Itsasoaren tenperatura 2023an eta 2024an baino beroagoa da orain

Uste dute meteorologian, kliman eta itsas ekosistemetan eragina izango duela horrek. 2024an baino 0,04-0,1 gradu beroago dago itsasoa orain.

ITSASOA
Itsas bazterra Getxon, iazko abenduan. ARITZ LOIOLA / FOKU
inaut matauko rada
2026ko uztailaren 1a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

El Niño fenomeno beroa nabaritzen hasi da itsasoko batez besteko tenperaturan, urteko garai honetan inoiz ez baita itsasoa aurten bezain bero egon. Copernicusen Klima Larrialdirako Zerbitzuak eta Itsasoaren Behaketarako Zerbitzuak elkarrekin berretsi dute albistea: ekainaren 21ean, itsasoa —poloak kontuan hartu gabe— 20,83 eta 21 gradu artean zegoen batez beste, 2024ko ekainaren 21ean baino 0,04-0,1 gradu beroago.

2026 urtearen hasieran, uraren tenperatura freskoagoa izan da 2024aren eta 2025aren aldean —bi urte horien hasieran, uraren tenperatura oso beroa izan zen orduko El Niño fenomenoagatik—, baina, El Niño berria iritsi, eta asko eta azkar berotu da itsasoa, eta martxoan jada gainditua zuen 2025eko datua. Bada, orain, 2023ko eta 2024ko tenperaturak gainditu ditu.

El Niño fenomenoa Ozeano Barean izaten den gertaera periodiko bat da, ekuatorean, non itsasoko korronteak aldatu egiten diren eta gainazaleko ura ohi baino gehiago berotzen den. Ur masa oso handia denez, eragina du munduko kliman, baita itsasoaren eta lurrazalaren mundu osoko tenperaturan ere. 2023an eta 2024an El Niño fenomeno indartsua izan zen, eta, 2025a eta 2026a neutro hasi baziren ere, berriro sortzen ari da; are, aurtengoak aurrekoa gaindituko duela iragarri dute zientzialariek: «El Niño fenomenoaren hasiera ikusten ari gara, eta, C3S aurreikuspen modeloen arabera, ziurrenik hamarkadetan ikusi gabeko indarra izango du», azaldu du gaurkoan Copernicusek.

Nola eragingo dion klimari

Copernicus zerbitzuak esan du oraindik ikusteko dagoela berotze hori behin-behinekoa den edo datozen hilabeteetan etorriko denaren erakuslea den. Hala ere, berretsi dute ozeanoak hainbeste berotzearen ondorioz meteorologia joerak aldatu egiten direla mundu guztian, eta munduko tenperatura are gehiago igotzen dela.

«Ozeanoa berotzeak maila handiko ondorioak dakartza. Ozeanoen tenperatura handiak direla eta, atmosfera luzaroago egoten da bero, ekaitzei energia handiagoa ematen diete, eta lurruntzea areagotzen dute; horrek muturreko prezipitazioak eta uholdeak sortzen ditu», gogorarazi dute. Valentzian (Herrialde Katalanak) 2024an izan ziren uholdeak horregatik gertatu ziren, besteak beste.

Bestalde, ozeanoen berotzeak itsas maila igoarazten ere azaldu dute, eta izotz masen urtze horrek, gainera, kalte egiten die itsas ekosistemei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA