Palestinako Estatua aitortu duten herrialdeei eskertuta agertu da Hamas talde islamista, baina harago joateko exijitu dio nazioarteari, gaur zabaldutako ohar batean: «ekintza zehatzak» eskatu ditu, Gazarako behin betiko menia bat adosteko, zerrendan laguntza humanitarioa sartzea ahalbidetzeko eta Israelgo soldaduak Gazatik kanporatzeko. Kontrara, Donald Trump AEBetako presidentearen ustez, Palestinako Estatua aitortzea «opari handiegia» da Hamasentzat, NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiaren urteroko bileran adierazi duenez.
Ez da iritzi berekoa Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidentea. NBEren bilkuran herrialde gehiagori dei egin die Palestinako Estatua aitortzeko, eta adierazi du Gazakoa ez dela gerra soil bat: «Inbasio bat da, genozidio bat». Hain zuzen, Turkiako presidentearekin eta beste zenbait herrialde musulmanetako liderrekin biltzekoa da gaur Trump, New Yorken (AEB), zerrendaren aurkako erasoaldiaren osterako plan bat aurkezteko. Aurrez, NBEren bilkuran adierazi du lanean ari dela menia bat lortzeko, baina Hamasek «behin eta berriz» egin diela uko menia proposamenei. Hori gezurtatu du talde islamistak, eta gehitu Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa dela oztopoa.
Aukerak bukatzen direnean, beste bide bat hartzea izaten da ohiko erreakzioa, eta horixe egin du Etxe Zuriko maizterrak. Mendebaldea gero eta gehiago ari da estutzen Israel, eta Washingtonek herrialde musulmanak limurtu nahi ditu Gazarako dituen asmoak aurrera eramateko. Erresuma Batuak, Frantziak eta Kanadak, besteak beste, Palestinako Estatua aitortu dute azken orduotan, eta Espainiak Israeli amarik ez saltzea onartu du, baita okupatutako lurraldeetako produkturik ez erostea ere.
Trumpekin elkartzekoak dira zortzi herrialde hauetako agintariak eta goi kargudunak: Arabiar Emirerri Batuak, Egipto, Indonesia, Jordania, Pakistan, Qatar, Saudi Arabia eta Turkia. Nazioarteko hainbat herrialdek proposamen horri buruzko xehetasunak lortu dituzte, eta, horren arabera, planak barne hartzen du herrialde musulmanek beren tropak Gazara bidaltzea, erasoaldia bukatu ondoren Israelgo tropak handik ateratzen direla bermatzeko. Israelgo tropek epe bat izango lukete horretarako.
Zurrumurruak baieztatu zituen atzo iluntzean Indonesiako presidente Prabowo Subiantok: prentsaurreko batean plan horren inguruan galdetuta, esan zuen eurak «prest» daudela Gazara «bakerako tropak» bidaltzeko. Edonola ere, herrialde horiek AEBen laguntza ekonomikoa jasoko lukete beren tropak han zabaltzeko eta Gaza berriro eraikitzeko, Axiosen arabera.
Zerrendako gobernabideari dagokionez, behin-behineko nazioarteko agintaritza talde bat ezartzea jasotzen du Trumpen proposamenak, eta Hamas ezingo litzateke Gazako agintaritzan egon. Horrekin lotuta, ez dago argi AEBek begi onez ikusiko ote luketen PAN Palestinako Aginte Nazionala gobernu taldean egotea, aintzat hartuta Israelgo Gobernuak ez duela, oraingoz, zirkinik egin horrelakorik onartzeko.
Mendebaldeko zenbait herrialdek Palestinako Estatua aitortu eta biharamunean bilduko da Trump herrialde horiekin. Gaur-gaurkoz, Palestina estatu gisa aitortzen ez duten NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluko kide iraunkor bakarra dira AEBak, eta ez dirudi luze gabe Washingtonen jarrera aldatuko denik. Etxe Zuriko bozeramaile Karoline Leavittek atzo iluntzean azaldu zuenez, Trumpek uste du Palestina estatu gisa aitortzea «Hamas saritzea» dela, eta ez duela balio ez gatibuak askatzeko, ez gatazka amaitzeko.
7
Zenbat palestinar atxilotu dituzten Zisjordanian. Israelgo tropek sarekadak egin dituzte Zisjordaniako zenbait hiritan, ASRA palestinar presoen komunikazio bulegoaren arabera, eta zazpi pertsona atxilotu dituzte. Horietako bi Qalqilya hirian, beste bat Tulkaremen, beste bat Al-Birehn, beste bi Jeninen eta beste bat Beit Ummarren. Gaur-gaurkoz, 11.000 palestinar baino gehiago daude preso Israelgo kartzeletan.
Frantziak, esaterako, atzo aitortu zuen Palestinako estatua, bi estatuen konponbidea hauspotzeko; New Yorken egin zuen aitortza, NBEren egoitza nagusian egindako goi bileran. Frantziak berak eta Saudi Arabiak sustatu zuten bilkura, eta gaur, ohar bateratu batean, nabarmendu dute zer urrats egin beharko liratekeen Gazako sarraskia amaitu ondoren. Planteatu dute, esaterako, «egonkortasuna» bermatzeko, «behin-behineko nazioarteko misio baten hedatzea» babestea; zehaztu dute, hori bai, NBEren Segurtasun Kontseiluak eman beharko lukeela agindu hori.
Dokumentu horretan azpimarratu dute, gainera, Hamasek ezingo lukeela Gaza kontrolatu, armagabetu egin beharko lukeela, eta planteatu dute, era berean, zerrenda eta Zisjordania bateratzea —partzialki, PAN Palestinako Aginte Nazionalak agintzen du han—. Horrekin guztiarekin lotuta, Ursula von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak atzo New Yorken iragarri zuen talde komunitarioak «berariazko tresna bat» sortuko duela «Gaza berreraikitzeko». Talde islamistak, baina, gaur kaleratutako oharrean ziurtatu du ez dituela armak utziko: «Okupazioa amaitu bitartean, erresistentzia armaturako eskubidea du herri palestinarrak».
Erasoak, etenik gabe
AEBetako Fox hedabideak iturri ofizialak aipatuz atzo kaleratu zuenez, Hamasek, ustez, menia proposamen bat helarazi dio Trumpi, gutun baten bidez. Informazio horren arabera, 60 eguneko menia bat adostea eta trukean gatibuen erdiak askatzea eskaini dio Palestinako erakunde islamistak AEBetako presidenteari. Edonola ere, gutun hori ez da, oraingoz, Etxe Zurira ailegatu, eta Israelgo 12 telebista kateak eta beste hedabide batzuek adierazi dute ustezko gutun horrek ez duela Hamaseko agintarien sinadurarik.
Eta, bien bitartean, Israelek Gazari gau eta egun erasotzen segitzen du. Al-Jazeera hedabideak zerrendan dauden langile humanitarioak aipatuz jakinarazi duenez, gutxienez 34 pertsona hil dira Israelek egin dituen bonbardaketetan; horietatik gutxienez 25 Gaza hirian hil dira. Horrez gain, hiru haur hil dira malnutrizioaren ondorioz, Gaza hegoaldean, Al-Jazeera hedabidearen arabera.