NBEk bi estaturen irtenbidearen aldeko ebazpen bat onartu du

Gazako setioa amaitzeko «ekintza kolektiboa» behar dela nabarmendu dute, eta Hamasi armak uzteko eta gatibuak askatzeko exijitu diote. Israelgo armadak gutxienez 59 palestinar hil ditu gaur Gazan.

Gaza hiriko zenbait desplazatu, sukalde komunitario batean, otordua jasotzeko itxaroten. HAITHAM IMAD/EFE
Gaza hiriko zenbait desplazatu, sukalde komunitario batean, otordua jasotzeko itxaroten. HAITHAM IMAD/EFE
Julen Otaegi Leonet.
2025eko irailaren 12a
19:35
Entzun 00:00:00 00:00:00

NBEren Batzorde Orokorrak bi estaturen irtenbidearen aldeko ebazpen bat onartu du gaur; 142 herrialdek egin dute alde, hamarrek kontra —Israelek eta AEBek, besteak beste—, eta hamabi abstenitu egin dira. Babesa erakutsi diote, hala, New Yorkeko adierazpenari: testu horretan, Gazako sarraskia amaiarazteko «ekintza kolektiboa» hauspotu beharra dagoela nabarmendu dute, eta bi estaturen irtenbideak ekarriko duela «soluzio justu, baketsu eta iraunkorra». Hamasek 2023ko urriaren 7an Israelen aurka egindako erasoa ere gaitzetsi dute, eta talde islamistari armak uzteko eta gatibuak askatzeko eskatu diote: «Gazako zerrendan agintzeari utzi behar dio, eta Palestinako Aginte Nazionalari entregatu armak».

Halaber, egun batzuk barru, irailaren 22an, zenbait herrialdek Palestinako Estatua aitortuko dute Batzorde Orokorraren saio batean; besteak beste Frantziak, Kanadak, Australiak, Erresuma Batuak eta Belgikak. Atzo, hain zuzen, Zisjordanian legez kanpoko kokalekuak eraikitzeko plana sinatu zuen Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak, eta argi utzi zuen: «Ez da Palestinako Estaturik egongo».

Eta, bien bitartean, Israelek Gaza bonbardatu du beste egun batez. Gutxienez 59 palestinar hil ditu gaur, Al-Jazeera hedabideak zerrendako osasun iturriak aipatuz kaleratu duenez; gehienak hiriburuan eta iparraldean. Armadak itu-ituan du Gaza hiria, eta, Gazako Defentsa Zibilak gaur jakinarazi duenez, azken astean 50.000 lagun etxerik gabe utzi dituzte Israelen erasoek. Agintarien arabera, milioi bat lagun baino gehiago daude oraindik zerrendaren iparraldean, eta horiei hegoaldean ezarritako gune humanitarioetara joateko agindua emana die Israelgo armadak. 800.000 lagun daude hegoaldeko Khan Yunis eta Rafah hirien inguruko gune horietan, eta Gazako agintariek salatu dute ez direla seguruak, hainbat aldiz bonbardatu dituztelako.

Dohako erasoa

Nazioarteak gogoan du oraindik ere Israelek Dohan egindako erasoa. NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluko kide guztiek, AEB Ameriketako Estatu Batuak barne, eraso hori salatu dute, diskretuki bada ere, ez baitute erantzulea aipatu. Asteartean, Israelgo armadak Qatarko hiriburuko eraikin bat bonbardatu zuen, Gazan su eten bat ezartzeko AEBen azken planteamendua aztertzen ari ziren Hamaseko buruzagiak hiltzeko asmoz; talde islamistako bost kide hil zituen, baina ez zuen helburua lortu.

Oldarraldia «baretzeko» deia egin dute Segurtasun Kontseiluko hamabost kideek, eta Qatarrek Palestinako gatazkan duen garrantzia ere azpimarratu dute, AEBekin eta Egiptorekin batera —hiru herrialde horiek ari dira bitartekari lanetan, Hamasen eta Israelen artean—. Qatarko lehen ministro eta Atzerri ministroak, Mohammed bin Abdulrahman Al-Thanik, eskerrak eman dizkio kontseiluari, eta diplomaziarako «konpromisoa» berretsi du.

Al-Thani Segurtasun Kontseiluaren ezohiko saioan egon da gaur, New Yorken, eta Washingtonen Marco Rubio AEBetako Estatu Idazkariarekin bildu da gaur; ondoren, Donald Trump Etxe Zuriko maizterrarekin ere elkartzekoa da. Rubiok aurki utziko du Washington, Israelera joango baita, Estatu Idazkaritzako bozeramaileak jakinarazi duenez. «Israelen aurkako ekintzen eta Palestinako Estatuaren aitortzaren kontrako konpromisoaz» eztabaidatuko dute, Tommy Pigott bozeramailearen arabera.

Asteburu honetan, Arabiar Ligak eta OIC Kooperazio Islamikorako Erakundeak bilera bat egingo dute, Israeli erantzun bateratua emateko. Igandean, herrialde arabiar eta musulmanetako Atzerri ministerioak bilduko dira; astelehenean, berriz, estatuburuak eta bestelako agintariak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.