Iranek ukatu egin du eraso egiten lehena izateko asmoa zuela

Marco Rubiori erantzun dio Teheranek, eta Israelen esanetara aritzea egotzi. AEBetako Estatu idazkariaren esanetan, hasitako erasoaldia «prebentiboa» izan da.

Hiru irandar atzo Teheranen, AEBen eta Israelen erasoek txikitutako eraikin baten paretik igarotzen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Hiru irandar atzo Teheranen, AEBen eta Israelen erasoek txikitutako eraikin baten paretik igarotzen. ABEDIN TAHERKENAREH / EFE
Igor Susaeta - Julen Otaegi Leonet
2026ko martxoaren 3a
12:09
Entzun 00:00:00 00:00:00

Iranek ez zuen, Israel eta AEBak hari eraso egiten hasi aurretik, Pentagonoak Ekialde Hurbilean dituen base militarrak bonbardatzeko asmorik. Hori nabarmendu du Abbas Araghtxi Irango Atzerri ministroak gaur, eta, horrenbestez, Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariak atzo gauean esandakoak ukatu ditu. Izan ere, AEBetako diplomaziaburuak adierazi zuen, frogarik erakutsi gabe, AEBek Israelekin batera joan den larunbatean hasitako erasoaldia «prebentiboa» izan dela. Eta argudio hau plazaratu zuen: «Bagenekien Israelen ekintza bat egongo zela. Bagenekin horrek Estatu Batuetako indarren aurkako eraso bat ekarriko zuela, eta bagenekien aldez aurretik prebentzioz eraso egiten ez bagenien gure soldadu asko hilko zirela».

AEBetako Kongresuan Irani buruz egindako saio pribatu batera sartu baino lehen egin zizkien adierazpen horiek Rubiok kazetariei. Ordu batzuk geroago iritsi da Teheranen erantzuna, eta azken egunetan aurkeztu duen tesian sakondu du. Izan ere, iruditzen zaio Washington Tel Aviven esanetara ari dela. «Denok genekiena aitortu zuen Rubiok: AEBek gerran sartzea erabaki dute Israelen izenean», idatzi du X sare sozialean. «Inoiz ez da egon Iranen ustezko mehatxu bat AEBen aurka».

Inoiz gertatu ez zen eraso horretan hil zitezkeen soldaduak izan zituen hizpide Rubiok. AEBen eta Israelen erasoaldiari erantzuteko Iranek abiatutako kontraerasoaren ondorioz AEBetako sei soldadu hil dituzte. Pentagonoak informazio hori eman zuen atzo gauean, eta Pete Hegseth Gerra Departamentuko idazkariak gaur zehaztu du AEBek Kuwaiten duten base militar bati Iranek egindako erasoan hil zirela, igandean. Washingtonek eskualdean dituen hainbat base jo dituzte Teheranen droneek eta misilek. Eta horren harira, ohartarazpen bat egin du Araghtxik: «Irandarrek eta estatubatuarrek odola isurtzea Israel aurrena leloan sinesten dutenen erantzukizuna izango da». AP Associated Pressek azken orduetan kaleratu duenez, AEBetako administrazioko funtzionario batzuek Kongresuko kide batzuekin bilera bat egin zuten igande gauean, eta jakinarazi zuten zerbitzu sekretuek ez zutela uste Iran eraso bat prestatzen ari zenik; hori argitaratu du berri agentzia horrek, bileraren berri izan duten iturriak aipatuz.

Baina hori ukatu du Donald Trump AEBetako presidenteak gaur, Etxe Zurian Friedrich Merz Alemaniako kantzilerrarekin bildu eta gero. Kazetarien aurrean, esan du uste zuela Iran izango zela eraso egiten lehena, eta aurrea hartu besterik ez ziola egin: «Ezustean harrapatu genituen». Kazetariek galdetu diote ea Israelek Washington behartu ote zuen Iranen kontrako erasoaldian parte hartzeko: «Ez, baliteke nik haiek behartu izana», erantzun du. Iran lider gorenik gabe utzi eta gero, Trumpek nahiago du herrialdearen gidaritza herrialdean bertan dagoen norbaitek hartzea, eta ez Reza Pahlavi Irango azken xaharen oinordekoak; «batzuek gustuko dute», presidentearen iritziz, baina hori ez da nahikoa. Dena den, ez luke nahi hurrengo agintaria Ali Khamenei lider goren ohia «bezain gaiztoa» izatea.

Halaber, AEBetako presidenteak mehatxu egin du herrialdeak Espainiarekin duten merkataritza oro etenaraziko duela, «tamalgarri» jokatzen ari delako: «Espainiarekin zerikusia duen orori enbargua ezartzeko eskubidea dut». Izan ere, Espainiako Gobernuak bere lurraldeko base militarrak erabiltzea debekatu die AEBei; ikusi beharko da mehatxua besterik ez ote den Trumpena, eta nola eragingo dien AEBekin harremana duten euskal enpresei.

Araghtxi izan zen, hain zuzen, Iranen ordezkaritzaren burua urte hasieratik AEBekin zeharka edukitako negoziazioetan. Aurreko ostegunean egin zuten azken elkarrizketa saioa Genevan (Suitza), eta Irango diplomaziaburuak adierazi zuen «aurrerapauso esanguratsuak» eman zituztela zenbait esparrutan. Washingtonek ez zuen halakorik ukatu. Teheran prest agertu zen programa nuklearra mugatzeko, eta azpimarratu «berehala» akordio bat egiteko moduan zirela baldin eta auzi nagusia bazen Iranek ez edukitzea arma nuklearrak fabrikatzeko gaitasunik.

AEBen kontraesanak

Bi egun geroago hasi zen erasoaldia. Washingtonek, Israelek hala eskatuta, beste gai batzuk jarri nahi zituen mahai gainean; besteak beste, Iranen misil balistikoen programa mugatzea, eta Teheranek laguntzarik ez ematea Israel etsaitzat duten eskualdeko miliziei —nagusiki, Hamasi, huthiei eta Hezbollahri—. Lehen eskaerari dagokienez, Ali Khameneik, joan den larunbatera arte Irango lider gorena izandakoak, argi utzi zuen duela aste pare bat ez zutela misilez negoziatuko.

Eta hasi ziren erasoak. Ordutik, bai arrazoiez, bai balizko iraupenaz hitz egiten dutenean, kontraesanak daude Trumpen jokabidean. Larunbatean iradoki zuen erasoaldiaren helburua aiatolen sistema eroraraztea zela; biharamunean, berriz, programa nuklearra indargabetzea zutela asmo; eta ordu batzuk geroago irandarrak deitu zituen «herrialdea berreskuratzera». Iraupenari dagokionez, erasoaldiak bizpahiru egun iraungo zuela adierazi zuen larunbatean; agian lauzpabost aste iraungo zuela esan zuen igandean; eta atzo, jada, ez zuen baztertzen lurreko operazio bat hastea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!