Bi egunez bilerak egin ondoren, Israeli buruzko jarrera bateratu bat hartu dute Dohan (Qatar) elkartu diren herrialde islamiarrek eta arabiarrek: haien arabera, Tel Aviven ekintzek «oztopatu» egiten dute eskualdea egonkortzeko aukera oro, eta ez dago, «inondik inora ere», «ezein testuingurutan», Israelen indarkeria ekintzak justifikatu ditzakeen argudiorik. Urrats irmo bat egin dute, gainera, eta, kaleratutako oharrean, Israel zigortzeko hainbat neurri hartzeko exijitu dute: besteak beste, gainerako estatuei eskatu diete bertan behera uzteko Israelekin dituzten harreman diplomatikoak, Israel NBE Nazio Batuen Erakundetik kanporatzeko, eta NZA Nazioarteko Zigor Auzitegiak ebatzitako atxiloketa aginduak betetzeko.
Arabiar Ligak eta OIC Kooperazio Islamikorako Erakundeak deitu dute bilerara, iragan asteartean Israelgo armadak Dohan egindako erasoaren harira, eta aho batez gaitzetsi dute ekintza hura. «Elkartasun eta babes osoa» helarazi diote Qatarri, eta nabarmendu eraso horrek bete-betean egiten diela kalte bitartekari lanei. Hain justu, Qatarko lehen ministro eta Atzerri ministroak, Mohammed bin Abdulrahman al-Thanik, adierazi du Doha ahaleginetan ari zela «genozidio bihurtu den palestinarren kontrako gerra amaitzeko», eta Israelen eta Hamasen arteko elkarrizketetan akordio bat lortzear zeudela: «Negoziazioetako alderen bati behin eta berriz eta sistematikoki eraso egiten dionak zera lortuko du, negoziazioak oztopatzea».
Bileran parte hartu dute eskualdeko dozenaka herrialdek, eta guztiek gaitzetsi dute Israel Gazan egiten ari den «genozidioa». Irango presidente Masud Pezexkianek nabarmendu du horren aurrean ezinbestekoa dela herrialde islamiar guztiak «batzea», eta bide beretik jo du Irakeko lehen ministro Mohammed Xia al-Sudanik, zeinak NATO Ipar Atlantikoko Itun Erakundearen gisako «defentsarako» talde bat sortzea proposatu duen, herrialde arabiarren «segurtasuna bermatzeko». Horrekin lotuta, golkoko monarkiek jakinarazi dute aktibatu egingo dutela elkarrekin osatzen duten «defentsa mekanismoa». Mekanismo hori hamabi artikulu dituen itun bat da, eta erantzun militar baten aurrean zer egin zehazten du; kasurako, 3. artikuluan. Horren arabera, akordio horren kide diren golkoko herrialdeek eskubidea dute beste kide batek jasandako erasoari erantzuteko; hori bai, NBEren arauei jarraituta, eta Arabiar Ligari eta NBEren Segurtasun Kontseiluari jakinarazita.
Herrialde arabiarrek ohar hori kaleratu duten egunean bertan, Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk esan du, Jerusalemen finantzei buruz antolatutako konferentzia batean, Israel «bakartze moduko batean» dagoela. Haren arabera, beren ekonomiari eusteko «bide berriak» aurkitu beharko dituzte, eta kanpo merkataritza alde batera utzi. Zehazki, herrialdearen «armagintzaren industriaz» aritu da: «Armagintzaren industria herrialdean bertan garatzeko modua aurkitu beharko dugu, eta behar dugun hori guk geuk ekoizten ikasi».
80
Zenbat erakundek eskatu duten Israelen Zisjordaniako kokalekuekiko merkataritza etetea. Giza eskubideen aldeko 80 erakundek baino gehiagok munduko gobernuei eskatu diete eten ditzatela Israelen Zisjordaniako koloniekin egiten dituzten salerosketak. Datu bat ere eman dute: Israelen legez kanpoko koloniek Zisjordaniaren %42 kontrolatzen dute. Nazioarteko Zigor Auzitegiak iaz ebatzi zuen legez kanpokoa zela Israelen okupazioa —ebazpena ez da loteslea, eta Israel ez da auzitegi horren kidea—.
NBEren Batzar Nagusiak Palestinako auzian bi estaturen irtenbidearen aldeko ebazpen bat onartu zuen ostiralean; AEBek, ordea, kontra bozkatu zuten. Izan ere, Israelen aliatu militar eta diplomatiko nagusia dira, eta horren erakusle da Marco Rubio AEBetako Estatu idazkariak hara bidaiatu duela. Ekialde Hurbilean ez da giro, gainera: Rubio Israelek Dohan egindako erasoaren ostean heldu da hara, eta, haren esanetan Donald Trump AEBetako presidentea «kontent» ez den arren, horrek ez du aldatuko bi aliatuen arteko harremana.
AEBetako eta Israelgo zenbait ordezkari bildu dira gaur Jerusalemen; tartean, Rubio bera eta Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroa. Bileraren osteko prentsaurrekoan, Rubiok esan du Palestinako Estatua aitortzeak «zaildu» egingo duela Gazako setioa amaitzea, Hamas «hauspotzea» dakarrelako —irailaren 22an, zenbait herrialdek Palestinako Estatua aitortuko dute Batzar Nagusiaren beste saio batean—. Hamasek gatibu dituenak askatzeko konpromisoa ere berretsi du —guztira, 48; horietatik hogei daude bizirik—, eta talde islamista «desagerrarazi» behar duela nabarmendu du. Netanyahuk, berriz, gogoratu du «erabaki guztiz independentea» izan zela Hamasen buruzagien kontrako Dohako erasoa: «Gure gain hartuko dugu erantzukizuna». AEBetako Estatu idazkariak erantsi du «atezuan» egongo direla zer gerta ere; hain zuzen, Qatarrera joango da bihar, The Washington Post egunkariak bere iturriak aipatuz kaleratu duenez.
Dohako bonbardaketaren ondoren, Trumpek esan zuen, sare sozialetan, bonbardaketa horrek ez diela laguntzen AEBen eta Israelen «helburuei», baina Hamas «ezabatzea» badela «goresgarria». Gaur, New Jerseyko aireportu batean zegoela, kazetarien aurrean adierazi du Qatar «aliatu handia» dela, eta Israeli eskatu dio «oso-oso erne» jokatzeko Ekialde Hurbileko herrialde horrekin: presidentearen esanetan, «zerbait egin behar da Hamasekin», baina «kontuz ibili behar da jendeari eraso egitean».
Atzo, Deitoreen harresian egon zen Rubio Estatu idazkaria, Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin batera, errezoan. Hori «erasotzat» eta musulmanen kontrako «probokaziotzat» jo zuen Hamasek, ohar batean. «Ohorea da Deitoreen harresia eta Israelen betiereko hiriburua bisitatzea», esan zuen Rubiok. Aintzat hartu behar da Trumpen lehen agintaldian, 2017an, hiri zaharra Israelen hiriburu deklaratu zutela AEBek, Tel Aviven ordez.
Mossad Israelgo zerbitzu sekretuetako zuzendariak, David Barneak, ez du uste Dohako bonbardaketak onik egin dienik Israelen eta Hamasen arteko elkarrizketei, Channel 12 telebista katearen arabera. Mossad agentziako langileei bidalitako gutun batean, adierazi du balitekeela Hamasek AEBen azken menia proposamena onartzea, baina, aldi berean, proposamen horrek negoziazioetara itzultzeko aukera eman zezakeela.
Gaza hiria, bonben azpian
Israelen bonbardaketek gutxienez 50 lagun hil dituzte gaur Gazako zerrendan, Al-Jazeera hedabidearen arabera; horietako bi, kazetariak. Israelek dozenaka eraikin eraisten jarraitzen du han, eta, Philippe Lazzarini UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoko zuzendariaren arabera, azken egunetan erakundearen hamar eraikin jo ditu; tartean, zazpi eskola eta bi klinika, non milaka desplazatuk aterpe hartzen duten. Gazako Osasun Ministerioaren arabera, azken egunean hiru lagun hil dira goseak jota —dagoeneko 425 dira, 2023ko urrian setioa hasi zenetik—.
Aurrera doa Israelek Gaza hiria bere gain hartzeko duen plana, baina haren xehetasunak ez dakizki ezta armadak ere. Ynet Israelgo hedabidearen arabera, Eyal Zamir Israelgo armadako buruak parlamentuko zerbitzu sekretuen batzorde bati esan zion Netanyahuk beretzat dituela gordeak Gaza hirirako asmoak: «Lehen ministroak ez digu esan zer datorren; ez dakigu zertarako egon behar dugun prest». Gauzei bere izenez deitzeko ere eskatu zion: «Gobernu militarra nahi badute, orduan esan diezaiotela gobernu militarra».
Bestalde, Gazara bidean da jada Global Sumud Flotilla, Tunisian astebete eman eta gero. Berez, joan den asteazkenean abiatzekoak ziren zerrendarantz, baina itsasoratzeko ordua atzeratu egin zen, astelehenean ontzidiko Familia Madeira itsasontziari eraso egin ziotelako eta asteartean Alma-ri. Flotilla atzo atera zen herrialdearen iparraldeko Bizerte portutik, eta, bidean, Siziliatik (Italia) abiatu diren beste zenbait itsasontzirekin elkartuko da. Laguntza humanitarioa darama, eta Israelen blokeoa haustea du helburua.
ALBANESEK SALATU DU ISRAELEN EKINTZEK «HANKAZ GORA» JARTZEN DUTELA ESKUALDEA
Francesca Albanese NBEren Palestinarako kontalari bereziak ohartarazi du Israelen inpunitateak «hankaz gora» jartzen duela nazioartearen ordena, eta Gazako sarraskiak zuzenean eragiten diola Ekialde Hurbilaren segurtasunari. Al-Jazeera hedabideari egindako adierazpen batzuetan, zera erantsi du: «genozidioa» dela zerrendakoa, eta zenbait eragileren «laguntzarik gabe» inoiz ez zitekeela gertatuko. Horrez gain, prentsaurreko bat egin du Genevan (Suitza), eta ohartarazi du urriaren 7az geroztik Israelek Gazan hildakoen kopurua gaur egun erregistratuta dagoena halako hamar izan zitekeela egiaz, aintzat hartuta ehunka lagun desagertuta daudela, edo bonbardatutako eraikinen hondakinen azpian; hau da, 680.000 pertsona inguru.