Hauteskundeak dituzte gaur Israelen, eta Netanyahuk jokoan du lehen ministro kargua

Inkesten arabera, Eisenkot hautagaiaren blokeak eserleku gutxiren aldea aterako dio Netanyahuren blokeari, baina inork ez du lortuko gehiengo osoa. 1981ko bozez geroztiko parte hartzerik handiena izan da goizean.

Benjamin Netanyahu botoa ematen, gaur, Jerusalem Ekialdean. YONATAN SINDEL / EFE
Benjamin Netanyahu botoa ematen, gaur, Jerusalem Ekialdean. YONATAN SINDEL / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko urriaren 27a
12:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Benjamin Netanyahuk egin ditu urte gehien Israelgo lehen ministro, eta gaurko emaitzen arabera ikusiko da kargu horri berriz ere eutsiko dion, hauteskunde eguna baitute herrialde horretan. Alderdiek parlamentuko 120 eserlekuak dituzte jokoan, eta agerian daude aliantzak: batetik, Netanyahuren bueltako alderdiak, zeinak Israelgo inoizko gobernurik eskuindarrena osatu duten amaitzear den legegintzaldian; eta, bestetik, Gadi Eisenkot armadako jeneral ohiaren bueltan bildu diren oposizioko alderdiak, zeinak «estatu demokratiko bat» duten xede. Alderdi arabiarrak ere aurkeztu dira, eta ezein blokek horiekin negoziatu nahi ez duen arren, litekeena da erabakigarriak izatea gobernu aldaketa bermatzeko.

Lau urteotan, Likud alderdi eskuindarreko buruak gehiengo osoari eutsi dio parlamentuan, alderdi ultraortodoxoen eta ultranazionalisten babesari esker. Dena den, inkesta gehientsuenen diotenez, gehiengo hori galduko dute, eta, gainera, Eisenkoten blokeak aurrea hartuko die. Hori bai, antza denez, jeneral ohiaren aldekoek ere ez dute lortuko gehiengo osoa eta gobernabide egonkorra bermatzeko adina eserleku.

Aurreikuspenen arabera, Netanyahuren blokeak 50 eserleku inguru lortuko ditu, eta Eisenkotenak, berriz, 56 inguru. Gainontzeko eserlekuak, dozena pasatxo-edo, alderdi arabiarrek eskuratuko dituzte. Horiek horrela, inork ez lituzke lortuko gutxienez 61 eserleku —horixe da gehiengo osoa—, eta horrexegatik jotzen da ezinbestekotzat Zerrenda Arabiar Batua alderdi kontserbadorearen eta Zerrenda Batua koalizio ezkertiarraren babesa edo abstentzioa Eisenkoten aldeko balizko inbestidura saio batean.

Netanyahuk botoa emateko deia egin du sare sozialetan. «Larrialdia!», idatzi du goizean, «ezkerraren aktibistek hauteslekuak hartu dituzte, eta bost axola hori eskuinaren aktibistei. Esnatzeko garaia da. Atera kalera, eta eragin ingurukoei, horiek ere botoa eman dezaten. Bozkatu Likudi!». Netanyahuk Jerusalem Ekialdean eman du botoa, eta kazetariei esan die poliziek hiru lagun atxilotu dituztela, boto emaileak erosten saiatu direlakoan: «Batzuk iruzur egiten saiatzen ari dira hauteskunde hauetan».

 Dean Livne Hauteskunde Batzorde Zentraleko jarduneko zuzendariak jakinarazi duenez, «aparteko gertakaria» izan dira atxiloketa horiek, eta ez «kanpaina zabalago» baten parte; halaber, erantsi du eguerdi partera arte aurreko hauteskundeetan baino irregulartasun gutxiago atzeman dituztela.

28

Lehen ministrogaiak zenbat eguneko epea duen gobernua osatzeko. Behin betiko emaitzak argitaratu ostean, Isaac Herzog Israelgo presidenteak astebeteko epea izango du parlamentari bati gobernua osatu dezala eskatzeko —boto gehien eskuratu dituen alderdiko burua izan ohi da—. Agindua jaso duen lehen ministrogaiak 28 egun izango ditu gobernua osatzeko, eta hamalau eguneko luzapena eska dezake. Parlamentariek ez badute gehiengo oso sinple bidez onartzen, Herzogek beste hautagai bat proposatu lezake, epe bertsuekin. Eta horrek ere porrot eginez gero, 21 eguneko epea hasiko litzateke: horretan, hautagai batek gutxienez 61 parlamentariren sinadura aurkeztu lezake, haren aldeko inbestidura saio bat egiteko —14 egun izango lituzke—. Epe guztiak amaituz gero, eta lehen ministrorik ez balego, hauteskundeak egingo lituzkete berriz ere, 90 egun inguruko epean.

Bezalel Smotrich Sionismo Erlijiosoa alderdi ultranazionalistako lider eta Finantza ministroak botoa eman eta gero adierazi du segurtasunarekin ezin dela «apusturik» egin: «Pronto gaude gure segurtasuna, kokalekuak ezartzeko planak eta identitate judua indartzen jarraitzeko, baita botere judiziala aldatzeko ere, eta, guztiaren gainetik, Hebron judu bihurtzeko».

Halaber, Itamar Ben-Gvir Otzma Yehudit alderdi ultranazionalistako buruak esan du «irabazi» egin behar dutela: «Gobernu eskuindar sendo batek dakar Israel sendo izatea». Ohartarazi du Eisenkoten aldeko alderdiek irabaziz gero, Zerrenda Arabiar Batua ere gobernu koalizioaren parte izango dela, eta hori saihestu behar dutela. «Horrexegatik eman behar dugu botoa guztiok», esan du Kiryat Arba kokalekuan.

Eisenkotek, berriz, «aldaketa giroa» dagoela adierazi du. «Aldaketa hori ez da bere kasa helduko. Guztiok eman behar duzue botoa», esan du Yashar alderdiko buruak. 2023ko urriaren 7an Hamas Palestinako talde islamistak eraso egin zuen zenbait kibbutzetan eta hiritan hasi du eguna. Hamasek 1.200 lagun hil zituen eraso horretan, eta Israelgo armadak orduantxe hasi zuen Gazaren kontrako setioa; orduz geroztik, Israelek 75.000 palestinar inguru hil ditu zerrendan, osasun iturrien arabera.

Gazaren kontrako erasoaldia hasiz geroztik Israelen egin dituzten lehenbiziko hauteskunde orokorrak dira gaurkoak, eta Hamasen erasoa izan da kanpainako eztabaidagaietako bat. Eisenkoten asmoa zera da, besteak beste: 2023ko urriaren 7ko erasoa ikertzeko batzorde bat ezartzea.

Gadi Eisenkot Yashar alderdiko burua, gaur, Ofakim hirian. EFE
Gadi Eisenkot Yashar alderdiko burua, gaur, Ofakim hirian. EFE

Goizean goiz ireki dituzte hauteslekuak, Euskal Herrian 06:00ak zirenean, eta askok eman dute botoa: hiru orduan, parte hartzea %16,68 izan da, Hauteskunde Batzorde Zentralak jakinarazi duenez. 1981az geroztik goizean izan den parte hartzerik handiena da. 7,3 milioi hautesle ditu Israelek, eta 1,2 milioik botoa eman dute jada. Hauteslekuak 22:00etan itxiko dituzte, Euskal Herrian 21:00ak direnean, eta emaitzak goizaldean espero dira.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA