Faroe uharteetako Tjoðveldi alderdi independentistako parlamentaria

Hervor Palsdottir: «Indar egiten jarraitzen badugu, independentzia gure esku egongo da»

Faroe uharteetako bost alderdik autodeterminazioaren aldeko hitzarmena sinatu dute aurten; tartean, Palsdottirrenak. Bilbon izan zen aurreko asteburuan, eta, haren hitzetan, independenteak balira bezala jokatzen jarraitzea da gakoa.

Hervor Palsdottir, Faroe uharteetako parlamentaria, iragan ostiralean, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Hervor Palsdottir, Faroe uharteetako parlamentaria, iragan ostiralean, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
June Montero
Bilbo
2025eko abenduaren 4a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Faroe uharteen eta Danimarkaren artean 1.500 kilometro baino gehiagoko bidea dago. 1946an egindako erreferendumean, faroetarrek baiezkoa eman zioten autodeterminazioari, baina Danimarkako erregeak bertan behera utzi zuen, eta, ondorioz, oraindik ere Danimarkako administrazioaren kontrolpean dago. Galdeketa egin zenetik bi urtera jaio zen Tjoðveldi alderdia —Errepublika euskaraz—, independentziaren aldarrikapena bizirik mantentzeko. Egun Faroe uharteetako alderdi nagusienetariko bat da. Hervor Palsdottir (1995) indar subiranistaren parlamentaria da Faroe uharteetako Parlamentuan 2019tik. Bilbon izan da, Herri burujabeak Europar Batasunean izenburuko jardunaldietan parte hartzeko, VII. Eskola Subiranistan. 

Zer eskumen ditu Faroe uharteetako Gobernuak?

Ia guztiz autonomoak gara. Atzerri gaien, Poliziaren eta botere judizialaren eskumenak baino ez zaizkigu falta. Gainerako afera guztiak Faroetako Gobernuaren esku daude.

Faroe uharteak aspalditik daude independentzia lortu dezaketen estatuen zerrendan. Gaur egun autodeterminaziotik hurbilago zaudetela esango zenuke?

Azken 25 urteotan faroetarrek ez dute autodeterminazioa lortzeko eskaririk egin. Baina, azken bi urteotan, mundua aldatzen ari dela konturatu dira. Ukrainako gerra eta Trumpek Groenlandia erostearen inguruan egin zituen adierazpenak direla eta, besteak beste. Ozeano Artikoak eta Atlantikoaren iparraldeak garrantzi handia hartu dute nazioarteko politikan. Konturatu gara ezinbestekoa dela independentzia lortzea mahaian lekua izan nahi badugu. Gure alderdiak argi zeukan hori hasieratik, baina, orain, gainerako alderdiak ere konturatu dira. 

Zer eragin du kontzientzia hartze horrek?

Faroe uharteetako sei alderdietako bostek independentziaren aldeko akordio bat sinatzea lortu dugu aurten. Bost alderdi horiek eskakizun formal bat bidali diogu Danimarkako lehen ministroari, independentzia lortzeko negoziazioak hasi nahi ditugula esanez. Agian, nolabaiteko aliantza politikoa izan genezake Danimarkarekin, baina haren maila berean dagoen nazio bat izan nahi dugu.

Nola erantzun dio independentzia eskariari Danimarkako Gobernuak?

Urteetan Danimarkak esan du independentzia emango ligukeela faroetarroi hala nahiko bagenu. Baina inolako baliorik gabeko adierazpena izan da orain arte. Akordio indartsu bat lortu dugunetik, ordea, Danimarkako Gobernuaren erretorika aldatu egin da: egungo egoera aldakorrari batera aurre egin behar diogula esaten dute. Horretaz baliatuz, gure autodeterminazio eta subiranotasun eskubidea alboratzen ari dira. 

«Danimarkako Gobernuaren erretorika aldatu egin da: egungo egoera aldakorrari batera aurre egin behar diogula esan, eta gure autodeterminazio eta subiranotasun eskubidea alboratzen ari dira»

HERVOR PALSDOTTIR Parlamentari faroetarra
Danimarkarekiko menpekotasun ekonomikoaren kontra ere borrokan ibili zarete.

Gaur egun parlamentuan dagoen koalizio gobernua osatu genuenean, gure helburuen muinean zegoen Danimarkaren eskutik urtero jasotzen dugun dirua murriztea. Lortu dugu 2026rako %20 gutxitzea, lau urtetan. Eta ezinbestekoa da, gure iritziz, hori egiten jarraitzea, ekonomikoki inoren mendeko ez izateko. Gainera, faroetarren ongizatea gure diruan oinarrituz gero, hobeto zaindu eta erabiliko dugu diru hori. 

Autodeterminaziorako bidean beste herrialderen baten babesa jaso duzue?

Orokorrean, gainerako herrialde nordikoen laguntza lortzen saiatzen gara, Groenlandia eta Islandiarena, horiek baitira faroetarrek hurbilen sentitzen dituztenak. Baina gaur egun faroetarren independentziaren aldeko borroka kontu judizial eta politiko bat dela esango nuke, eta ez auzi kultural edo sozial bat. Askatasun politiko handiagoa behar dugu nazio gisa hazten jarraitzeko. Gure kulturaren eta hizkuntzaren alde ere egin dugu, baina orain gure arreta nagusia maila judizial eta politikoan dago. 

Independentzia lortuko bazenute, zelako estatua nahiko zenuke?

Egiten dugun guztiak, baita independentzia lortzeak ere, herrialdea herritarrentzat hobetzea du helburu. Estatu independente bihurtuz gero, ongizatea, industria, eta beste herrialde batzuekin dugun harremana indartuko genukeela uste dugu. Beraz, gure eguneroko jardun politikoan egiten duguna izango da independentzia lortzean ere egingo duguna. 

«Azken hamar urteotan, independenteak izango bagina bezala jokatzea izan da gure alderdiaren estrategia politikoa. Gure nazioak behar duena egiten ez badugu Danimarkako Gobernuak hala esaten duelako, ez dugu ezer lortuko»

HERVOR PALSDOTTIR Parlamentari faroetarra
Zelakoa da eguneroko jardun hori?

Azken hamar urteotan, independenteak izango bagina bezala jokatzea izan da gure alderdiaren estrategia politikoa. Danimarkaren narratiba legezkotzat jo eta gure nazioak behar duena egiten ez badugu Danimarkako Gobernuak hala esaten duelako, ez dugu ezer lortuko. Baina indar egiten jarraitzen badugu, soka nasaitu eta nasaitu jarraituko dute, eta independentzia gure esku egongo da. 

1946an faroetarren gehiengoa independentziaren alde zegoen. Zein da oraingo joera?

Galdera nola egin da gakoa. Danimarkarekin harremanak errotik moztu nahi dituzten galdetuz gero, herritarren erantzuna ezezkoa izango da. Baina Danimarkaren barnean nazioen berdintasunean oinarritutako sistema bat nahi duten galdetuz gero, erantzuna baiezkoa izango litzateke. Gehien-gehienak autodeterminazioaren aldeko egongo lirateke. Iruditzen zait faroetarrek guztiz independenteak garela uste dutela, eta agian ez dakite zein eskumen politiko falta zaizkigun. 

Independentziaren aldeko borrokan ereduren bat daukazue?

Alderdikoen artean eredu askoren inguruan hitz egin dugu, baina parlamentuan egin genuen akordioaren harira, gure ereduari nahi duzun izena jarriozu hitzarmena deitzen hasi gara. Garrantzitsuena ez baita zein eredu den edo nola egiten den, oinarrizkoena da independentzia lortzea eta herrialde gisa hazteko eta aurrera egiteko aukera izatea. 

(ID_15556596) (Marisol Ramírez/@FOKU) 2025-11-28, Bilbo. Hervor Palsdottir, Faroe Uharteetako alderdi independentista bateko parla...
Hervor Palsdottir. MARISOL RAMIREZ / FOKU

«Balea arrantzaren kontrako kritikek faroetarrak bateratu dituzte»

Faroe uharteen ohiturak, kultura eta hizkuntza defendatzeaz ere aritu da Palsdottir. Besteak beste, baleak arrantzatzen jarraituko dutela ziurtatu du.

Faroe uharteetako kultura eta hizkuntza mantentzeko borroka aipatu duzu. 

Gure kultura eta hizkuntza mantentzearen alde egin behar izan dugu beti, bereziki Danimarkaren boterearen menpe egon behar izan dugulako urteetan zehar, eta haien boterea indartsuagoa izan delako beste garai batzuetan. Zaila izan da gure kulturaren jabegoa hartu eta harro egotea. Gainera, beharbada, aurreko hamarkadetan gazteei erakargarriagoak egin zaizkie beste kultura eta herrialde batzuk. Baina, zorionez, iruditzen zait hori aldatzen ari dela eta gazteek gure nortasun kulturala zaindu eta eraberritu nahi dutela, eta haien aztarna utzi. 

Nazioartean harrabots handia izan du balea arrantzak. 

Balea arrantzaren kontrako kanpoko kritikek faroetarrak batu dituzte gure kulturaren alde. Nazioarteko hedabideetan dauden narratiba asko faltsuak dira; balea ehiza deitzen diote, baina ez da ehiza. Baleak kostatik gertu ikustean soilik egiten da, ez dugu urteko sasoi batean edo egunero egiten. Pilotu baleen arrantza mendez mende egin dugun zerbait da. Gainera, beti kontrolatu izan dugu zenbat balea hiltzen genituen urtero, eta arrantzatutakoa parte hartu dutenen artean banatzen dugu. Ez da inoiz balearen haragia salmentan jarri, era jasangarri batean janaria lortzeko modu bat izan da. Faroe uharteetan guztiok gaude ados: hori egiten jarraitu nahi dugu. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.