Beste behin ere, Ipar Koreak misil balistiko bat jaurti du gaur goizaldean Japoniako itsasorantz. Hego Koreako armadak jakinarazi du 06:00etan bota dutela misila —21:00ak Euskal Herrian—, Ipar Korearen hego-ekialdeko Kangwon probintziako Wonsan hiritik; zazpiehun kilometro egin ditu itsasora erori aurretik, armadak ohar bidez zehaztu duenez. Ipar Korearen ariketa militarra Japoniaren kritiken biharamunean heldu da, zera esan baitzuen atzo, Piongiang «mehatxu larria» dela. Aintzat hartzekoa da Hego Koreak eta Amerikako Estatu Batuek datorren astean hasiko dituzten ariketa militar bateratuen atarian gertatu dela Ipar Korearen mugimendua.
Astebete ere ez da igaro Ipar Koreak beste misil bat jaurti zuenetik; izan ere, joan den ostegunean beste misil balistiko bat jaurti zuen Wonsan hiritik. Gaurkoa kontuan hartuta, urtea hasi zenetik 11 misil jaurti ditu. Oraingoz, ez Seulek ez Tokiok ez dute zehaztu zer misil mota izan den, eta analisiak egiten ari dira ezaugarri teknikoak argitzeko. Â
Diplomaziaren eta segurtasunaren aldetik, erantzuna berehalakoa izan da. Hego Koreako Segurtasun Nazionaleko Bulegoak premiazko bilera batera deitu du. Piongiangi eskatu dio «probokazioak» berehala gelditzeko, eta salatu du NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluaren ebazpenak urratzen ari dela. Japoniako Defentsa ministroak ere gogor gaitzetsi du egoera, bertako herritarren segurtasunarentzat «arazo larria» dela azpimarratuz.
Ipar Koreako hedabide handienetarikoek, KCNA agentziek eta Rodong Sinmun egunkariak, Kang Won-chol nazioarteko segurtasun analistaren analisi bat argitaratu eta biharamunean bota dituzte misilak. Testu horretan gogor kritikatu zuen Tokio, eta leporatu zion Ipar Korea mehatxua delako aitzakiaz baliatzea «arduragabeki» berrarmatu dadila justifikatzeko.
AEBek eta Hego Koreak datorren astelehenean ekingo diete urtero egin ohi dituzten ariketa militar bateratu batzuei, Hego Korean bertan. Hamar egun iraungo dute maniobrek, eta horietan milaka militarrek hartuko dute parte. Piongiangek beti ikusi izan ditu ariketa horiek bere lurraldea inbaditzeko saio gisa, eta ohikoa izaten da Ipar Koreak erakustaldi militarrak egitea ariketa horiek egiten dituzten bakoitzean, bere jarrera adierazteko.