Netanyahu eta Eisenkot, nahi eta ezin

Israelgo Parlamenturako hauteskundeak egingo dituzte etzi, eta aurrez aurrekoa izango da: Benjamin Netanyahu lehen ministroa Gadi Eisenkot armadako jeneral ohiaren kontra. Litekeena da ez bataren eta ez bestearen blokeek gehiengo osorik ez lortzea.

Horma irudi bat Tel Aviven: Benjamin Netanyahu eta Gadi Eisenkot borra bana hartuta, Hamas talde islamistako kide baten atzetik. ABIR SULTAN / EFE
Horma irudi bat Tel Aviven: Benjamin Netanyahu eta Gadi Eisenkot borra bana hartuta, Hamas talde islamistako kide baten atzetik. ABIR SULTAN / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko urriaren 25a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Israelgo Estatua 1948an sortu zuten, eta, arian-arian, sei legegintzalditan, Benjamin Netanyahuk Israelgo lehen ministroaren karguan egin ditu herrialdearen historiako urteen ia laurdenak, beste edozein gobernuburuk baino gehiago. Haren blokeak herrialdeko parlamentuko gehiengo osoa berriz ere lortuko balu etziko hauteskundeetan, egunez egun marka hori hausten jarraitu ahalko luke Netanyahuk, baina ikusteko dago lehen ministroaren Likud alderdiak eta haren bueltako alderdiek nahikoa eserlekuri eutsiko ote dieten oraingoan ere edo oposizioko zenbait indar juntatu eta aurrea hartuko ote dioten lau urtez agintean aritu den blokeari.

Batera edo bestera, eta inkestek aurreikusi dutenaren arabera, alderdi arabiarrek daukate giltza, gobernuak, edozein dela ere, ez dezan gutxiengoan jardun; dena den, bai Netanyahuk eta bai Gadi Eisenkotek, antza denez lehen ministroari aurre egiteko kapaz izango den hautagai bakarrak, esana dute ezetz, ez dietela aterik irekiko alderdi arabiarrei.

Hautesleek bi aukera dituzte: Israelen inoiz izandako gobernu eskuindarrenak indarrean segitzea edo ez. «Estatu autoritario bezain erlijioso bat edo estatu demokratikoago bat, zuzenbide estatuaren eta nazioarteko legediaren aldekoa», adierazi du Roee Kibrikek, Israelgo Mitvim think tank-eko ikerketa saileko buruak. Beste aukerak, ordea, ez luke ekarriko bestelakorik Palestinako gatazkari dagokionez: biltzeko prest leudekeen oposizioko alderdiek Gaza desmilitarizatu nahi dute, izan Israelek eta Hamasek Donald Trump Ameriketako Estatu Batuetako presidentearen bitartekaritzaren bidez duela urtebete hitzartutako zerrendarako plana ezarriz edo izan, Eisenkotek iradoki bezala, «operazio kreatiboen» bidez; eta Zisjordania erabat okupatzeari uko eginagatik ere, bi estaturen konponbidearen kontra daude Eisenkoten bueltako alderdi gehienak. Likudek Eskuina edo Palestina leloa erabili du kanpainan, baina eskuin muturrenekoaren alde ez bozkatzeak ez luke askorik aldaraziko.

Yashar, oposizioan nagusi

Eisenkot lau urtez izan zen Israelgo armadako jenerala, 2015etik 2019ra bitarte, eta duela lau urte hasi zuen ibilbide politikoa Batasun Nazionala zentro-eskuineko koalizioan, independente gisa; etziko hauteskundeetarako, berriz, Yashar alderdia sortu zuen, eta zentrokotzat dauka bere burua. Inkesten arabera, Eisenkoten alderdiak eskuratuko du parlamentari gehien. Hogei pasatxo.

Gadi Eisenkot Yashar alderdiko liderra joan den urriaren 7an, Hamasen erasoaren biktimen memoria gunean, Israel hegoaldeko Re'im kibbutzean. ATEF SAFADI / EFE
Gadi Eisenkot Yashar alderdiko liderra joan den urriaren 7an, Hamasen erasoaren biktimen memoria gunean, Israel hegoaldeko Re'im kibbutzean. ATEF SAFADI / EFE

Horrenbestez, badirudi Yasharrek aurrea hartuko diola parlamentuan ordezkaritzarik handiena duen oposizioko alderdiari, Yesh Atid eskuindarrari. Alderdi horretako Yair Lapid oposizioburuak eta Naftali Bennett hautagaiak bat egin dute hauteskundeetarako, eta haien alderdiak Elkarrekin deituriko koalizioan aurkeztuko dira, Bennett zerrendaburu delarik —lehendik ere lehen ministroaren karguan aritutakoak dira Bennet (2021-2022) eta Lapid (2022), duela bost urteko hauteskundeen ostean gobernu koalizioa osatu baitzuten ozta-ozta hainbat indarrekin batera, besteak beste Zerrenda Arabiar Batuarekin, baina handik urte eta erdira bertan behera geratu zen koalizio hori; jarraian egin zituzten hauteskundeak, 2022ko azaroan, eta horien ondoren bihurtu zen Netanyahu berriro lehen ministro—.

Aurreikuspenek diotena betez gero, ezein blokek ez du gehiengo osorik eskuratuko: ez Netanyahurenak —Likud haren alderdiak, Otzma Yehudit eta Sionismo Erlijiosoa ultranazionalistek eta Tora Judaismo Batua eta Shas alderdi ultraortodoxoek osatua—, ezta Eisenkoten alde legokeenak ere —Yashar haren alderdiak, Elkarrekin eta Yisrael Beiteinu eskuinekoek, eta Demokratak zentro-ezkerreko alderdiak osatua—. Batak eta besteak lau dozena eserleku baino gehixeago lortuko lituzkete, eta, parez pare egon badira ere, Eisenkoten bueltako alderdiek aldea atera diete inkesta gehienetan. Ez gehiengo osoa lortzeko lain, hala eta guztiz ere.

Izan ere, eserlekuen gehiengo osoa lortzeko, 61 jarleku behar dira, 120 baititu ganberak. Gutxiengoan aginduko lukeen gobernu bat ere osa lezake hautagai batek, ezezko baino baiezko gehiago jasoz gero, esate baterako zenbait parlamentariren abstentzioaren bidez.

Alderdi arabiarrek, oposiziokoak horiek ere, dozena bat eserleku eskuratuko lukete gutxienez: Zerrenda Batua koalizio ezkertiar eta sekularrak, hamar baino gutxixeago —Balad, Hadash eta Ta’al alderdiek osatzen dute—; eta Zerrenda Arabiar Batua alderdi kontserbadore eta islamistak, bost inguru. Hamar milioi biztanle pasatxo daude Israelen, eta bostenak arabiarrak dira. Duela lau urteko hauteskundeetan, arabiarren erdiek baino gehiagok (%56) bozkatu zuten soilik —orotara, parte hartzea %70ekoa izan zen—, eta espero da etzikoetan parte hartzea handixeagoa izango dela; Statnet etxeak aste honetan kaleratutako inkesta baten arabera, arabiarren %63k bozkatuko dute etzi.

Likudi aurre nola egin

Alderdi arabiarrak horrexegatik izango dira erabakigarriak Eisenkoten blokearentzat, haien babesarekin aise lor lezakeelako lehen ministro izatea; Yasharreko liderrak, ordea, ezarriak ditu gobernu koaliziora batzeko baldintzak: Israel estatu judu eta demokratikotzat jotzea; 1948ko Israelgo Independentzia Adierazpena errespetatzea; derrigorrezko zerbitzu militarraren alde egitea; eta Hamas Palestinako talde islamista «terrorista» izendatzea. «Alderdi arabiar edo ultraortodoxo bakar batek ere ez ditu onartu arau horiek guztiak», esan du Eisenkotek egunotan. Elkarrekin koalizioak eta Yisrael Beiteinu alderdiak ere esana dute ez dutela negoziatuko alderdi arabiarrekin, «koalizio sionista» dutela xede. Bestalde, Eisenkoten blokean, Demokratak lirateke Zerrenda Batuarekin eta Zerrenda Arabiar Batuarekin koalizio gobernua egiteko presio egingo luketenak.

«Alderdi arabiarrek behin baino gehiagotan esan dute Netanyahuk karguan jarraitzea galaraziko dutela»

ROEE KIBRIK Mitvim 'think tank'-eko kidea

Ziurtzat jotzen da, nola ez, oposizioko alderdi guztiek elkartuta —arabiarrak barne— Likuden bueltako blokeak baino eserleku gehiago eskuratuko dituztela, eta, horrenbestez, Eisenkotek eskuratuko duela gobernua osatzeko aukera, «zeren alderdi arabiarrek behin baino gehiagotan esan dute Netanyahuk karguan jarraitzea galaraziko dutela», adierazi du Mitvim think tank-ekoak —ikusi beharko da zer eskatzen duten trukean—. Hauteskundeak irabaziz gero, besteak beste aukera hauek izango lituzke Yasharreko liderrak: gutxiengoan aritzea, nahiz eta Kibriken ahotan gobernabidea ez litzatekeen izango «oso egonkorra»; alderdi arabiarrekin gobernu koalizio gehiengodun bat osatzea; parlamentariak banaka-banaka konbentzitzea alderdiz aldatzeko, koalizio gobernuak gehiengoa eskuratu arte; edo Likudekin «batasun gobernua» adostea, zeina ez den aukera oso probablea.

Boto paperak Israelgo hauteskunde batzordearen Shohamgo egoitzan. ABIR SULTAN / EFE
Boto paper batzuk Israelgo hauteskunde batzordearen Shohamgo egoitzan. ABIR SULTAN / EFE

Lehen indarra Yashar izango litzateke, hogei parlamentari baino gehixeago lortuta, eta gertu izango luke Likud. Dena den, «Netanyahuren koalizioa menderatzeko borrokan, alderdi handiena izateak ez du ezertarako balio. Blokearen tamainak baino ez du balio», idatzi zuen Nadav Eyal kazetariak joan den astean, Israelgo Yedioth Ahronoth egunkariko analisi batean.

Urriaren 7arekin tematuta

Batera edo bestera, gutxiengoan balitz ere Eisenkot lehen ministro kargura helduz gero, horrek ahalbidetuko luke gobernuari eutsi bitartean zenbait neurri eta lege onartzea, Kibrikek esan duenez: 2023ko urriaren 7an Hamas Palestinako talde islamistak egindako erasoa ikertzeko batzorde bat ezartzea, besteak beste.

Horixe da, Kibriken arabera, Israelgo hauteskundeetako eztabaidagai nagusia. «Nork dauka erantzukizuna? Nork ordaindu behar du? Eta gerraren ondorioekin zer? Alderdi guztiek erabili dute auzi hori, nork bere moduan erabili ere: oposizioko alderdiek Netanyahuri eta haren kideei egotzi diete erantzukizun guztia; beste aldea, berriz, ahalegindu da esaten denak egon direla lubakian, bai gobernua, bai oposizioa eta baita armada ere. Guztiak erantzuleak; beraz, inor ere ez», borobildu du. Are, azken asteotan, herrialdeko zenbait hedabidek kaleratu dute Netanyahuri aurrez ohartarazi ziotela Hamasen erasoari buruz; lehen ministroak, ordea, ukatu egin izan ditu akusazio horiek.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa asteon, Jerusalemen. ABIR SULTAN / EFE
Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa asteon, Jerusalemen. ABIR SULTAN / EFE

Israeldarrak talde islamistaren eraso horrekin daude tematuta —1.200 lagun hil zituzten—, eta ez orain arteko erasoaldiarekin: Israelgo armadak dagoeneko 74.000 palestinar baino gehiago hil ditu Hamasi erantzunez Gazaren kontra hasi zuen erasoaldian, zerrendako osasun iturrien arabera.

Hori bai, Palestinako gatazkari buruz galdetuta, bi estaturen konponbideari buruz hain zuzen, Kibrikek erantzun du «tamalez, tamalez» alderdiak ez direla ari horri buruz hizketan, ez dela eztabaidagaietako bat: «Gure existentziaren erdigunean egongo ez balitz bezala...». Azaldu du «arrazoi elektoralistak» direla medio zenbaitzuek saihestu egin nahi izan dutela auzi hori —palestinarren kontrako kolonoen indarkeriarena ere bai—, nahiz eta aski ezaguna den alderdi gehientsuenen jarrera: Netanyahuren blokea, zer esanik ez, Zisjordania okupatu eta anexionatzearen aldekoa da —batik bat Otzma Yehudit eta Sionismo Erlijiosoa alderdi ultranazionalistak—; Eisenkotek esana du Hamasen erasoaz geroztik konponbide horretan pentsatzea «ameskeria» dela, eta Elkarrekin koalizioa eta Yisrael Beiteinu ere kontra daude; nazioartearen geroz eta aitortza handiagoa duen bi estaturen irtenbidearen alde daude, berriz, Demokratak eta alderdi arabiarrak.

Botere judizialaren kontra

Momentuz konponbiderik ez, hortaz, Palestinako gatazkan, ezta Gazan ere. Hilabete honetan hiru urte bete dira Israelek zerrendaren kontrako erasoaldia abiatu zuenetik, eta herrialdeko armadak esana du dozena bat mila soldadu baino gehiago falta zaizkiola, bai fronte horretan eta bai besteetan ere jardun dezaten: Zisjordanian, Libanon, Sirian...

Militar falta da hauteskundeetako beste eztabaidagaietako bat: zerbitzu militarra, hain zuzen. Torato Umanuto printzipioa dela medio (Tora ikastea du ogibide), ikasketa erlijiosoan diharduten gizon ultraortodoxoak salbuetsita egon dira Israelgo Estatua sortu zutenez geroztik, harik eta duela bi urte Auzitegi Gorenak ebatzi zuen arte horiek ere behartuta zeudela armadan aritzera.

Netanyahuk, bere koalizio gobernuetan alderdi ultraortodoxoak izan dituela jakinik, erabaki horren kontra jardun du; esate baterako, 2015ean ultraortodoxoen salbuespena legeztatu zuen, eta Auzitegi Gorenak esan zuen konstituzioaren kontrakoa zela errekrutatzeari buruzko legearen zuzenketa hori; eta uztailean, parlamentua desegin eta hauteskundeetara deitu baino lehen, lege bat onartu zuen ikasketa erlijiosoetan diharduten eta zerbitzu militarrari uko egin dioten ultraortodoxoak ez ditzaten atxilotu, eta ikasketa horiek estatuaren «balio fundazionaltzat» jotzeko ere bai.

«Netanyahuren gobernuak nahieran erabaki nahi du zer lege ezarri behar diren, inolako zaintza judizialik gabe»

ROEE KIBRIK Mitvim 'think tank'-eko kidea

Kibrikek zalantzan jarri du datorren gobernuak, edozein dela ere, nahi ote lukeen ahalik eta gizon ultraortodoxo gehien errekrutatzea, «mundu ikuskeragatik» eta integrazioagatik, besteak beste. Erantsi du hauteskundeen ondorenerako utziko dituztela horren «inplikazioak», eta oraingoz «borroka politikorako» balio duela eztabaidak, botoak eskuratzeko.

Zerbitzu militarrarena adibide bat da, Netanyahuren blokeak botere judiziala «murrizteko» egin dituen saiakeren adibide bat: «Gobernuak, inolako zaintzarik gabe, nahieran erabaki dezan zer lege ezarri behar diren», esan du Kibrikek. Nabarmendu du gobernuan daudenek, «nola ez», badutela botere judizialari ahalik eta gehien eragiteko arrazoirik: Netanyahuk bere kontrako ustelkeria kasuengatik, ultraortodoxoek zerbitzu militarra egiteko obligazioagatik, eta ultranazionalistek Zisjordaniaren okupazioagatik eta anexioagatik. «Bada, horrek guztiak bihurtzen du estatu demokratiko bat erregimen autoritario».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA