Giza eskubideen aldeko abokatua eta Bakearen Nobel sariduna

Xirin Ebadi: «Gobernu islamiarra desagerrarazi egin behar dugu»

Iranen noizbait gobernu demokratikoa eta sekularra egongo dela esan du Ebadik, eta aintzat hartu du herritarren ezinegona: «Ez dira isilik geratuko; nola, bada? Berriz ere aterako dira kalera». Fair Saturday Award saria jaso du Bilbon.

Xirin Ebadi abokatu eta Bakearen Nobel sariduna, asteartean, Bilboko Euskalduna jauregian. JAIZKI FONTANEDA / EFE
Xirin Ebadi abokatu eta Bakearen Nobel sariduna, asteartean, Bilboko Euskalduna jauregian. JAIZKI FONTANEDA / EFE
Julen Otaegi Leonet.
Bilbo
2026ko urriaren 2a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilboko Euskalduna jauregiko aretoetako bateko oholtzara atera da Xirin Ebadi (Hamedan, Iran, 1947). Txalo artean jarri da atril parean, eta beharbada ikusiko zuen, jendetzaren artean, gizon bat zutitu dela, urrezko lehoia daukan Irango bandera txiki bat eskuetan duela; Iranek horixe zuen, hain zuzen ere, 1979ko islamiar iraultza baino lehenagoko bandera. Ebadi izan zen Irango lehenbiziko emakumezko epailea, harik eta Ruhollah Khomeini aiatola herrialdera itzuli eta 1979an agintea hartu zuen arte; ibilbide luze bezain oparoa izan du giza eskubideen aldeko abokatu gisa, eta horrexegatik eman zioten Bakearen Nobel saria, 2003an. Erbestealdian bizi da 2009az geroztik; orduko Martxa Berdea delako protesten bueltan, bidaia batean zegoela, senideek ez itzultzeko ohartarazi zioten, estatu indarrek atxilo hartuko zutelakoan.

Fair Saturday Awards saria jaso zuen astelehenean, eta biharamunean eman zuen Iran, emakumeak eta askatasuna hitzaldia, BBK fundazioak antolatutako Bilbao Kultura Social Forum hitzaldi zikloan: «Irandarrak protesta egiteko eskubideaz baliatu diren aldiro, islamiar errepublikak errepresioarekin erantzun die», esan zuen jendetzaren artean; Moralaren Poliziak duela lau urte Jina Mahsa Amini kurdua hil osteko mobilizazioak gogoratu zituen, baita urte hasierako manifestazioetan eraildako «30.000» herritarrak ere. Nabarmendu zuen irandarrek borroka egin dutela luzaro, eta oraintxe bertan «bi eskuak» darabiltzatela: bat herrialdeko gobernu «kriminalaren» kontra, eta bestea Ameriketako Estatu Batuen eta Israelen kontra. «Konbentzituta» dago azkenean helduko dela aldaketa politikoren bat; horretan ere badihardu Reza Pahlavi azken xah Irangoaren oinordekoaren ondoan, eta adierazi du, «edozein gauzarekin gertatzen den bezala», denbora beharko dela «askatasuna eta demokrazia» lortzeko.

Hitzaldiaren ondoren erantzun zien galderei, ama hizkuntzan —alegia, persieraz—, itzultzailea ondoan zuela.

Irango Gobernuak duela ia bi urte iragarri zuen ez zituela aplikatuko hijaba-eta ez janztea zigortzen zuten legeak, nahiz eta ez zituen baliogabetu; asteon, ordea, herrialdeko fiskal nagusiari eskatu dio atzeman ditzala «lohikeria eta biluzkeria» kasuak. Errepresioaren oroitzapenak ekarri al ditu horrek?

Sufrimendua betidanik egon da gurekin. Emakumeek Iranen sufritzen duten umiliazioa ez da momentu batetik bestera ahaztu dezakegun zerbait. Beti dago presente. Eta zera esan nahiko nuke: beloaren auziari dagokionez, ezertxo ere ez dela aldatu, eta emakumeek ezin dute gehiago. Bost axola zaie zeintzuk diren ondorioak, aurrera baino ez dute egin nahi, eta belorik gabe kalera irteten diren emakumeek horrexegatik esaten dute ez dagoela atzera-bueltarik. Auzi horrek onera egin duela esango dugu ikusiz gero emakume bat belorik gabe sartu dela administrazio publikoaren bulegoren batera. Orduantxe esan ahal izango dugu legeak aldatu egin direla Iranen.

«Guztiak badu bere prezioa, eta irandarrak askatasunaren eta demokraziaren prezioa ari dira ordaintzen»

Jina Mahsa Amini gogoratu duzu, beloa «gaizki jarrita» eramateagatik atxilotu zuten gaztea; hiru egun geroago hil zen, estatu indarren ardurapean egon ondoren, eta horrek eragin zuen, hain zuzen, Emakumeak, Bizitza, Askatasuna mugimendua. Zer eragin dute mobilizazio horiek?

Oinazerik biziena eta borondaterik sakonena eragin zituen Aminiren hilketak, eta irandarrak beste behin atera ziren kalera, sistemari uko egiteko; protestak ez ziren beloa janzteko obligazioaren kontrakoak bakarrik, gobernatzeko moduaren kontrakoak ere izan ziren. Are, urtearen hasieran, Teheranen eta herrialdeko beste ehunka tokitan, irandarrak kalera atera ziren. Esan beharra dago Emakumeak, Bizitza, Askatasunaren bueltako protestetan baino jende gehiagok, askozaz ere jende gehiagok hartu zituztela kaleak.

Bakearen Nobel saria irabazi zenuen 2003an, eta, hogei urte geroago, Narges Mohammadi giza eskubideen aldeko ekintzaile irandarrari eman zioten. Giza eskubideen egoera salatzeko balioko zuen horrek, baina arriskutsua ere izan da: erbestean bizi baitzara zeu, eta hainbatetan espetxeratu baitute Mohammadi. Horixe al da giza eskubideen alde aritzen diren emakumeek Iranen jasan beharrekoa?

Guztiak du bere balioa, eta guztiak du bere prezioa. Ireki nuen gobernuz kanpoko erakundean lan egiten zuen Nargesek [Giza Eskubideen Defendatzaileen Irango Zentroan], eta urte asko egin ditu espetxean; ni neu ere espetxean egon nintzen [2000n hilabete egin zuen bakartuta]. Bestalde, 2009an, aitaren partetik jarauntsi nituen ondasunak konfiskatu zizkidaten, nire abokatuen bulegoa itxiarazi zuten, eta gobernuz kanpoko erakundea ere bai. Orduan ez nengoen Iranen, eta, ni atxilotzeko aukerarik ez zutenez, arreba eta senarra hartu zituzten, isilaraziko nindutelakoan.

Nargesek eta biok ordaindu egin dugu, bai, baina ordaindu dugunaren prezioa txiki geratzen da gazte irandarrek ordaindu dutenarekin konparatuz gero. Beren bizitza eman dute, kalean hil dituzte. Horregatik esaten dut guztiak baduela bere prezioa, eta irandarrak askatasunaren eta demokraziaren prezioa ari dira ordaintzen. Bataila hori irabazi egingo dute.

Hitz egin al duzu Mohammadirekin joan den maiatzean aske geratu zenez geroztik? Zer esan zenion, eta zer esan zizun?

Bai. Ondo dago, ez dago espetxean. Baina Iranen dago, ezin da handik atera. Elkarri galdetu diogu nola gauden, zer egiten dugun. Mugak direla eta, Iranen ezin da denbora askoz telefonoz hitz egin.

«Errepublikazaleek hautagai bat aurkeztuko balute Pahlavirekin batera aritzeko, bada, ondo legoke»

Ba al dago berebiziko aldaketa politikoa gertatuko delako fedea, nahiz eta gobernuak erakutsi duen kapaz dela protestak-eta mendean hartzeko? Azkenekoz, iazko urte amaieran, milaka herritar hilda.

