Israelek Libano bonbardatu du, eta 31 lagun hil ditu

Hezbollah-k hiru misil jaurti ditu Israel iparraldera, eta Israelgo armadak gogor erantzun du. Irango Gurutze Gorriak jakinarazi du dagoeneko 555 lagun hil direla AEBek eta Israelek Iranen abiatutako erasoaldian.

Israelek bonbardatutako eraikin bat Beiruten. WAEL HAMZEH / EFE
Israelek bonbardatutako eraikin bat Beiruten. WAEL HAMZEH / EFE
Beñat Mujika Telleria.
2026ko martxoaren 2a
08:48
Entzun 00:00:00 00:00:00

Hezbollah milizia xiitak Israel bonbardatu du gaur goizaldean. Hiru misil jaurti ditu Israel iparraldera, Israelek Ali Khamenei Irango buruzagi gorena hil ostean. Ez dute hildakorik edo zauriturik eragin, baina Eyal Zamir Israelgo armadako buruak jakinarazi du Hezbollahk «garesti» ordainduko duela egindako erasoa. Berehala iritsi da Israelen erantzuna: armadak Beirut eta herrialdearen hegoaldea bonbardatu du. Libanoko Osasun Ministerioak jakinarazi duenez, 31 pertsona hil dira erasoan, eta gutxienez 149 zauritu. Irango Gurutze Gorriak, aldiz, jakinarazi du jada 555 pertsona direla Irango erasoaldian hildakoak.

Hezbollahk ohar baten bidez adierazi duenez, Ali Khameneiren heriotza mendekatzeko eraso dio Israeli, baita Libano «defendatzeko» ere: «Israelek ezin du erasoekin jarraitu. Dagoeneko hamabost hilabete daramatza Libano bonbardatzen, inork hura geldiarazteko eta Libanoko lurralde okupatuetatik erretiratzeko ohartarazpen bat egin gabe. Erantzun hau bidezko defentsa ekintza bat izan da».

Iragan ekainean, AEBek eta Israelek Iran bonbardatu zutenean —Hamabi eguneko gerra deitu zitzaion—, Hezbollahk ez zuen parte hartu. Oraingoan, aldiz, Libanoko Gobernuak kontrakoa eskatu arren, erasoaldia abiatu du. Libanoko presidente Joseph Aounek egoera gaitzetsi du azken orduetan. Bien aurka egin du Aounek, Israelen zein milizia xiitaren aurka, Libano «zerikusirik ez daukan gerra batean» murgildu dutelako. Gainera, egoera ikusita, herritar ugari Libanotik ihesi ateratzen ari dira, gatazkak okerrera egin dezakeen beldur. Horren ondorioz, auto ilara luzeak sortu dira herrialdeko irteeretako errepideetan.

Era berean, Esmaeil Baghaei Irango Atzerri Ministerioaren bozeramaileak Israelek Libanon abiatutako erasoaldia gaitzetsi du, eta ohartarazi egoera horrek nazioarteko bakea arriskuan jarri duela.

Tel Avivek, berriz, jakinarazi du erasoa ez duela bere buruaren defentsan soilik egin, «erasora ere igaro gara», adierazi du Zamirrek. «Borroka egun luzeak ditugu zain, eta prest egon behar dugu», gaineratu du. Era berean, Israelgo Defentsa ministro Israel Katzek esan du Hezbollahko idazkari nagusi Naim Qassem «ezabatzeko helburu nagusietako bat» dela. Gogorarazi beharra dago Qassem irailean iritsi zela milizia xiitaren agintera, Israelek haren aurreko idazkari nagusi Hassan Nasrallah hil ostean

Horrez gain, Teheranek gaur goizean jakinarazi du AEBetako armadaren zenbait gerra hegazkin eraitsi dituela azken orduetan. Kuwaiteko Defentsa Ministerioak gaineratu du bertan erori direla Iranek eraitsi dituen gerra hegazkin horiek, eta tripulazio guztia bizirik irten dela adierazi du.

AEBekin lotuta, Donald Trump AEBetako presidenteak atzo The Atlantic hedabideari eskainitako elkarrizketa batean zehaztu zuen «Irango buruzagitza berriak» hitz egiteko prest dagoela esan diola, eta bera prest dagoela hitz egiteko. Bada, Ali Larijani Irango Segurtasun Nazionaleko Kontseilu Goreneko idazkariak hori baztertu du gaur goizaldean, X sare sozialean. Alde batetik, esan du Iranek ez duela AEBekin negoziatzeko asmorik, eta Iran «bere burua defendatzen» ari dela. Gainera, Larijanik gogorarazi du «gerra» ez dutela Irango estatu indarrek abiatu, eta ondorioak «AEBetako soldaduek eta haien familiek» jasango dituztela.

Erasoa Zipren

Europar Batasuneko herrialde batek ere jasan ditu Ekialde Hurbilean azken egunetan abiatu den gerraren ondorioak. Zipreko presidente Nikos Jristodoulidesek jakinarazi du dronee batekin eraso egin diotela bart Britania Handiak Akrotiri hirian daukan base militarrari. Adierazi duenez, «kalte arinak» besterik ez ditu jasan eraikinak, eta gaineratu du Ziprek ez duela inolako operazio militarretan parte hartzeko asmorik. «Irtenbidearen parte izango gara beti, eta ez arazoaren parte», adierazi du.

Erasoa gauzatu baino ordubete lehenago jakinarazi du Britania Handiko lehen ministro Keir Starmerrek baimena eman diela AEBei bere base militarrak erabiltzeko, Iranen egiten ari den erasoaldiarekin jarraitu dezan. Gaur gaurkoz, inork ez du erasoaldia aldarrikatu. Bestalde, Ursula Von der Leyen Europako Batzordeko presidenteak «zalantzarik gabeko babes irmoa» helarazi dio Zipreko gobernuari, X sare sozialaren bitartez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.