Abokatua

Oliver Barker-Vormawor: «Historian ez dago Atlantikoaz gaindiko esklabotzak eragindako tragedia gainditu duen gertakizunik»

Nazio Batuen Erakundeak aurten adierazi du esklaboen salerosketa dela gizateriaren aurka inoiz eginiko krimenik larriena. Oliver Barker Vormaworen ustez, «urrats historikoa» izan da hori aitortzea, eta etorkizunean aldaketa handiak ekar ditzake.

Oliver Barker-Vormawor. BERRIA
Oliver Barker-Vormawor. BERRIA
Iraia Leon Pego
2026ko urriaren 31
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Krimen guztiak dira larriak, baina larrienen artean larriena zein den erabakitzea ez da lan erraza. Milaka gertaeraren artean aztertu behar da zeinek egin duen kalte gehien, zeinek aldatu duen gizateria gehien, edo zeinen ondorioek iraun duten gehien. NBE Nazio Batuen Erakundearen Batzar Nagusiak martxoan egin zuen lan hori, eta adierazi zuen Atlantikoaz gaindiko esklabo salerosketa zela «gizateriaren aurkako inoizko krimenik larriena».

Gutxienez 12,5 milioi pertsonari egin zien kalte, eta 300 urte baino gehiago —XVI. mendetik XIX. mendera— iraun zuen esklabotza horren larritasuna aitortu zuen NBEk udaberrian; hala, aurrekari garrantzitsu bat ezarri zuen memoria historikoari eta erreparazioen eskaerari dagokionez.

Ordutik, nazioarteak hainbat urrats egin ditu ebazpen horrek ondorio zehatzak eragin ditzan. Horien artean dago Hurrengo Urratsen Konferentzia, uztailean egin zena, Akkran, Ghanako hiriburuan. Horretan parte hartu zuen Oliver Barker Vormawor (Akuse, Ghana, 1986) abokatuak.

Zergatik da hain esanguratsua NBEk ebatzi izana Atlantikoan zeharreko esklabo salerosketa izan dela gizateriaren aurkako inoizko krimenik larriena?

Izendapen hori hizkuntzaren erabilera hutsa baino gehiago da; esklabotzaren historia eta bizipenak behar bezala aitortzea da. Hizkuntza tresna indartsua da eragindako mina eta sufrimendua aitortzeko. Nazioarteko zuzenbideak esklabotza gizateriaren aurkako krimentzat hartu izan du, baina ez zuen orain arte inoiz guztiz aitortua esklaboen salerosketak mundua nola eraldatu zuen, ez haren luzapena, ezta eskala ere ez.

Zer ekarriko du ebazpen horrek?

Galdera hori da garrantzitsuena orain, bai Afrikako eta Karibeko herrialdeentzat, baita NBErentzat ere. Estatu kide gehienek ebazpenaren alde bozkatu dute, baina zer erantzukizun sortzen die horrek orain?

Hemendik aurrerako urratsak funtsezkoak izango dira. Ebazpenak hainbat norabide iradokitzen ditu, baina erreparazioak zehaztu behar dira. Elkarrizketak, behaketak eta negoziazioak egin beharko dira, nazioartean konponbide bat adosteko.

Azken finean, honen bidez Hegoalde Globalak ez du Mendebaldea garaitu, baizik eta iraganeko bidegabekeria.

«Azken finean, honen bidez Hegoalde Globalak ez du Mendebaldea garaitu, baizik eta iraganeko bidegabekeria»

Erreparazioa aipatu duzu. Zure ustez zer litzateke egokiena oraingoan?

Egindako kaltea nolabait konpentsatzeko erabiltzen da erreparazioa, baina horiek nolakoak izan behar duten adostu beharra dago kasu bakoitzean. Batzuetan memoria eta gertatukoaren aitortza da garrantzitsuena; beste batzuetan, berriz, kostu ekonomikoak ordaintzea.

Kasu honetan funtsezkoa da zera kontuan hartzea: munduko herritar gehienek ez dute ulertzen zer izan zen Atlantiko zeharkako esklabo salerosketa, edo zer ondare utzi duen.

Jende asko hezkuntza sisteman hazi da, eta horretan sinetsarazi zaio kolonialismoa proiektu humanitario bat izan zela. Hori aldatzeko modua eraiki behar dugu. Niretzat, hori da erreparazioaren proiekturik handiena orain.

Gainera, erreparazioa ez da iraganarekiko erantzukizuna soilik; etorkizunarekikoa ere bada. Gazan edo Kongoko Errepublika Demokratikoan gertatzen ari denaz ausardiaz hitz egiteko gai ez bagara, iraganekoak aitortzea azaleko konponbidea da.

«Gazan edo Kongoko Errepublika Demokratikoan gertatzen ari denaz ausardiaz hitz egiteko gai ez bagara, iraganekoak aitortzea azaleko konponbidea da»

Ghana izan da erreparazioen aldeko ahots nagusietako bat.

Bai, hain zuzen berak aurkeztu zuen ebazpena NBEn. Ghanak bere burua Hego Globaleko eragile nagusietako bat bezala ikusi izan du beti. Herrialdea aitzindaria izan zen independentzia mugimenduetan eta apartheidaren aurkako borrokan.

Horregatik, nazioarteko gaietan kontzientzia moralaren lider gisa ikusten du bere burua, eta uste dut horri eutsiko diola atzerri politikan.

Eta nola eutsi dio lidergoari ebazpena onartu ondoren?

NBEn adostutakoari jarraipena ematen ahalegindu da Ghana. Esaterako, nazioarteko konferentzia bat antolatu zuen Akkran udaran, hurrengo urratsen inguruan eztabaidatzeko.

Gainera, Ghana laster Afrikako Batasuneko presidentetza hartzekoa da, eta erreparazioak lehentasunetako bat izango dira; bereziki, Afrikako herrialdeen jarrera bateratzea eta Karibekoekin elkarlanean aritzea.

Akkrako Hurrengo Urratsen Konferentzia aipatu duzu. Zer egin zen horretan?

Aberasgarria izan zen. Konferentziaren ezaugarririk interesgarriena izan zen hiru komunitate elkartu zituela: gobernuko ordezkariak, esklabotzaren biktimen ondorengoak, eta bestelako mugimendu sozialak.

Talde horiek guztiek ez dute hizkuntza bera erabiltzen, ezta erronkak modu berean ulertzen ere. Garrantzitsua da ikuspegi horiek guztiak toki berean egotea eta hizpide izatea zer esan nahi duen ebazpen honek bakoitzaren testuinguruan.

Zeintzuk izan ziren konferentziaren lorpen nagusiak?

Lantalde eta batzorde berriak sortzea izan zen lorpen nagusia, erreparazioen inguruko elkarrizketari jarraipena ematen baitiote. Gainera, hainbat mugimendu eta komunitate elkartzean etorkizuneko proiektuetarako oinarriak ezarri zituzten.

Eta zer erronka dituzte?

Nagusiki, gaur egun dugun errealitate postkoloniala, eta horretan erreparazioen agenda bat eraikitzea. Kapitala eta boterea neurri handi batean Iparralde Globalean daude oraindik, eta horrek zaildu egiten du justizia globalaren aldeko urratsak egitea.

«Kapitala eta boterea neurri handi batean Iparralde Globalean daude oraindik, eta horrek zaildu egiten du justizia globalaren aldeko urratsak egitea»

Gainera, Mendebaldeko herrialdeak bozketan abstenitu egin ziren, eta, hortaz, ikuspegi tradizionalak zilegitasuna ken diezaioke ebazpenari. Beraz, eztabaida Mendebaldearen ikuspegitik ulertzeko joera gainditzea da beste erronka bat. Mendebaldeko herrialdeek kritikak egin dituztela kontuan hartu behar da, baina horrek ezin du oztopatu lortutakoari jarraipena ematea.

Mendebaldeko herrialdeen kritiken artean dago «gizateriaren aurkako krimenik larriena» definitzeak hierarkia bat sor dezakeela nazioarteko krimenen artean.

Argudio hori entzun dut, baina ez diot zentzurik ikusten. Nazioarteko zuzenbideak historikoki hierarkiak erabili izan ditu. Nire ustez, benetako galdera da ea hierarkia hori kasu honetan justifikatuta dagoen. Eta nik ez dut zalantzarik.

Ez dago Atlantikoan zeharreko esklabotzak eragindako tragedia gainditu duen gertakizunik. Ez tamainan, ez sufrimenduan, ezta ondorioetan ere.

Esklabotzak milioika pertsonaren bizitzak baldintzatu zituen, eta ez zuen soilik sufrimendu izugarria eragin; gaur egungo ordena globala eraldatu zuen. Munduko herrialde askoren historia bera ezin da ulertu pasarte hau kontuan hartu gabe.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA