Islandia haserre Trumpen azken probokazio espantsionista dela eta

Islandiako Gobernuak esan duenez, Washingtonen enbaxadoreari adierazi diote «guztiz onartezina» dela Islandia AEBen koloreekin margotuta irudikatzea mapa batean.

Donald Trumpek Truth Socialen kaleratutako irudia. TRUTH SOCIAL
Donald Trumpek Truth Socialen kaleratutako irudia. TRUTH SOCIAL
Igor Susaeta.
2026ko irailaren 8a
10:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beste sute bat piztu du Donald Trumpek. AEBetako presidenteak irudi bat argitaratu zuen atzo arratsaldean Truth Social bere sare sozialean: mapa bat, Mexiko, Kanada, Groenlandia eta Karibeko uharteak AEBetako banderaren koloreekin margotuta erakusten dituena. Trumpen azken probokazio espantsionistak Islandia haserretu du, eta, protesta egiteko, hango agintariek dei egin diote AEBek Reykjaviken duten enbaxadoreari.

«Bileran argi utzi genion argitaratutakoa guztiz onartezina dela», esan dio gaur Islandiako telebista kate publikoari Þorgerour Katrín Gunnarsdottir Atzerri ministroak. Mexikoko presidente Claudia Sheinbaumek ere irudia kaleratua izan eta gutxira erreakzionatu zuen: «Argi utzi nahi dugu Mexiko ez dela eta ez dela izango atzerriko ezein herrialderen kolonia, ezta protektoratua ere», idatzi zuen X sare sozialean.

Trumpen mezuak ez zuen testurik. Hori bai, ordu batzuk lehenago beste mezu bat kaleratu zuen sare sozial horretan, era iradoki izena aldatu beharko lioketela AEBetako Mexiko Berria estatuari, eta Amerika Berria jarri. Iazko urtarrilean, agintera iritsi eta egun batzuetara, izena aldatu zion Mexikoko golkoari, eta, agindu exekutibo bat sinatu ondoren, Amerikako golkoa izendatu.

Noiz-eta AEBak Kanadarekin gerra komertzial betean daudenean izan du Etxe Zuriko maizterrak burutazio hori. Trump disimulurik gabe aritu izan da bere asmo inperialistez, eta agertu izan du Kanada bera AEBetako estatu bihurtzeko asmoa ere. Ontario lakua bi herriadeen esku dago, eta Trumpek agindu exekutibo bat sinatu zuen joan den astean, hari izena aldatu eta Amerika lakua jartzeko.

Groenlandia anexionatzeko intentzioa ere badu, eta horrek lurrikara diplomatiko bat eragin zuen urtearen hasieran. Trumpen esanetan, ezinbestekoa da Artikoko uharte erraldoi horren gaineko kontrola hartzea, AEBen segurtasuna bermatzeko eta Errusiak eta Txinak hura ez «okupatzeko».

Islandia ez dago Groenlandiatik oso urrun. Trumpen azkeneko probokazioa ulertzeko, aintzat hartu behar da Islandiak EB Europako Batasunean sartzeko negoziazioei ez berrekitea erabaki duela berriki. Halere, duela hilabete batzuk ere, Islandiak azalpenak eskatu zizkien AEBei; izan ere, zenbait hedabidek kaleratu zutenez, Billy Long enbaxadore izateko hautagaiak aipatu zuen prest zegoela «AEBen 52. estatuko» enbaxadorea izateko. Barkamena eskatu zuen Longek, eta hura izendatu zuten enbaxadore.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA