer eta nola lagunduko zuten. Bada, 150 milioi dolarreko laguntza humanitarioa bidaliko dute: AEBetako Estatu Departamentuak atzo iluntzean zehaztu zuenez, ehun milioi dolar OCHA Gai Humanitarioak Koordinatzeko Nazio Batuen Bulegoak Venezuelan duen egoitzara bidaliko dituzte, eta 50 milioi han lan egiten duten zenbait elkarte eta erakundetara.
Bestalde, UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren bozeramaile Matthew Saltmarshek ohartarazi du Venezuelan 200.000 errefuxiatu daude, eta lurrikaren ondorioek horien egoera larriagotuko duela. Gaur emandako prentsaurreko batean jakinarazi du «kezkatuta» daudela, lehendik zituzten zailtasunei lurrikarak eragindakoak gehituko zaizkielako.
Saltmarshek gaineratu duenez, La Guaira estatuko agintariek jakinarazi diete errefuxiatuak bizi ziren zentro bat suntsitu dela. Duela gutxi AEBetatik kanporatutako 140 herritar bizi ziren, behin-behinean, eraikin horretan. Gogorarazi du, azken ezbeharrak baino lehenago, UNHCRek 45 milioi dolar eskatu zizkiola nazioarteari, errefuxiatu eta desplazatu horiei laguntza emateko. Gaur-gaurkoz, soilik diru kopuru horren %11 jaso duela jakinarazi du bozeramaileak: «Orain, inoiz baino gehiago behar dute laguntza hori».