Orain Cabo Verde inguruko uretan da MV Hondius luxuzko gurutzaontzia, eta hemendik gutxira Kanarietan (Espainia) porturatuko da, asteburu honetan preseski. 147 bidaiari daude transatlantikoan, eta, hantabirus gaitzaren agerraldi bat dela eta, bidaiariak Tenerifeko Granadilla portura iritsi ahala artatuko dituzte, eta gero bakoitza bere herrialdera itzuli. Gaur-gaurkoz zortzi bidaiari kutsatu ditu birusak, eta horietatik hiru hil egin dira. Jada ebakuatu dituzte kutsatuetako batzuk: Herbehereetara, Suitzara eta Hegoafrikara. Bada, OME Osasunaren Mundu Erakundeak jakinarazi du hantabirus kasu bat atzeman berri dutela Suitzan, eta «beharrezko neurri guztiak» hartzen ari dela egoera kudeatzeko. Hori bai, jakinarazi du egoera kontrolpean dagoela.
Apirilaren 22an Santa Helena uhartean porturatu zen ontzia, Ozeano Atlantikoaren erdian, eta 23 bidaiari lehorreratu ziren han. Bakoitza bere herrialdera itzuli zen, eta, hain justu, jaioterrira itzuli zirenetako bat da orain Suitzan kutsatuta dagoena. OMEk erran du Santa Helenan lehorreratutako «guzti-guztiak» artatzen ari direla, eta banan-banan aztertzen ari direla bakoitza zer moduz dagoen osasunez.
Asteburuan ailegatuko diren bidaiariak OMEren eta ECDC Gaixotasunen Prebentziorako eta Kontrolerako Europako Zentroaren artean artatuko dituzte, eta esplikatu dute tokiko biztanleekin hartu-emanik ez izatea dela asmoa, eta osasun langileen segurtasuna berariaz zainduko dela. Hain zuzen ere, Kanariak dira beharrezko protokoloei jarraitzeko behar bertze baliabide dituzten tokien artean hurbilenekoa, eta OMEk eta Espainiako Gobernuak atzo egin zuten tratua. «Espainiak jende horri laguntzeko betebehar morala eta legala du; gainera, Espainiako hainbat herritar daude tartean», erran zuen Osasun Ministerioak, ohar bidez.
Horrez gain, ECDC ikertzen ari da ontziko bidaiarien egoera zertan den, eta Kanarietara iristen direnerako jakinaraziko du zer bidaiari ebakuatu beharko den lehenbailehen.