Nekeza da aurreikustea pantailetan zer mezuk lortuko duen zabaltzea eta zeinek ez. Alderdiak ere formula egokiren baten bila ibili dira, boto emaileak nola mobilizatuko, Espainiako Gorteetarako hauteskundeak etzi egingo dituzte eta. Presidentegaiak aurrez aurrekoen, elkarrizketen eta bestelakoen bidez saiatu dira botoak lortzen, bai, baina sare sozialetan ere badago herritarrak konbentzitzeko —edo kontrakoa lortzeko— aukerarik.
Jakin egin behar da horietan esandakoak kudeatzen, gero. Eta ziurtatu kontakizuna norberak kontatzen duela, kontatu nahi duen bezala, eta diskurtsoak ez dituela besteren batek kontrolatzen. Hori da, hain zuzen, alderdien kezketako bat, Mariola Tarrega Kataluniako Unibertsitate Irekiko Informazio eta Komunikazio Zientzien Ikasketetako irakasleak azaldu duenez: «Sareen malgutasunari eta jarioari jarraitzea ez da erraza, aintzat hartuta, nola ez, alderdien makineriek ondo hausnartutako eta behar bezala kalibratutako mezuak nahi dituztela».
Tarregak esan du gaur egungoa edukia ekoizteko aroa denez gero alderdiek ere dinamika horiei eutsi behar dietela, baldin eta informazio erauntsian nabarmendu nahi badute, eta zenbat eta presenteago egon, orduan eta aukera gehiago daukatela biral izateko: «Edukia sortu behar da, edukiak berak zabaltzen baitu zure izena».
Ekoizten da komunikabide tradizionaletan, eta ekoizten da sare sozialetarako ere; are, irakasleak xehatu du askotan «elkar elikatzen» dutela batean eta bestean kaleratutakoek. Kontua ez baita hedabide tradizionalen kontsumoa erabat desagertu dela, baizik eta kontsumitzeko modua bera aldatu dela.
«Jakin beharrekoa dugu mekanismo horiek nola funtzionatzen duten, ulertzearren ideia jakin batzuk zergatik diren biralagoak beste batzuk baino»
MARIOLA TARREGA Informazio eta Komunikazio Zientzien Ikasketetako irakaslea
Horren adibideetako bat da, esate baterako, Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak joan den astean Lecturas txutxu-mutxu aldizkariari emandako elkarrizketa bat. «Komunikazioan dabiltzanek badakite horrelako zerbaitek zer efektu sortuko duen sare sozialetan: zabaldu egingo dutela, eta aldizkariarekin zerikusirik ez duen publikoarengana helduko dela, bestelako intentzio batekin; berez horixe bera nahiko zuten», azaldu du Tarregak.
Ezin da ukatu joan den asteko aldizkariko elkarrizketak eztabaida sortu izana: Sanchez kritikatu egin dute pertsonalismoagatik, azalean itxuroso agertzen dela esan dute, emakumeen botoa eskuratzen saiatzea leporatu diote... Irakaslearen arabera, mezua dena delakoa izanda ere, «tonua, intentzioa eta garaian garaiko joerak» hartu behar dira kontuan asmatzeko; bada, Margarita Robles Defentsa ministroa sare sozialetan agertu da Sanchez defendatzen, jostagarri; bideo batean esan du presidentea «guapo» ageri dela, baina ez dituela emakumeak «konkistatzen» azalen bidez: «Eskubideak ematen dizkie».
Defendemos los derechos de las mujeres, la paz en el mundo y las lecturas del corazón 🐶❤️ https://t.co/h74mgAcsb1
— PSOE Madrid (@psoe_m) November 23, 2026
Tarregak erantsi du gobernu koalizioko alderdiak abstentzionisten atzetik dabiltzala hauteskunde hauetan, azken finean horiek mobilizatu nahi dituzte-eta agintaldia luzatu ahal izateko: «Bost axola zaie non dauden, garrantzitsuena egotea bera da, edonon dela ere. Estrategia hori hautatu dute hauteskunde hauetarako; ikusiko dugu nola aterako zaien. Teoriak dio printzipioz baietz, ondo ateratzen dela. Alegia, zenbat eta ikusgaitasun handiagoa izan...».
Betiere, asmatu egin behar izaten da mezuen tonuarekin, edukiarekin eta mezuak emateko garaiarekin, eta ez dago, ez, formula zehatzik. «Zergatik egiten da zerbait birala?», galdetu du Tarregak, eta zera ohartarazi du: «Hori berez arazo bat da demokraziarentzat, jakin beharrekoa dugu-eta mekanismo horiek nola funtzionatzen duten, ulertzearren ideia jakin batzuk zergatik diren biralagoak beste batzuk baino».
'Zentzu ona da'
Sare sozialetan, izena bada izana, eta hauteskunde batzuk baino lehenagoko egunetan eztabaiden erdigunean egotea probetxuzkoa izan daiteke. «Zutaz gaizki esaka badabiltza ere, sikiera zutaz ari dira», esan du irakasleak. «Eta eskuin muturraren kasuan, nola ez, garrantzitsua da hori, normalizazioa nahi baitu beste ezeren gainetik. Bazterretatik datoz, eta beren ideologia beste edozeinena bezala tratatzea nahi dute, politikoki zuzena ez baldin bada ere. Vox alderdiari dagokionez, uste dut hori bat datorrela haren leloarekin: Zentzu ona da. ‘Normala da, ez da ezer gertatzen gure alde bozkatzeagatik’, esan nahi dute».
Tarregaren arabera, eskuin muturrak bere diskurtsoak hedatzeko aukera topatu zuen sare sozialetan, eta, azkenerako, horrela lortu dute komunikabideetan gau eta egun agertzea: «Kanpaina egin dute urteetan, eta ondo baino hobeto ulertu dute sare sozialetako polarizazioaren logika, hau da, ikusi dute besteari erreferentzia egiteak, besteari eraso egiteak modua ematen diela beren ideologiarentzako ingurune apropos bat sortzeko».
«Eskuin muturrak ikusi du 'besteari' eraso egiteak modua ematen diola bere ideologiarentzako ingurune apropos bat sortzeko»
MARIOLA TARREGA Informazio eta Komunikazio Zientzien Ikasketetako irakaslea
Santiago Abascalek, Vox alderdi ultrako liderrak, mezu bat idatzi zuen joan den astean sare sozialetan: «A-39an, bozkatu Espainia defendatzeko». Deskuidua izan zitekeena mezu argi eta garbia da, nahastu egiten baititu hauteskundeak egingo dituzten eguna eta Espainiako gerra amaitu zen urtea.
Sánchez es el candidato de Bildu, de Rufián y de Marruecos. Vota para defender España el 39N VOTA SENTIDO COMÚN #GranCanaria https://t.co/4DIfrLFYwD
— Santiago Abascal 🇪🇸 (@Santi_ABASCAL) November 18, 2026
«Nik zer idazten dudan, eta zuk zer ulertzen duzun; hor dago jokoa», esan du irakasleak. «Abascalen mezu hori eskuin muturreko taldeen eskuliburuetan egon liteke, horrelako kodeak erabiltzen dituzte-eta sare sozialetan gaur egun geratzen diren moderazio mekanismo urriei izkin egiteko».