Peruko presidente hautatua noiz izendatuko duten, zain dago Keiko Fujimori. Hori adierazi zuen atzo arratsaldean. Izan ere, botoen %99,9 zenbatuta, eskuinaren hautagaiak 43.386 botoren aldea ateratzen dio Roberto Sanchez ezkerrekoari, eta boto kopuru hori baino gutxiago geratzen dira zenbatzeko. Beraz, laugarren saiakeran bai, laugarrenean Peruko presidente bilakatuko da Alberto Fujimori herrialdeko presidente ohiaren (1990-2000) alaba.
Ekainaren 7an egin zuten Peruko presidentetzarako hauteskundeen bigarren itzulia, eta berdinketa tekniko bat gertatu zen. Sanchez ordutik aritu da esaten iruzurra egon zela, nahiz eta frogarik ez duen erakutsi. Horren harira, Peruko Hauteskunde Batzordeak ebatzi zuen ezen atzo gauean ezkerreko hautagaiak emaitzak auzitan jartzeko aurkeztutako 23 helegitek ez zutela oinarririk —42 aurkeztu zituen guztira, eta uztail erdialdea baino lehen ebatzi behar dute horien inguruan—.
AEE Amerikako Estatuen Erakundearen arabera, ez da irregulartasunik egon botoen zenbaketan. Horren berri eman zuen atzo gauean, ohar batean. Sanchezen esanetan, baina, «prozesua oraindik ez da bukatu». Hori esan zien atzo kazetariei, eta azpimarratu hauteskunde batzordearen ebazpenei helegitea jarriko diela hauteskundeen instantzia gorerenean.Â
Ikusi gehiago
Bien bitartean, Fujimorik sinbolismoz beteriko agerraldi bat egin zuen Liman, kaxaz inguraturik. Jakinarazi zuenez, bozen egunean beren ordezkariek bildutako 82.500 akta inguru zeuden barruan. Azaldu zuen badakiela Sanchez nola senti daitekeen. Kontuan hartu behar da hiru aldiz galdu duela bigarren itzulian: 2011n, Ollanta Humalaren aurka; 2016an, Pedro Pablo Kuczynskiren kontra; eta, 2021ean, Pedro Castillok garaitu zuen. Hain zuzen, Castilloren ondorengotzat hartu izan dute Sanchez, eta, duela bost urte, orain Sanchezek egin bezala, Fujimorik iruzurra salatu zuen, nahiz eta ez zuen frogarik erakutsi. Azken hamar urteotan izendatuko duten hamargarren presidentea izango da Fujimori.
Latinoamerika ere, eskuinaren gotorleku
«Peru bitan zatituta dago, eta emaitza hauek ulergarriak dira», adierazi zuen Fujimorik. Botoen %0,10 geratzen direla zenbatzeko, %50,1 bildu ditu Fujimorik, eta %49,9 Sanchezek. Uztailaren 28rako dago iragarrita kargu hartzea.
Hortaz, Latinoamerikan ere sendotu da eskuina. Kolonbian ezkerra egon da agintean azken lau urteotan. Bozak egin berri dituzte, eta Ivan Cepeda ezkerraren presidentegaiak atzo onartu zuen Abelardo de la Espriella eskuin muturrekoak irabazi dituela. Peruk ez zuen gobernu aurrerakoi bat, eta aurrerantzean ere ez du edukiko. Kontuan hartu behar da, gainera, azken urtean presidentetzarako hauteskundeak irabazi dituela ultraeskuinak Txilen (Jose Antonio Kast), Ekuadorren (Daniel Noboa) eta Costa Rican (Laura Hernandez).