Gobernuak herritarrak akabatu ditu, eta horrek odolezko itsaso bat ezarri du boterean daudenen eta jendearen artean. Gehienek galdu dute norbait, edo espetxean dute gertukoren bat. Ez dira isilik geratuko; nola, bada? Ez dira konformatuko. Berriz ere aterako dira kalera, hori ziur. Kalera berriz ere ateratzeko garaia dela erabakitzen dutenean gertatuko da hori.

Zein izan beharko litzateke trantsizio politiko baterako bidea? Zeinek dauka trantsizioaren ardura? Edo, bestela esanda, nork du hori gauzatzeko ahala?

Oraingoz, Reza Pahlavi printze erregegaiak baino ez du aurkeztu bere burua hautagai gisa. Irandar errepublikazaleak ere badaude, baina haiek ez dute trantsizio garaia zuzendu ahalko lukeen alderdi politikorik edo liderrik. Bestalde, Pahlavi printzeak esana du herritarren oniritzirik gabe ez dela nor boterean jarraitzeko; alegia, botoa emanda herritarrek erabakitzen badute Iran errepublika bat izan behar dela, onartu egingo du hori. Auzi hori ez da konponezina, ez, eta guztiok bat gatoz behintzat: gobernu islamiarra desagerrarazi egin behar dugu.

Esana duzu herrialdeko oposizioa zatikatuta dagoela, eta «ahultasun handia» dela hori. Nola egin kontra horri?

Errepublikazaleek hautagai bat aurkeztuko balute Pahlavirekin batera aritzeko, bada, ondo legoke. Arazoa da ez dutela ezein hautagai aurkeztu, baina, esan dudan bezala, irandarrok bat gatoz: oraingo sistema erorarazi egin behar da, eta hurrengo gobernuak sekularra eta demokratikoa izan behar du.

«Herritarrek ez dezatela izan beldurrik, sistema erortzen denean ez baita kaosik egongo: izango da hura ordezkatuko duenik»

Trantsiziorako Justizia Erregulazioak Idazteko Batzordeko burua zara, joan den martxoan Pahlavik berak ezarritako batzordeko burua. Zein duzue asmoa? Eta zergatik ari zarete trantsizio baterako bide orri legala prestatzen, oraindik ere aldaketarik egongo ez dela jakinda?

Trantsizioa heldu baino lehen, pentsatu egin behar da zein izango den egitura. Herritarrek ez dezatela izan beldurrik, sistema erortzen denean ez baita kaosik egongo: izango da hura ordezkatuko duenik. Horren guztiaren xedea izango da erreferendumera deitzea, eta Nazio Batuen Erakundeak behatuko du hori.

Espero dugu trantsizio garai horrek ez duela iraungo bi urte baino gehiago; denbora horretan, herrialdea kudeatu behar da sistema berri bat heldu arte. Akaso arazoa izango al litzateke aldaketa datorrenerako oinarriren bat prestatuta izatea? Inolako planik ez baldin badago, zinez ez da errazagoa izango zerbait gertatzea; planak erraztuko du gauzak gertatzea.

Gobernuaren kontra presio egiteko ere balioko du horrek, ala?

Herritarrei ere segurtasuna eta bermea emango die, beldurrik izan ez dezaten. Sistema eroriz gero, lasai, ez da-eta kaosik egongo. Poliziak beharrean segituko du, dendak irekiko dituzte, bulegoak ere bai, eta herrialdearen kudeaketa ez da geratuko. Trantsizio garairako legeei buruz ari garenean, esan nahi dugu bizitzak bere horretan jarraituko duela, ez dela ezustekorik egongo.

Errekonozitzen al duzu Iran? Edo hainbeste denboraz izan da den bezalakoa, non ezin den izan errepublika islamikoaz aparteko zerbait?

Mende erdia igaro da, eta gauza asko aldatu dira. Gu ez gaude iraganera begira: etorkizuna eraiki nahi dugu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA