Hamas armagabetzeko lantalde bat sortzea adostu dute Netanyahuk eta Gazarako Bake Batzordeak

Israelgo lehen ministroaren esanetan, «agudo» desmilitarizatu nahi dute zerrenda. Hamasek berretsi du Bake Batzordeak iragarritako plana betetzeko asmoa duela.

Desplazatutako zenbait gazatar Al-Mawasiko kanpalekuetan, atzo, Khan Yunis hiritik gertu. HAITHAM IMAD / EFE
Desplazatutako zenbait gazatar Al-Mawasiko kanpalekuetan, atzo, Khan Yunis hiritik gertu. HAITHAM IMAD / EFE
Julen Otaegi Leonet - Igor Susaeta
2026ko abuztuaren 17a
18:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak ordezkaritza bat bidali du Ekialde Hurbilera, trabatuta baitago Gazarako plana. Faktoreen ordena da eztabaidagaia: Hamasek ez ditu armak utziko aurrez Israelgo armadak zerrenda utzi ezean; Israelek, berriz, ez ditu tropak erretiratuko talde islamista hori armagabetu arte. Washingtongo ordezkaritza hori Hamasekin bildu zen atzo, Egiptoko El-Alamein hirian, eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin bildu da gaur, haren alderdiak primarioak egin dituen egun berean. Bileraren ondoren, Netanyahuren bulegoak iragarri du gobernuburuak Hamasen armagabetzerako lantalde bat sortzea adostu duela Gazarako Bake Batzordearekin. 

Jared Kushner AEBetako presidentearen suhia da Etxe Zuriaren ordezkaritzaren burua, eta negoziazioen iturriak aipatuz Israelgo hedabideek azken orduetan kaleratu dutenez, haren helburua zera da: Netanyahuk onespena eman ziezaiola iazko urrian indarrean sartutako zerrendarako planari. «Ezein berreraikitze prozesu hasi aurretik, bai Israelek, bai Bake Batzordeak agudo desmilitarizatu nahi dute Gaza», adierazi du Netanyahuk, ohar batean.

Era berean, «Gazako herritarren osasunaz» arduratuko den lantalde bat martxan jartzea adostu dute bi aldeek. Haaretz Israelgo egunkariak bileraren inguruko iturriak aipatuz kaleratu duenez, hiru ordu inguru iraun du, eta Netanyahuz eta Kushnerrez gain, Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro ohiak —Bake Batzordeko kidea da—, AEBen Israelgo enbaxadore Mike Huckabeek eta Nickolay Mladenov Bake Batzordeko buruak parte hartu dute. Haaretz-ek argitaratu duenez, baina, aldeek akordio bat egin dute Israelek bien bitartean Gaza bonbardatzen jarrai dezan, azken hiru urteetan ia egunero egin bezala —ia 74.000 pertsona hil ditu, zerrendako iturri ofizialek diotenez—.

Horren guztiaren harira, Palestinako talde islamistak atzo berretsi zuen baduela asmoa Gazarako Bake Batzordeak uztailaren amaieran aurkeztutako hamabost puntuko plana betetzeko —Trump da batzorde horren sortzailea—, «herritarren sufrimendua amaiarazi» eta zerrenda berreraikitzen hasi nahi baitu; hori esan zion Egiptoko iturri batek Efe albiste agentziari. Bilera horretan, besteak beste, Kushner eta Khalil al-Hayya Hamaseko burua egon ziren, baita Mladenov eta gatazkako aldeen artean bitartekari aritu diren beste herrialdeetako ordezkariak ere, tartean Abdel Fatah al-Sisi Egiptoko presidentea.

Beste iturri batek Eferi baieztatu zion Al-Hayya Egiptoko zerbitzu sekretuetako buruarekin ere bildu zela, eta zerari buruz hitz egin zutela: «Xarm el-Xeikhen egindako Bakearen Goi Bileran ebazpenak abian jartzeko moduak nola bete». Bilera hori iazko urrian egin zuten, Sinai penintsulako hiri horretan, eta herrialde bitartekariek —AEBek, Egiptok, Turkiak eta Qatarrek— bertan izenpetu zuten egun batzuk lehenago Hamasek eta Israelek Gazarako adostutako plana —orduko hartan hogei puntuko plan bat iragarri zuen Trumpek; Bake Batzordeak uztailaren amaieran iragarritakoa askozaz ere xeheagoa da—.

Halaber, Hazem Qassem Hamaseko bozeramaileak atzo kaleratutako ohar batean jakinarazi zuenez, Israelek egindako urraketen berri hitz egiteko batzartu ziren atzo Egipton, baita Tel Avivek hitzartutako bide orria betetzen duela bermatzeko ere. Israelek, ordea, ez du begi onez ikusten Bake Batzordearen plana: abuztuaren hasieran Mladenovekin bildu eta gero, Netanyahuk esan zuen «desadostasunak» zituztela, eta zerrenda berreraiki baino lehenago Hamas armagabetu beharra zegoela. Israelek bete beharreko neurri gehiago ere ezarri zituzten plan horretan; besteak beste, palestinarren autodeterminaziorako eskubidea bermatzea.

TrumpeK BONBARDAtzeko mehatxua EGIN DIO OMANI, ORMUZEN HARIRA

Irango Atzerri Ministerioko bozeramaileak, Esmaeil Baghaeik, iragarri du gaur Ormuzko itsasarteko nabigazioari buruzko akordio batera heldu direla Omanekin, eta ohar bateratu bat ari direla prestatzen. Prentsaurreko batean aitortu du motel joan direla bi herrialdeen arteko elkarrizketak, baina azkenerako zera kaleratuko dutela: mapa bat eta ohar bateratu bat.

Ekialde Hurbileko bi herrialdeen asmoa ikusita, Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidenteak hau esan du gaur Fox News katean: «Omanek muturra sartzen badu, leherrarazi egingo dugu». Washingtonek Teheranekin nahi du negoziatu; bi aldeek ekainean sinatutako memorandumean jasotako hirurogei eguneko su etena gaur amaitu da, eta, behin baino gehiagotan galdegin bezala, gaur Irani eskatu dio «bandera zuria» astindu dezala. Hori bai, AEBetako presidenteak aitortu du ez duela «presarik».

Zortzi herrialde islamiarrek Israelen «gaitzespena» salatu zuten atzo ohar bateratu baten bidez, eta ohartarazi jarrera horrek «arriskuan» jartzen duela Gazan «bake justua eta iraunkorra» lortzeko ahalegina; Arabiar Emirerri Batuek, Egiptok, Indonesiak, Jordaniak, Pakistanek, Qatarrek, Saudi Arabiak eta Turkiak sinatu zuten: «Erantzukizun zuzena eta osoa Israelek du bere gain». Horri erantzunez, Hamasek eskerrak eman dizkie herrialde horiei, «galarazi» egin dutela-eta «okupazioaren gobernuak oztopoak jartzea edo izkin egitea hartutako konpromisoei». Komunikatu baten bidez, planak ezarritako bide orria «osoki eta berehala» aplikatzea galdegin du.

Bestalde, Itamar Ben Gvir Israelgo Segurtasun Nazionalerako ministroak atzo esan zuen herrialdeko armadak «hogeita hamar edo berrogei» gazatar hil beharko lituzkeela gauero. 2023ko urriaren 7an Hamasek gatibu hartutako baten podcastean egin zituen adierazpenok —talde islamistak iazko urriaren 13an utzi zuen aske Rom Braslavski; hots, Israelek eta Hamasek gatibuen eta presoen azken trukea egin eta bitartekariek Xarm el-Xeikhen bildu ziren egunean bertan—. «Pertsona batzuek ez dute merezi bizitzea. Ez lukete bizi behar. Ez dira ezta pertsona ere», erantsi zuen ministroak. Urtearen hasieran, Israelgo Fiskaltzak Netanyahuri eskatu zion Ben Gvir kargutik ken zezala, bere postuaz «abusatzen» ari zela argudiatuta.

Iazko urriaren 10ean Gazarako su etena ezarri zutenez geroztik, Israelgo armadak 1.200 palestinar baino gehiago hil ditu zerrendan, Gazako Osasun Ministerioak emandako datuen arabera. Are, armadak zerrendaren %60 du kontrolpean —lerro horia deritzo eremu horri—, eta, Netanyahuk maiatzean iragarri zuenez, asmoa lurraldearen %70 kontrolatzea da, Hamas «alde guztietatik estutzeko».

Likudekoak, botoa ematera

Israelen Knesseterako hauteskundeak egitekoak dira urriaren 27an, eta egun horretara begira, Netanyahuren alderdiak, Likudek, primarioak egin ditu gaur parlamenturako hautagaien zerrenda osatze aldera; alderdiko 140.000 afiliatu deitu dituzte botoa ematera —duela lau urteko parte hartzea %60koa izan zen—.

Zeresana eman dute primario horiek, Netanyahuk berak aukeratzen baititu hauteskundeetarako aurkeztuko duten zerrendako zortzi hautagai —hori ahalbidetzen duen barne erreforma bat onartu zuen alderdiak aurreko hilabetean—, eta horiei beste bat gehitu behar zaie, Israel Katz Defentsa ministroa; zortzi horien artean daude, besteak beste, Gideon Saar Atzerri ministroa eta Haim Katz Likudeko Batzorde Zentraleko presidentea. Alderdiko barne inkesten arabera, Netanyahuren laguntzarik gabe bazuten arriskua zerrendatik kanpo geratzeko.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa ageri den kartel bat, gaur, Jerusalemen. ABIR SULTAN / EFE
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa ageri den kartel bat, gaur, Jerusalemen. ABIR SULTAN / EFE

Zortzi herrialde islamiarrek —gehienak Ekialde Hurbilekoak— atzo kaleratutako oharrari erantzunez, Likudek salatu zuen «herrialde arabiarrek» Netanyahuren gobernua «eraitsi» nahi dutela, zertarako-eta Gadi Eisenkot Yashar alderdiko buruak eta Yair Golan Demokratak alderdikoak «nahi duten guztia» eman diezaieten. «Hori ez da gertatuko», esan zuen Likudek, komunikatu bidez. Are, Israelgo lehen ministroak atzo esan zuen «zerrenda garaile» baten alde bozkatuko duela, Eisenkotek eta Golanek ez dezaten gobernurik osatu alderdi arabiarrekin. «Konfiantza dut zuengan, Likudeko afiliatuok, ordezkariak zeuen irizpidearen arabera egoki hauta ditzazuen», idatzi zuen sare sozialetan.

Eisenkot Israelgo armadako burua izandakoa da (2015-2019), eta Netanyahuren gobernu koalizioko kide ere izan zen 2022ko hauteskundeez geroztik, harik eta iaz koalizioa utzi zuen arte; inkesten arabera, lehen ministro izateko faboritoenetako bat da. Golan, berriz, armadako jenerala izandakoa da, eta Demokratak zentro-ezkerreko alderdiko hautagaia.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA