Greziako kostazainek Israelekin kolaboratu izana salatu dute Flotillako kideek

Adur Ramirez de Alda Global Sumud Flotillako kidea Euskal Herrira iritsi da, baina flotillak misioarekin jarrituko duela berretsi du. Bi kideren atxiloaldia luzatu du Israelek, eta ontzidiak adierazi du ekintza kriminalizatu nahi izan dutela.

Ongietorria Flotillako ekintzaile euskal herritarrei, gaur, Loiuko aireportuan (Bizkaia). ARITZ LOIOLA / FOKU
Ongietorria Flotillako ekintzaile euskal herritarrei, gaur, Loiuko aireportuan (Bizkaia). ARITZ LOIOLA / FOKU
Beñat Mujika Telleria.
2026ko maiatzaren 4a
19:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

Israelgo auzitegi batek Saif Abu Kexek eta Thiago Avila Global Sumud Flotillako kideen atxilotzea luzatu du, bihar arte. «Torturatu, jipoitu eta bakartuta eduki» dituztela salatu dute aktibistek azken orduetan, eta ontzidiak auzitegiaren erabakia gaitzetsi du. «Haien aurkako kargu formalik aurkeztu ez duten arren, Israelgo Fiskaltzak akusazio orokorrak egin ditu, motibazio politikoak tarteko; ekintza humanitarioa kriminalizatzeko saiakera bat izan da», adierazi du, ohar batean. Adur Ramirez de Alda ekintzailea atzeman zituzten ontzietako batean zegoen; egoeraren nondik norakoak azaldu ditu, eta Greziako kostazainek Israelekin kolaboratu izana salatu du.

Gaur arratsaldean heldu da Euskal Herrira Ramirez de Alda, beste bi kiderekin batera. Aurrez, Zuricheko aireportuan (Suitza) hurrengo hegaldiaren zain zegoela hartu du BERRIAren deia. Azaldu duenez, bera zihoan ontzia abordatua izan zen, eta, bertako kideak atxilotu ez zituzten arren, jitoan gelditu zen ontzia. «Ez genuen espero israeldarrak izango zirenik, oso urruti baikeunden. Baina pare bat aldiz tirokatu gintuzten, eta berehala jabetu ginen egoeraz». Ramirez de Aldaren esanetan, Israelgo armadaren misioa argia zen: ontzia misioarekin jarraitzeko aukerarik gabe uztea. «Ontziko kable guztiak eten zizkiguten: Internetekoa, kameretakoak... Baina irratiko kableak ahaztu zitzaizkien. Sakelakoa ez zidaten kendu, eta Open Arms ontzikoekin hitz egiteko eta koordenatuak bidaltzeko aukera izan genuen», azaldu du. Haiek erreskatatu zuten ekintzaile altsasuarra zihoan ontzia, eta atoian eraman zuten Kretaraino (Grezia). 

Bi egoera salatu nahi izan ditu Ramirez de Aldak. Alde batetik, adierazi du agerian gelditu dela Greziako kostazainek Israelgo armadarekin kolaboratu zutela: «Behin ontzia jitoan geldituta, eta Israelgo ontziak ikusten zirelarik, Greziako kostazainak agertu ziren, eta operazio guztian elkarrekin kolaboratu dute». Eta, beste alde batetik, palestinarrek bizi behar izan dutenaz oroitu da. «Guri halako gehiegikeriak egin badizkigute —35 lagun erietxera eraman behar izan zituzten—, zer ez zieten egingo Palestinako herritarrei! Guk argi ikusi dugu ez daukatela inolako erreparorik».

Azaldu duenez, atxilo hartutako ekintzaileak ontzi batean sartu zituzten, «eta bertan izan zituzten preso». Kontatu du ontziak «goitik behera txikitu» zituztela, eta jitoan gelditu zirela. Ekintzaileak, baina, azpimarratu du misioa ez dela amaitu nahiz eta haiek etxera itzuli, eta flotillak aurrera jarraituko duela, Gazako herritarrei laguntza emateko asmoz. «Flotillak ez du etenik izango. Turkiatik aterako diren ontzi gehiago batuko zaizkie orain, eta handik Palestinara iristea da asmoa. Hori da Palestinari eta Saifi [Abu Kexek] eta Thiagori [Avila] elkartasuna adierazteko modurik egokiena».

Atzo erabaki zuen Israelgo Ashkelon hiriko auzitegi batek bi ekintzaile horien atxiloaldia luzatzea. Atxilotuak Shikmako kartzelara bidali dituzte berriro ere, eta jakinarazi dute «bakartuta» izango dituztela. Global Sumud Flotillak atzo adierazi zuenez, bi atxilotuek gose greban jarraituko dute «legez kontra» atxilotu dituztelako, eta eman dizkieten tratu txarrak salatzeko. Gainera, ontzidiak zehaztu du ekintzaileen abokatuek —Adalah Israelgo Gutxiengo Arabiarraren Eskubideen Zentro Legalekoak horiek— legez kanpokotzat jo dutela auzibidea, argudiatuta atxiloketa «nazioarteko uretan» gertatu zela, eta ez daukala euskarri legalik. «Israelek ez dauka eskumenik nazioarteko uretan atxilotzen diren atzerriko zibilen gainean», gogorarazi dute oharrean.

Horrekin lotuta, atxilotu dituzten bi aktibisten testigantzak aurkeztu zituen atzo defentsak. Bertan, Abu Kexekek eta Avilak gehiegikeria larriak salatu dituzte; besteak beste, jipoiak, denbora luzez immobilizatzea, bakartzea, eta begiak estaltzea. Defentsak adierazi duenez, aipatutako ekintza horiek torturatzeko moduak dira nazioarteko zuzenbidearen arabera.

Flotillak salatu du Israelgo auzitegiek «legez kontrako atxiloketak eta estatu biolentzia legitimatzeko» balio dutela, batez ere palestinarrak eta «haien aliatuak» tartean badaude —palestinarra da Abu Kexek, eta brasildarra Avila—. «Adituak kezkatuta daude, kasu horietan ez dagoelako berme prozesalik, eta lege sistema zuzenbidea urratzen duten politikak babesteko erabiltzen delako», adierazi du ontzidiak oharrean.

Ere berean, zehaztu dute Abu Kexeken eta Avilaren kasua ez dela kasu «bakan» bat, baizik eta palestinarren bizitzen eta haiekin elkartasunean lan egiten duten guztien aurkako «eraso etengabe baten parte» dela.

Oharrean gogorarazi dute ezer gutxi egin duela munduak «palestinarren bizitzaren suntsipena gelditzeko», eta hainbat eta hainbat ekintzaile horregatik ari direla flotillan parte hartzen. Flotillak nazioartearen «premiazko ekintza» bat eskatu du gaur, eta adierazi du nazioarteko gobernuek erabaki bat hartu behar dutela: «Nazioarteko zuzenbidea errespetatu, edo haren suntsipenaren konplize izaten jarraitu».

Ongietorria Loiun

Israelgo armadak Global Sumud Flotillaren aurkako operazio bat abiatu zuen iragan asteazkenean. 175 bat ekintzaile hartu zituzten gatibu, nazioarteko uretan zirela, Greziako Kreta uhartetik ehun bat kilometrora. Misioan hamabi euskal herritar zihoazen, eta Israelgo armadak haietako zazpi atzeman zituen. Gaur arratsaldean heldu dira horietako hiru, tartean Ramirez de Alda.

Atzo iritsi ziren Euskal Herrira ontzidiko Euskal Herriko ordezkaritzako beste bi kide. Ongietorria egin zieten Loiuko aireportuan, eta mugimenduak eskerrak eman zizkien, «Gazako blokeoa hausteko eta laguntza humanitarioa eramateko izan duten parte hartzeagatik». Gasteizko irakasle Salim Malla ere Global Sumud Flotillako kidea da, eta gaur goizean iritsi da Loiuko Aireportura. Kazetarien aurrean salatu ditu Israelgo armadaren eskuetatik jasandako gehiegikeriak: «Nahi izan zuten guztia egin zuten gurekin».

Mallak Espainiako Gobernua eta Eusko Jaurlaritza ere kritikatu ditu, haren esanetan ez baitute «ezer egin» Tel Avivek atzemandako herritarrak aberriratzeko. Zehaztu duenez, Turkiako Gobernuak soilik lagundu die: «Hegaldi bat jarri ziguten, eta azterketa medikoa eta psikologikoa egin. Gainera, abokatuekin batera deklarazio bat egiten lagundu ziguten, giza eskubideak urratzeagatik Nazioarteko Zigor Auzitegian demanda bat aurkezteko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA