Alemaniarren gutxiengoa Danimarkan (II): ildo politikoa

Gutxiengoa periferiatik erdigunera mugi dadin

1920ko bozketaren ondorioz zehaztutako muga berrikusteko helburuz sortu zuten Alderdi Schleswigtarra. Danimarkako gutxiengo alemaniarrak duen proiektu politikoaren xede nagusia ez da Alemaniara batzea, eskualdearen kezkei erantzutea baizik.

Ruth Candussi, Alderdi Schleswigtarreko idazkari nagusia, Apenradeko egoitzan. MADDI IZTUETA OLANO
Ruth Candussi, Alderdi Schleswigtarreko idazkari nagusia, Apenradeko egoitzan. MADDI IZTUETA OLANO
maddi iztueta olano
🌐 Apenrade (Berriemaile berezia)
2026ko urriaren 22a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ikusi serie honetako artikulu guztiak

Ez da gauza bera artikulu bat irakurtzea edo idaztea, leku bat sateliteak ateratako argazkien bitartez arakatzea edo hango kaleetan ibiltzea; zerbait, edozer, azaletik ezagutzea, edo sortu den zulora, habiara sartzea. Kanpotik barrenerako jauzia egitea; bestea norberarena bihurtzea. Batetik besterako salto hori egin zuen duela hamar urte Ruth Candussi Alderdi Schleswigtarreko idazkari nagusiak, kazetaritzatik politikaren lehen lerrora igaro baitzen; nahiz eta, haren arabera, gaztetatik aritu den politikagintzaren orbitan. Kasurako, Alderdi Schleswigtarreko gazteen militantzia taldean: «Orain, ni neu naiz politika, eta beste ikuspegi bat dut bai politikari dagokionez, bai hedabideek politika jorratzeko duten moduaren inguruan».

Ehun urte pasatxo ditu Alderdi Schleswigtarrak. 1920ko abuztuan sortu zuten, Danimarkaren eta Alemaniaren arteko muga non marraztu erabakitzeko bozketa egin eta sei hilabetera, eta urte horretan bertan aurkeztu zen aurrenekoz bozetara; zehazki, Danimarkako Parlamenturako hauteskundeetara. Eserleku bat eskuratu zuten. «Gure boto emaileen helburu nagusia muga berrikustea zen, iritzi baitzioten bozketa prozesua bidegabea izan zela», kontatu du Candussik. Ez zuten lortu joerari eustea, ordea. Parlamenturako 1963ko hauteskundeetan ere eserleku bat eskuratu zuten, baina hura izan zen azken aldia, eta eskualdeko eta udaletako hauteskundeetara soilik aurkezten dira egun. 

Gorabeherak izan dituzte, eta indar handiagoa dute komunitateko zenbait herritan. Candussik azaldu duenez, azken udal bozetan —iazko azaroan izan ziren— Iparraldeko Schleswigeko lau herritan aurkeztu ziren, eta hamabi eserleku eskuratu zituzten denera: bi Apenraden, bat Hadersleven, bat Sonderburgen eta zortzi Tondernen. Herri horiek guztiek badute berezitasun bat, halere: udalean 31 ordezkari izan behar dituzte derrigor; Danimarkako gainontzeko udaletan ere egon daitezke 31 ordezkari, baina posible da gutxiago izatea, hala 28 nola 25. «Gutxiengoaren eskubideetako bat da; izan ere, zenbat eta eserleku gehiago izan, orduan eta errazago lor dezakegu bat», gaineratu du. 

Arau hori ez ezik, badaude beste bi salbuespen ere: Alderdi Schleswigtarrak babes gutxiago behar du eserleku bat lortzeko, beste alderdiek baino. Xehe-xehe esplikatu du Candussik: «Ehun boto behar badira zinegotzi bat lortzeko, eta urteren batean ez baditugu ehun boto lortzen, nahikoa da behar diren botoen %25 eskuratzea; hau da, kasu horretan, 25 boto». Salbuespen horrek badauka muga bat, ordea: «Bi agintalditan jarraian botoen %25 lortuko ez bagenitu, federazioko presidenteak alkatearengana joan beharko luke, eta eskatu harekin harreman zuzena izateko». Alderdi Schleswigtarra «pozik» dago sistema horrekin, iritzita gutxiengo bat ordezkatzen duen alderdi batentzat ezinbestekoa dela ordezkapen politikoa bermatua izatea.

«Berriro hasi nahi badugu, Danimarkako Estatua onartu behar dugu; muga dagoen tokian dago, eta horren arabera antolatu eta eraiki behar ditugu gure politikak»

RUTH CANDUSSI Alderdi Schleswigtarreko idazkari nagusia

Iparraldeko Schleswigeko alemaniarren gutxiengoa ordezkatzen du alderdiak. Horrek ez du esan nahi, baina, komunitate horretako kideek soilik babesten dutenik. Idazkariak iazko azaroan Tondernen gertatutakoa jarri du adibide gisa: «Badakigu gutxiengoaren hango komunitatea ez dela lortu genuen babesa lortzeko bezain handia; hortaz, badakigu boz horietan bildu genituen boto asko ez datozela gutxiengotik». Izan ere, mugaren berrikuspena eskatzeari utzi, eta eskualde osoko egoerari eta herritarren kezkei erreparatu diete azken urteetan. «Esperientziak eta jakintzak ekarri gaituzte honaino. Berriro hasi nahi badugu, Danimarkako Estatua onartu behar dugu; muga dagoen tokian dago, eta horren arabera antolatu eta eraiki behar ditugu gure politikak», gaineratu du. 

Ultraeskuinaren itzala

Alemaniarren gutxiengoari begira bakarrik ez, eskualdera begira jarduten dute orain; hala adierazten du, hain justu, Candussiren bulegoko horman itsatsitako mapak. Halere, handik haragoko munduak badu eraginik bizi diren eremuan; are gehiago, Alemaniarekin mugan dagoen lurralde bat izanik. Eskuin muturraren gorakadak kezka eragiten ote dien galdetuta, baietz erantzun du Candussik, baina aitortu du «zentroko» alderdi bat direla, eta ez dutela «programa ideologiko sendorik». Besteak beste, argudiatu du gutxiengoaren parte diren herritarrek «askotariko pentsaerak» dituztela, eta badituztela kide eskuindar eta kontserbadoreak, eta baita ezkertiarrak ere. Badute mugarik, ordea: «Onartezina litzateke besteei inposatzea zer dagoen ongi, esatea zer pentsatu behar duten, zer arropa jantzi, zer orientazio sexual izan, zer erlijio. Horregatik, oso-oso zaila izango litzateke AfDren gisako alderdi batekin lerratzea».

Danimarkaren parte izanagatik, iritsi da Alemanian zabaldutako izua. Ez da harritzekoa, 30 kilometro inguru baitaude Apenradetik mugaz bestaldeko aurreneko herrixketara. Eta azken urteetan, gainera, Alemaniako gero eta herritar gehiagok migratu dute Iparraldeko Schleswigera. Candussik nabarmendu duenez, migrazio olde hori «ona eta txarra» da: «Ona da herritarren kopurua igo delako, eta lan egiten dutelako, baina azken bi-hiru urteetan etorri direnek espektatiba handiak dituzte, eta ez datoz Danimarka gustatzen zaielako, Alemania gorroto dutelako baizik; ez da gauza bera». Ez da gauza bera, eta guztiak ez dira komunitateko kide bihurtzen: «Batzuek ez dute ulertzen hemen bizitzeko beharrezkoa dela danieraz ikastea; hortaz, hizkuntza bera hitz egiten dugu, baina ez dugu berdin pentsatzen».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA