Netanyahuk nabarmendu du segituko dutela Hezbollahri eraso egiten

Iranek esan du Israel tregoa urratzen ari dela Libanori eraso eginez. Washington eta Teheran datozen orduetan dira Pakistanen biltzekoak. Trumpek Iran mehatxatu du: Ormuzko itsasartea irekitzen ez badu erasoaldia «gogorragoa, handiagoa» izango dela.

Emakumezko bat gaur Beiruten, Israelek birrindutako eraikin baten aurretik igarotzen. WAEL HAMZEH / EFE
Emakumezko bat gaur Beiruten, Israelek birrindutako eraikin baten aurretik igarotzen. WAEL HAMZEH / EFE
Igor Susaeta.
2026ko apirilaren 9a
11:06
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iranek eta AEBek adostutako bi asterako tregoak zehazten du, Pakistan bitartekariaren esanetan, akordioak Libano ere barne hartzen duela. Baina Israelek ez du elkarrizketetan parte hartu, eta entzungor egiten dio akordioari. Gutxienez 250 lagun hil eta 1.150 zauritu zituen atzo Libanon, eta Benjamin Netanyahu lehen ministroak nabarmendu du gaur segituko dutela Hezbollah milizia xiitari «behar den lekuan» eraso egiten; hau da, jarraituko dutela Libano hegoaldeko bizilaguna kolpatzen.

Teheranek aliatu du milizia xiita, eta Masud Pezexkian presidenteak azpimarratu du gaur «iruzur seinale bat» dela Israelek Libano jo izana, eta uste du menia urratzen ari dela. «Ekintza horiekin jarraituz gero, negoziazioek ez lukete zentzurik», idatzi du mezu batean, X sare sozialean. Hain zuzen, Iran eta AEBak datozen orduetan dira hitz egitekoak, Islamabad Pakistango hiriburuan.

Nahiz eta Israelek su etena urratu duen, Iranek ordezkaritza bat bidaliko du hara. Hala jakinarazi du Iranek Pakistanen duen enbaxadadoreak, Reza Amiri Moghadamek, X sare sozialean. Pakistango Gobernuak, anfitrioiak, ez du elkarrizketa horiei buruz xehetasunik eman; ez dago argi, hortaz, Iranek eta AEBek zeharka negoziatuko ote duten, edo aurrez aurre bilduko diren; ezta noiz hasiko diren: Iranek esan du bihar dela hitzordua, eta AEBek, aldiz, etzi. Pakistanen hitzetan, bilera «esanguratsua» izango da. AEBen aldetik, JD Vance presidenteordea izango da ordezkaritzaren burua, eta Jared Kushner Trumpen suhia izango du alboan —Otsailaren 28an erasoaldia hasi aurretik, zeharka negoziatzen ari ziren AEBak eta Iran; Oman ari zen bitartekari—. Hain zuzen, Vancek berak atzo adierazi zuen menia «hauskorra» dela.

Akordioak jasotakoari heldu dio Iranek. Honela esan dio Atzerri ministrorde Saeed Khatibzadehk gaur BBC hedabideari: «Ez da onartzekoa su etena eskatu, baldintzak onartu, non aplikatuko den onartu, Libano zehazki aipatu, eta gero zure aliatuak sarraski bat hastea», nabarmendu du. Karoline Leavitt Etxe Zuriko bozeramaileak atzo adierazi zuen, ordea, ezetz, su etenerako akordioak ez duela barnean hartzen Libano.

Islamabadek, baina, kontrakoa dio, eta hura aritu da bitartekari aldeen artean. Itunaren berri emateko, Shehbaz Shariff lehen ministroak mezu bat idatzi zuen X sare sozialean atzo goizaldean, eta zehaztu tregoak barne hartzen dituela «Libano eta beste alde guztiak». Nawaf Salam Libanoko lehen ministroak eskatu dio Shariffi baieztatu diezaiola ea Libano ere barne hartzen duen tregoak.

Bitartean, nazioartea presio egiten ari da AEBek eta Israelek akordioa bete dezaten. Kaja Kallas EB Europako Batasuneko diplomaziaburuaren arabera, Israelen ekintzek «presiopean» jarri dute akordioa. «Su etena Libanora ere hedatu beharko litzateke», idatzi du X sare sozialean. Erresuma Batuko Atzerri ministro Yvette Cooperrek eskatu du, Radio Times irrati katean egin dioten elkarrizketa batean, erasoak Libanon ere eteteko. Eta Mao Ning Txinako Atzerri Ministerioak agerraldi batean galdegin du ezin dela herrialdeeen subiranotasuna urratu.

15

Zenbat ontzi igaroko diren egunero Ormuztik, gehienez. AEBek eta Iranek egindako akordioa aintzat hartuta, hemendik aurrera Ormuzko itsasartetik gehienez hamabost itsasontzi igaroko dira egunero. Hori kaleratu du Tass Errusiako berri agentziak gaur, Irango iturri ofizialak aipatuz. Erasoaldia hasi aurretik, pasabide horretatik 135 ontzi igarotzen ziren egunero.

Baina X sare sozialetan partekatu duen ohar batean Netanyahuk dioenez, segituko dute «indarrez, zehaztasunez, eta zalantzarik egin gabe» eraso egiten. Horrekin lotuta, Nawaf Salam Libanoko lehen ministroak jakinarazi du sare sozialetan kexa bat aurkeztuko dutela NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluan, iruditzen baitzaio Israelek atzo egindako erasoaldiak nazioarteko zuzenbidea urratzen duela. Dena den, Israelek hamarkadak daramatza NBEren Segurtasun Kontseiluaren ebazpenak ez betetzen. 

Hezbollahk, bide batez, jakinarazi du Israeli eraso egin diola goizaldean. Otsailaren 28an Israelek Libanoren aurkako erasoaldia areagotu zuenetik, herrialde horretan ia 2.000 pertsona hil dituzte.

iranen hamar puntuko bake proposamena

Iranen arabera, behin betiko akordio bat onartzeko, baldintza hauek bete beharko lirateke:

  1. AEBek konpromisoa hartu beharko lukete Irani erasorik ez egiteko.

  2. Iranen esku gelditu beharko luke Ormuzko itsasartearen kontrolak, modu jarraituan.

  3. Onartu egin beharko litzateke Iranek uranioa aberasteko eskubidea izatea.

  4. Lehen mailako zigor guztiak kendu beharko lirateke.

  5. Bigarren mailako guztiak ere bai.

  6. Bertan behera utzi beharko lirateke NBEren Segurtasun Kontseiluak Iranen aurka emandako ebazpen guztiak.

  7. Beste horrenbeste egin behar litzateke IAEAko Gobernadoreen Kontseiluaren ebazpenekin.

  8. Kalte ordainak pagatu beharko lirateke Iranen eragindako kalteengatik.

  9. AEBetako borroka indarrak eskualdetik atera beharko lirateke.

  10. Gerra eten egin beharko litzateke fronte guztietan, baita «Libanoko islamiar erresistentzia heroikoaren» aurkakoan ere.

Bestalde, ez dago argi zeren gainean negoziatuko duten zehazki. Teheranek dioenez, beraiek planteatutako hamar eskakizuneko dokumentu bat izango dute oinarrian. Trumpek hasieran esan zuenez, «onargarria» da planteamendua. Ordu batzuk geroago, ordea, esandakoak ñabartu zituen. Eta gaur nahasmena areagotu du, goizaldean Truth Social bere sare sozialean idatzi duen mezu batean. «AEBentzat onargarriak diren puntu esanguratsuen multzo bakar bat dago, eta horietaz hitz egingo dugu». Ez du xehetasun gehiagorik eman. 

Argitu du, bide batez, AEBek Iran inguruan dituzten tropak han utziko dituztela, «benetako akordioa» guztiz bete arte. Eta berriro mehatxu egin dio Teherani: Ormuzko itsasartea irekitzen ez badu, erasoaldia «handiagoa, indartsuagoa» izango dela. Horri dagokionez, Reuters berri agentziak espezializatutako webguneak aztertuz kaleratu duen informazio kontuan hartuta, azken 24 orduetan sei ontzi igaro dira pasabidetik. Erasoaldia hasi baino lehen, hau da, otsailaren 28aren aurretik, 135 igarotzen ziren egunero.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA