Itsasoratu da ‘Orion’, eta bukatu da Artemis II misioa

Ozeano Barera iritsi da, Kaliforniako kostaldera, 02:00 aldera. Lau tripulatzaileak ongi daude osasunez, eta hamar eguneko bidaiaren ondotik «etxera itzultzeko prest» daudela erran du ontziaren komandanteak.

'Orion' Ozeano Barean itsasoratu den momentua. HANDOUT / EFE
'Orion' Ozeano Barean itsasoratu den momentua. HANDOUT / EFE
Iratxe Muxika
2026ko apirilaren 11
12:28
Entzun 00:00:00 00:00:00

Duela 54 urte itzuli zen Apolo 17 Ilargitik Lurrera, eta 50 urte geroago arte ez zen iritsi Artemis, gizakia Ilargira eraman nahi duen programa. 2022ko abenduan atera zen espaziora Artemis I misioko Orion ontzia, tripulaziorik gabe, jaurtitzeko sistema eta ontzia probatzera. Lau urteren ondotik, duela bi aste atera zen berriz Orion, Artemis II misioan, eta lau lagunek hamar eguneko egonaldia egin dute Ilargiaren orbitan. Gaur bukatu da bidaia: Ozeano Barean itsasoratu da Orion, Kaliforniako kostaldean, Ameriketako Estatu Batuetan.

Apolo 17 hartatik Ilargiaren orbitara egin den lehen bidaia tripulatua izan da Artemis II, eta goizaldeko ordu txikietan itsasoratu da, 02:00 aldera. Espaziotik Lurrera sartzeko prozesuak hamahiru minutu inguru iraun du, eta 2.760 gradu zentigraduko tenperatura ere hartu du. 

Orduko 40.000 kilometroko abiaduran zeharkatu du atmosfera, eta sei bat minutuz ontziarekin konexioa galdu du NASAk, AEBetako Espazio Agentziak. Itsasoratu ondotik egin du agentziak lehen baieztapena: «Itsasoratze perfektua izan da». Tripulazioko lau kideak ongi daudela erran du gero.

Misioak 1.117.659 kilometro egin ditu orotara, eta espazioan urrunen iritsi den hegaldi tripulatua izan da. NASAren arabera, «balio zientifiko handiko irudiak» lortu dituzte, eta «kapitulu berri bat» hasi da «zeruko bizilagunen esplorazioan». Izan ere, Lurraren eta Ilargiaren arteko ibilbide osoa egin du Orion ontziak, eta satelitearen aurpegi ezkutua behatu du. Alegia, orain arte eskuratu gabeko argazkiak atera ditu.

Ontzia uretara erori aitzinetik. HANDOUT / EFE
Ontzia, uretara erori aitzinetik. HANDOUT / EFE

Honako hauek izan dira misioko protagonistak: Christina Koch misioko espezialista, Reid Wiseman komandantea, Victor Glover pilotua —hirurak estatubatuarrak— eta Jeremy Hansen CSA Kanadako Espazio Agentziako astronauta. Ilargiaren inguruan orbitatu duen lehen emakumea izan da Koch. Misioa Kennedy zentro espazialetik abiatu zen (Florida, AEB), eta bidaiaren laugarren egunean sartu ziren Ilargiaren eragin eremuan. Gaur dira NASAren egoitzara iristekoak, eta Wiseman komandanteak adierazi du «etxera itzultzeko prest» daudela laurak.

Jared Isaacman NASAren koordinatzaileak erran du lau tripulatzailek «oso profesionalak» izan direla, eta gaineratu du «oso garrantzitsua» dela Kanadarekin eta Europarekin elkarlanean aritzea; batera aritu dira Orion ontziaren moduluak eraikitzen.

Etxeratzeko lanak

Atzo arratsaldean hasi ziren tripulatzaileak ontzia prestatzen, lan zaila baitzuten aitzinetik: istripurik egon ez zedin, inklinazio angelu jakin bat zutela sartu behar zuten Lurrera, eta matematikoki kalkulatu behar zen dena. Lurrera sartu baino 35 minutu lehenago bereizi da Orion Europako Zerbitzu Modulutik, eta atmosferan sartu ondotik askatu du babes termikoa. Ontziak buelta eman du gero, babes termikoa zegoen gibeleko aldea aitzinetik joan zedin. Eta automatikoki egin dute itsasoratzea, astronautak bizkarra emanda zeudela. Ozeanoa ukitzeko sei kilometro falta zirenean atera dira lehen jausgailuak, eta ontzia balaztatzen hasi dira pixkanaka. Hiru jausgailu nagusiak geroxeago hedatu dira, eta orduko 30 kilometroko abiaduran zihoala ukitu du ura ontziak.

Ozeano Barean pausatu orduko, itsas armadako urpekariak hurbildu dira ontzira, eta mediku batzuk sartu dira barnera, tripulatzaileak nola zeuden behatzera. Ordena jakin batean atera dira azkenean, hurrenez hurren: Koch, Glover, Hansen eta Wiseman. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA