Indonesia, Gazara tropak bidaltzeko prest dagoela adierazi duen lehen herrialdea

Indonesiako armadak esan du negoziatzen ari direla 5.000 eta 8.000 soldadu artean bidaltzea. Trumpen planeko Nazioarteko Egonkortze Indarreko kide bihurtuko lirateke. Etxe Zuriak ez du begi onez ikusten Israelek Zisjordania anexionatzea.

Palestinar batzuk Gaza hiriko errefuxiatu gune batean, atzo. MOHAMMED SABER / EFE
Palestinar batzuk Gaza hiriko errefuxiatu gune batean, atzo. MOHAMMED SABER / EFE
Igor Susaeta.
2026ko otsailaren 10a
13:21
Entzun 00:00:00 00:00:00

Gazara tropak bidaltzeko prest dago Indonesia; 5.000 eta 8.000 soldadu artean. Publikoki konpromiso hori hartu duen aurrenekoa da Asia hego-ekialdeko herrialde hori. Donald Trump AEBetako presidentearen Gazarako planean jasota dago Nazioarteko Egonkortze Indarra sortzea, eta hura zerrendan hedatzea. Hain zuzen, horko kide bihurtuko litzateke Indonesia. Armadako buru Maruli Simanjuntakek hango hedabideei atzo esan zienez, horretarako prestatzen ari dira, nahiz eta oraindik negoziatzen ari diren.

Trumpek irail amaieran aurkeztutako planak dioenez, hainbat eginkizun edukiko lituzke indar horrek. Esaterako, «entrenatu eta lagundu» egingo lituzke Gazarako hautatutako Polizia indar palestinarrak. Egitasmoaren puntuetako batean jaso zuten, era berean, indar horrek «kontrola eta egonkortasuna» ezartzen dituen neurrian Israelgo armada erretiratu egingo dela, «oinarri hartuta desmilitarizaziorako ezarritako epeak, arauak eta mugarriak [...]». Indonesiako Barne Ministerioaren bozeramaile Rico Siraitek EFE berri agentziari adierazi dioenez, laguntzea litzateke beren egitekoa: bai esparru humanitarioan, baita berreraikuntza lanetan ere.

Orain arte, behintzat, Nazioarteko Egonkortze Indarrak ez du babesik lortu; AEBek Ekialde Hurbilean dituzten aliatuek ere ez dute haren alde egin. Saudi Arabiak eta Jordaniak, esaterako, uko egin diote tropak bidaltzeari. Maroko, ordea, Gazan militarrak hedatzea pentsatzen ari da, auziaren berri duten hiru iturri aipatuz Financial Times Erresuma Batuko egunkariak gaur kaleratu duenez. 

Musulman gehien duen herrialdea da Indonesia, eta biztanle gehien duten herrialdeen artean laugarrena da: 284 milioi inguru. Prabowo Subianto militar ohia da presidentea 2024tik, eta hark onartu egin du Indonesia bihurtzea Trumpen Bake Batzordeko kide; erabaki bera hartu dute Qatarrek, Pakistanek, Turkiak, Hungariak, Saudi Arabiak, Argentinak, Egiptok eta Arabiar Emirerri Batuek, besteak beste —35 dira guztira—. NBE Nazio Batuen Erakundearen antzeko egitura pribatu bat sortu asmo du Etxe Zuriko maizterrak, iruditzen baitzaio aurrenekoak porrot egin duela. Duela hiru aste aurkeztu zuten Davosen (Suitza), Munduko Ekonomia Foroan, eta helburu du, besteak beste, Gaza berreraikitzeko funtsak lortzea. Otsailaren 19an dira lehen bilera egitekoak, Washingtonen.

397

 

Zenbat pertsonak zeharkatu duten Rafahko pasabidea otsailaren 2tik. Israel ez da betetzen ari Rafahko pasabidea ireki zutenean adostutakoa. Horren arabera, egunero 200 pertsonak edukiko lukete hori zeharkatzeko aukera. Otsailaren 2an ireki zuten, eta zenbakiak eskuan, aurreikusitako 1.600 pertsonetatik soilik 397k zeharkatu dute pasabidea. Hori jakinarazi du Gazako Gobernuak, gaur.

Bestalde, Trumpek ez du babesten Israelek Zisjordania anexionatzea. Hori argitaratu dute hainbat hedabidek, Etxe Zuriko iturri ofizial bat aipatuta. «Zisjordania egonkor batek Israelen segurtasuna bermatzen du, eta bat dator administrazio honen helburuarekin: bakea lortzea eskualde guztian», esan du iturri horrek. Izan ere, aintzat hartu behar da lurralde okupatuetako palestinarrak azpiratzeko beste urrats bat egin zuela Tel Avivek herenegun. Zisjordania Jordaniaren esku zegoen garaiko lege bat —1953koa— bertan behera utzi zuen Israelgo segurtasun kabineteak; horrek debekatzen zien lurrak eta jabetzak erostea hangoak ez direnei. Horrenbestez, kolonoek errazago eraman ahal izango dute aurrera okupazioa.

Trump-Netanyahu, bihar

Trump eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa Washingtonen bilduko dira bihar, eta, nagusiki, AEBek eta Iranek joan den ostiralean hasitako negoziazioak izango dituzte hizpide. AEBetarantz abiatu aurretik kazetariekin mintzatu da Netanyahu, eta esan die bere asmoa dela «negoziazioen oinarriaz» Israelek duen ikuspegia plazaratzea. Tel Avivek nahi du Iranen misil balistikoen programari mugak ezartzea, eta Teheranek ez ditzala babestu Israel etsai duten eskualdeko miliziak: Hezbollah, Hamas eta huthiak, batez ere.

gUTXIENEZ zazpi PERTSONA HIL DITU iSRAELEK gAZAN

Menia gorabehera, Gazan palestinarrak hiltzen segitzen du Israelek; gaur, zazpi. Hori kaleratu du Al Jazeera hedabideak, zerrendako osasun iturriak aipatuz. Horrenbestez, joan den urriaren 10ean su etena ezarri zutenetik, Israelek 590 pertsona hil ditu han —72.000 inguru 2023ko urritik—, eta 1.500 inguru zauritu. Gainera, Tel Aviveko indarrek aurrera jarraitzen dute Zisjordanian geroz eta ugariagoak bihurtu diren sarekadekin: gaur 30 lagun atxilotu ditu, Palestinako Presoen Elkartearen arabera.

Horren harira, hain zuzen, Irango Atzerri Ministerioaren bozeramaile Ismail Baghaeik gogorarazi die AEBei beraiei dagokiela erabakitzea nola jokatuko duten negoziazioetan, eta izkin egiteko «presio suntsitzaileei». Hori nabarmendu du, prentsaurreko batean. Joan den ostiraleko bileraren ondoren, bi aldeek, AEBek eta Iranek, ondo joan zela adierazi zuten. Trumpek, hori bai, zera esan zuen hurrengo egunean: «Akordioa egin nahi dute: komeni zaie akordioa egin nahi izatea. Bestela, badakite zeintzuk izango diren ondorioak. Akordiorik gabe, aldapan gora egin beharko dute bidea».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.