Igandera arte luzatu dute Israelen atxikitako flotillako bi kideen atxiloaldia

Saif Abu Kexek eta Thiago Avila aske geratzekoak ziren gaur.

Saif Abu Kexek flotillako kidea, herenegun, Israelgo Ashkelon hiriko auzitegi batean. ABIR SULTAN / EFE
Saif Abu Kexek flotillako kidea, herenegun, Israelgo Ashkelon hiriko auzitegi batean. ABIR SULTAN / EFE
Julen Otaegi Leonet.
2026ko maiatzaren 5a
13:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Greziatik etxera itzultzen hasiak dira Israelgo armadak joan den astean nazioarteko uretan gatibu hartutako Global Sumud Flotillako ekintzaileak, bi izan ezik: Saif Abu Kexek palestinarra eta Thiago Avila brasildarra. Israelgo Ashkelon hiriko Shikma espetxean daude asteburuaz geroztik, eta, gaur aske geratzekoak ziren arren, atxiloaldia igandera arte luzatzea erabaki du hiri horretako auzitegi batek. Hori jakinarazi dute ekintzaileen abokatuek; Adalah Israelgo Gutxiengo Arabiarraren Eskubideen Zentro Legalekoak dira. Efe albiste agentziak kaleratu duenez, hamabi minutu iraun du Abu Kexeken aurkako gaurko auzi saioak, eta ordu erdi Avilaren kontrakoak. Lehena «erakunde terrorista» bateko kidea delakoan atxilotu zuten, eta bestea, berriz, «legez kanpoko ekintzak» egin dituelakoan.

Sally Issak, Abu Kexeken emazteak, salatu du «tortura eta tratu txarrak» sufritu dituela ekintzaileak, eta oraindik ez duela harekin hitz egin; abokatuek eta Espainiak Israelen duen kontsulak baizik ez dute horretarako aukerarik —Katalunian bizi dira senar-emazteak—. Kazetarien aurrean egin ditu adierazpenok Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalaren atarian, Ada Colau Bartzelonako alkate ohiarekin batera; gogoratzekoa da Colauk parte hartu zuela iazko irailean Gazako blokeoa hausteko beste misio batean. Issak jakinarazi du Abu Kexek gose greban dagoela Israelgo armadak «legez kanpo» atxilotu zuenetik.

Armadak nazioarteko uretan gerarazi zuen flotilla, Greziako Kreta irlatik ehun bat kilometrora; itsas segizioko 58 ontzi zihoazen Gazako laguntza humanitarioaren blokeoa hausteko asmoz, eta horietako 22 atzeman zituen Israelek. 175 bat ekintzaile atxilotu zituen, eta Kretara eraman; Abu Kexek eta Avila, berriz, Israelera.

Euskal Herriko hamabi lagunek parte hartu zuten itsas ekinaldian, eta Israelek haietako zazpi atzeman zituen ostegun gauean. Pare bat igandean heldu ziren Loiuko (Bizkaia) aireportura, eta, beste hiru, atzo.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA