Egongelako aulkitik zutitu ere egin gabe, zuzenean ikus daiteke Israel Gazan egiten ari den txikizioa. Gosetearen erruz hilzorian dauden haurren aurpegi zurbilek aspaldi ikusi gabeko mobilizazio oldea eragin dute nazioartean, eta estatu andanatako herritarrek hartu diete kargu beren gobernuei, Israel zerrendan egiten ari den sarraskia eteteko zerbait egin dezaten. Bi urteotan, Hegoalde Globaleko herrialdeak izan dira borroka horren aitzindariak, hala nola Hegoafrika. Ez da kasualitatea; izan ere, geopolitikako aditu Peiman Salehik azaldu du Palestinako gatazkak lotura estua duela Hegoalde Globalaren historia kolonialarekin: «Israelen aurkako haserrea guztiz konektatuta dago Palestinako gatazkaren erro kolonialarekin; jakina da hau ez dela bi alderen arteko gatazka soil bat, estatu baten kolonizazioaren ondorioa baizik».Â
NBE Nazio Batuen Erakundeak 1947an onartu zuen bi estaturen konponbidearen ebazpena, hau da, Palestinako lurralde historikoan estatu judu bat eta estatu palestinar bat eraikitzea onesten duena. Azken urteotan eten moduko batean egon da prozesu hori, harik eta Saudi Arabiak eta Frantziak berriro ere mahai gainean jarri zuten arte, duela bi aste NBEren Batzar Nagusiaren bueltan propio afera horri buruz hitz egiteko antolatutako goi bilera batean. Egun horietan ere, hain justu, Palestinako Estatua aitortu zuten Mendebaldeko zenbait herrialdek, hala nola Frantziak eta Erresuma Batuak —gaur-gaurkoz, NBEko herrialdeen %80 inguruk aitortzen dute—. Argentinako Lujan Unibertsitateko Historiako irakasle eta GeopolĂtica del genocidio en Gaza (Gazako genozidioaren geopolitika) liburuaren egile Martin Martinellik uste du aitortza horiek Israelen inguruko jarrera aldaketa baten hasiera izan daitezkeela; halere, «berandu» iritsi dira, eta «muga handiak» dituzte.Â
Antzera iritzi dio Salehik: «Adierazpenen bidez, Mendebaldeak bere sinesgarritasuna zaindu nahi du, baina Israeli militarki eta politikoki lotuta jarraitzen du; hortaz, haren ekintzak ezin dira serio hartu». Adituaren arabera, Hegoalde Globalak erakutsi du «azkar eta eraginkor» egin dakiokeela aurre Israeli. Horren adierazle bat litzateke, kasurako, Hegoafrikak 2023ko abenduaren 29an Nazioarteko Justizia Auzitegian genozidioagatik Israelen aurka jarritako salaketa. «Hegoafrikak oso ongi daki okupazioa eta errepresio sistematikoa zer diren; hortaz, bere autoritate moral eta politikoa baliatzen du Mendebaldeak erabili nahi ez dituen tresnen bidez Palestinako sufrimendua gaitzesteko».
«Gazako sarraskia eraldaketa handi horren sinboloa bihurtu da; Hegoalde Globalak uko egin dio Mendebaldearen narratiba egia unibertsal gisa onartzeari»
PEIMAN SALEHI Geopolitikan aditua
Horrekin lotuta, joan den uztailean Bogotan (Kolonbia) elkartu ziren Hegoalde Globaleko 30 herrialdetako ordezkariak. Kolonbiak Hegoafrikarekin elkarlanean antolatu zuen batzar hori, eta Hagako Taldeak —Boliviak, Hegoafrikak, Hondurasek, Kolonbiak, Kubak, Malaysiak, Namibiak eta Senegalek osatzen dute— deitu zuen horretara. Bilera horren helburua zen iazko uztailean Nazioarteko Justizia Auzitegiak emandako ebazpen ez-loteslearen harira Israelen «legez kanpoko ekintzei» aurre egitea; izan ere, auzitegi horrek ebatzi zuen Israelen kolonizazio politikek nazioarteko legedia urratzen dutela, eta NBEko Batzar Nagusiko kide diren herrialdeei gogorarazi zien beren «betebeharra» dela Israelen okupazioa legaltzat jotzeari muzin egitea.Â
Hain justu, nazioarteko auzitegiek ebazpen esanguratsuak eman dituzte 2023ko urriaz geroztik; halere, nazioarteko zuzenbidean motel egiten dute bidea prozesu judizialek, eta horren ondoriozko eraginkortasunik ezak auzitan jarri du NBEko sistemaren funtzionamendua. Esparru horren hutsuneak azpimarratu ditu Martinellik: «Egun indarrean dauden nazioarteko erakundeak 1945ean sortu ziren, hau da, Bigarren Mundu Gerra amaitu ondoren. Horrenbestez, zaharkituta daude edo eguneratu egin beharko lirateke». Gogoratu du, gainera, indarrean dagoen sistemari esker AEBek sei aldiz jarri ahal izan diotela betoa Gazarako su-eten bat onartzeko proposamenari. Harekin bat egin du Salehik, iritzi baitio behinola «bakea» bermatzeko sortutako erakundeek «botere handien interesen alde» egiten dutela orain.
Ordena aldaketa
Munduko erabakigune nagusietan leku eraginkor bat izan nahi dute Hegoalde Globaleko lurraldeek; eserleku bat eurei eragiten dieten eztabaidetan parte hartu ahal izateko. Horixe exijitu zuen Kenyako presidente William Rutok duela bi aste, New Yorken (AEB) egin zuten NBEren Batzar Nagusian, eta gehitu: «Afrikak ez du jarraituko munduko agintaritzaren zoko batean egoten, gure ikuspuntua kontuan izan gabe hartzen baitira bakearen, segurtasunaren eta garapenaren inguruko erabakiak». Eta, horregatik, eskatu zuen NBEren Segurtasun Kontseilua eraldatzeko, eta organismo horren kide iraunkorren artean —AEBak, Errusia, Txina, Erresuma Batua eta Frantzia—, Afrikari toki bat emateko.
Kenyako presidenteak ez ezik, Finlandiako haren homologo Alexander Stubbek ere uste du nazioarteko botere harremanak aldatu egin litezkeela. «Datozen bost-hamar urteek definituko dute etorkizuneko ordena». Stubbek ere New Yorken egin zituen adierazpen horiek, NBEren Batzar Nagusian egindako agerraldian, eta bai Salehi bai Martinelli bat datoz hark esandakoarekin. «Mendebaldeak ja ez du botere absoluturik. Gazako sarraskia eraldaketa handi horren sinboloa bihurtu da; izan ere, Hegoalde Globalak uko egin dio Mendebaldearen narratiba egia unibertsal gisa onartzeari», esan du Salehik.Â
«Hegemonian trantsizio bat gertatzen ari da: AEBak eta haren aliatuak beherakada ekonomiko handia pairatzen ari dira»
 MARTIN MARTINELLI Historia irakaslea
Irakasle argentinarrak, berriz, aldaketa horren eragileei erreparatu die: «Hegemonian trantsizio bat gertatzen ari da: AEBak eta haren aliatuak, hau da, Europako Batasuna, NATO [Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundea], Japonia, Australia, Kanada… beherakada ekonomiko handia pairatzen ari dira». Azaldu duenez, Hegoalde Globaleko herrialdeek «nazioarteko arkitektura berri bat» planteatzen dute, eta rol esanguratsu bat hartu dute, besteak beste BRICS —Brasil, Errusia, India, Txina eta Hegoafrika— eta Shanghaiko Elkarlan Erakundea lankidetzarako taldeen bidez.
AEBen interesgune
Asia hego-mendebaldean daude Ekialde Hurbileko herrialde gehienak, baina badira Afrikaren eta Europaren ertzetan dauden estatuak ere, hala nola Egipto eta Turkia. Salehik kontatu duenez, kokagune horrek erakartzen du Washington: «Eskualde horren kontrola izateak esan nahi du Europan eta Asian influentzia izatea; horregatik dago Ekialde Hurbila AEBen estrategia geopolitikoaren erdigunean». Hori ez da motibo bakarra, ordea: «Eskualde horretan daude munduko petrolio erreserbaren %50 eta gas naturalaren %43; Errusiatik eta Txinatik gertu dago; eta han daude, besteak beste, Suezko kanala eta Bab el-Mandeb itsasartea, zeinak nazioarteko merkataritza ibilbidearen puntu garrantzitsuak diren».
Aukera horiek guztiak zukutu nahi ditu Washingtonek, irakasle argentinarraren arabera, eta Israel horretarako erabiltzen duen «tresna bat» besterik ez da. Oraingoan, baina, «marra gorri guztiak urratu ditu». 2023ko urriaren 7az geroztik, Israelek 66.200 pertsona hil ditu Gazan, eta beste milaka dira eraso horietan zauritutakoak eta hondakinen azpian desagertutakoak, zerrendako iturri ofizialen arabera. «Mundua zuzenean ikusten ari da genozidio bat, ikusten ari da nola gosez akabatzen ari diren palestinarrak, nola hiltzen ari diren, egunero-egunero, gizonak, emakumeak eta haurrak», gehitu du Martinellik. Eta horrek eragin du, haren ustez, Israelen aliatu batzuek orain arte defendatutako narratibak eta harreman diplomatiko eta ekonomikoak alde batera utzi behar izatea.